Aurtengo udan ere betetze maila neurtuko da Zumaiako hondartzetan
Hondartza denboraldia ekainaren 15ean hasiko da, eta aurten ere zenbait arau eta gomendio egongo dira indarrean. Betetze maila kontsultatzeko NikHondartzak aplikazioa erabilgarri dago dagoeneko.
Hondartza denboraldia hastearekin batera, sorosleak lanean hasiko dira ekainaren 15ean. Gainera, aurten ere, pandemia egoerari lotutako neurriak bete beharko dira hondartzetan. Udalak konpromisoa eskatzen die herritarrei, hondartzetan ere arauak bete daitezen.
Gipuzkoako gainontzeko kostako herri gehienetan bezala, Zumaiako hondartzetan ere betetze maila neurtuko da aurten ere. Datuak kontsultatzeko NikHondartzak aplikazioa martxan dago dagoeneko, eta Amaiako plazan dagoen semaforoan laster kontsultatu ahal izango da Itzurun hondartzaren egoera.
Deskargatu NikHondartzak mugikorrerako aplikazioa
Aforoak kameren bidez kontrolatuko dira, eta hondartzetara sarrerak eta irteerak araututa egongo dira. Gainera, hiru gomendio arau nagusi betetzea eskatzen diete herritarrei:
-
Pertsonen arteko gutxieneko distantziari eustea (1,5 metro)
-
Maskara uneoro jantzita edukitzea; bainatu bitartean, edota pertsonen arteko distantzia mantentzen denean kendu ahal izango da
-
Hondartzan egonaldi laburrak egitea gomendatzen da, 2-3 ordukoak
Arau horiez gain, pandemia egoerari lotutako bestelako gomendioak betetzearen garrantzia azpimarratu du Udalak: sintomaren bat izanez gero etxean gelditzea, eskuak maiz garbitzea, eztula edo doministiku egitean ahoa estaltzea, eta hondartzako tresnak ez partekatzea, besteak beste.
Sarrera-irteerak araututa
Itzurun hondartzaren kasuan, hondartzainek gidatuko dituzte sarrera-irteerak. Iaz bezala, hondartzaren eskubiko aldapatik sartu beharko dira herritarrak; hondartzatik irteteko, berriz, ezker aldeko eskailerak erabili beharko dituzte. Kantinara joateko eskubi aldeko eskaileretatik jaitsi beharko dira.
Santiagoko hondartzan, berriz, aldapa erabiliko dute sartu eta irteteko. Portutxikiko eskailerak hondartzatik ateratzeko bakarrik erabiliko dira; kantinara bertatik igotzen direnak aldapa erabili beharko dute hondartzara itzuli nahi badute. Padura eta Zuloaga familiaren etxaldearen arteko bidexka itxita egongo da uda denboraldian, baita dunetatik igarotzeko bidexkak ere.
Bideak zehazten dituzten seinaleak jarrita daude dagoeneko.
Itzurun, itsasgoran itxita
Aurtengo udan ere ohikoa izango da Itzurun hondartza tarteka itxita egotea, marea goian dagoenetan edo marea biziak direnetan. Ordubete lehenago herritarrei pixkanaka hondartzatik ateratzeko eskatuko diete.
Tarte horretan herritarrek ezingo dute hondarretan egon; surfa edo bestelako jardueraren bat egin nahi dutenek horretarako aukera izango dute, betiere, hondartzan toalla edo bestelakorik uzten ez badute.
Zumaiako hondartzak, kerik gabeko guneak
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren «Tabako kerik gabeko Euskadi» estrategiaren baitan, Zumaiako hondartzak kerik gabeko guneak izango dira aurtengo udaran.
Honako hauek dira ekimenaren helburuak:
- Erretzaile ez diren pertsonak babestea, batez ere adingabeak.
- Zigarrokinak hondartzetan ohikoenak diren objektu kutsatzaileak izatea saihestea.
- Aisialdirako gune horiez gozatzea osasunarekin eta ongizatearekin bateragarri eginez.
- Ingurunearen erakargarritasun naturala handitzea.
Gaur egun ez dago debekatuta hondartzetan erretzea; horregatik, Kerik gabeko hondartzak izeneko esku-hartzearen helburua da herritarrak sentsibilizatzea tabakorik gabe bizitzeak ongizate pertsonalean eta ingurumenean duen eragin positiboari buruz. Ekintza nagusia hondartzan ez erretzeko gonbita egitea da.
Albiste erlazionatuak
Hondartzak
- Santiagoko dunetatik landare inbaditzaileak kentzeko auzolana egingo dute hilaren 29an 2024/10/23
- Bandera horia Santiago hondartzan 2024/07/05
- Santiago hondartzan EZ BAINATZEKO GOMENDIOA eman du Osasun Sailak, urak kalitate-irizpideak betetzen ez dituelako 2024/07/04
- Portutxiki kantina kudeatzeko lizitaziorako premiazko deialdi berria zabalik, ekainaren 28ra arte 2024/06/24
Covid19
- COVID ziurtagiria dela-eta, Zumaiako Udalaren oharrak 2021/12/16
- Kiroldegian eta kultur ekitaldietan ohiko funtzionamendua berrezarriko da ostiral honetan 2021/10/07
- Zabalik dago ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lehiakortasuna hobetzeko egitasmoak sustatzeko dirulaguntzen deialdia 2021/08/06