Zumaiako Udalaren oharra, positiboen gorakada dela-eta

2020/10/19

Familia eta lagunarteko bilkuretatik datoz positibo gehienak, eta datozen egunetan kasu gehiago egotea aurreikusten da. Zumaiako Udalak herritarrei dei egiten die arduraz jokatzeko, bizitza soziala zirkulu txikietara mugatzeko eta osasun neurriak zaintzeko.

Positibo kopuruaren gorakada nabarmena egon da azken astean, eta ardura bereziaz jokatzeko unea da. Ohar honen bidez, Udalak jakin ahal izan dituen datuen berri eman nahi die zumaiarrei.

Zumaiako Anbulategiko arduradunek emandako datuen arabera, ostiralean 100 PCR proba inguru egin zituzten; horietatik 20 pertsonak eman zuten positibo. Larunbatean proba gutxiago egin zirela-eta, igandeko emaitzetan beherakada bat egon da. Gaur ere 100 proba egin dituzte, eta datozen egunetan positiboen kopuruan beste gorakada bat egon daitekeela azaldu dute.

Positibo gehienak familia eta lagunarteko bilkuretatik datozela nabarmendu dute, eta momentu honetan Zumaian gaitzaren hainbat foku daudela. 100.000 biztanleko azken 14 eguneko tasa 712,47koa da asteburuko datuen ondoren, eta birsorkuntza tasa 3,3an dago momentu honetan. Horrenbestez, Zumaia gorriz margotutako herrien zerrendara pasa da.

Positiboen gorakadarekin eta joerarekin kezkatuta, Osasun Publikoarekin harremanetan jarri da Udala. Momentuz behintzat ez dute aparteko neurririk hartuko, eta egoera okertzen bada Osasun Sailetik Udalarekin harremanetan jarriko direla adierazi dute.

Guzti hori kontutan hartuta, Zumaiako Udalak herritarrei dei egin die arduraz jokatzeko, bizitza soziala ahalik eta zirkulu txikienetara mugatzeko, osasun neurri orokorrak errespetatzeko eta maskara ahal den guztietan jantzita edukitzeko.