Zumaian bizi diren 75 urtetik gorako pertsonen gizarte beharrak ezagutzeko “Adineko pertsonen Behatokia” ekimena abiarazi du Udalak

2018/10/30

IKEI enpresaren gidaritzapean, iniziatibaren helburua da pertsona horien errealitatea zer nolakoa den ezagutzea: familia eta gizarte harremanak, egoera pertsonal zein ekonomikoa, osasuna, etxebizitzaren egoera eta baldintzak, aisialdia… Udalaren nahia da adinekoei Gizarte Zerbitzu sarearen inguruko zerbitzu eta prestazioen informazioa helaraztea eta aldi berean Gizarte Zerbitzuetatik eskaintzen diren zerbitzuak beraien behar eta eskaeretara egokitu ahal izatea.

Bizi itxaropena gero eta altuagoa den egungo gizartean, adineko pertsonen kopuruak nabarmen egin du gora. Hori kontuan izanik,  Zumaian bizi diren 75 urtetik gorako lagunen egungo egoera eta beharrak identifikatzeko “Adineko pertsonen Behatokia” ekimena abiarazi du Zumaiako Udalak.  

Aipatu iniziatibak Plan Estrategikoan jasotzen den helburu estrategiko bati erantzuten dio, herrian eskaintzen diren zerbitzuen kalitateari erreferentzia egiten dion helburuari, alegia. Horren baitan, egoera konplexuetan eta zailetan dauden pertsonen alde agertzea eta pertsona edadetuen beharrak ezagutu eta jasotako eskaerak betetzeko zerbitzuak garatzea dira herritarrekin elkarlanean garatu ziren proposamenak.

Eta hain zuzen aipatu bi proposamenei erantzuna emateko, “Adineko pertsonen Behatokia” ekimena sortu du udal gobernuak Gizarte Zerbitzu sailarekin elkarlanean, horretarako aurrez, 2018ko aurrekontuetan ekimen hori abiarazteko kontu saila jasoz.

Ekimenaren helburua da herrian bizi diren 75 urtetik gorako pertsonen errealitatea zein gizarte beharrak ezagutzea: familia eta gizarte harremanak, egoera pertsonal zein ekonomikoa, osasuna, etxebizitzaren egoera eta baldintzak, aisialdia…

Horretarako, IKEI enpresaren gidaritzapean, elkarrizketa pertsonalak egiten ari da Udala, banaka banaka, eta etxez etxe, azpimarra berezia jarriz gizarte zerbitzuen ezagutza ez duten edota azken bi urteotan Gizarte Zerbitzuekin inongo hartu eman edo kontakturik izan ez duten pertsonengan. Elkarrizketa horietan, besteak beste,  datu pertsonalak, elkarbizitzakoak, zaintza beharrak, etxebizitza barru zein kanpoko irisgarritasuna, edota etorkizunerako proposamen, nahi edota eskaeren inguruko informazioa jasoko da. 

Jasotako emaitzekin txostena osatuko da eta horri jarraiki, Udalaren nahia da gaur egun Gizarte Zerbitzuen sailak eskaintzen dituen zerbitzu eta prestazioen egokitasuna baloratzea eta aipatu zerbitzuak adinekoen egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuna emateko egokitzea, baita, bide batez, 75 urtetik gorakoei Gizarte Zerbitzu sarearen inguruko zerbitzu eta prestazioen informazioa helaraztea ere, guztiek jakin dezaten euren eskura dauden zerbitzuak zeintzuk diren.

Amaitzeko, diagnosia ahalik eta sakonena izan dadin, 75 urtetik gorako zumaiar oro animatzen du Udalak ikerketan parte hartzera. Interesdunek Zumaiko Gizarte Zerbitzuekin jarri beharko dute harremanetan, 943 86 22 00 telefonoan edota gizartelangilea@zumaia.eus helbide elektronikoan.