Zuntz optikoa jarriko da Joxe Mari Korta eta Oikiako poligonoan

2017/07/21

Euskaltel enpresa izango da zuntz optikoa hedatzearen arduradun eta dagoeneko hasia da horretarako lanetan. 2018ko urtarrilean zerbitzua martxan izatea aurreikusi du. Halaber, zuntz optikoa Zumaiako gainerako poligonoetara ere zabalduko dela azaldu du Udalak eta hedapen hori 2018ko maiatzerako amaituta izatea aurreikusi du.

Joxe Mari Korta eta Oikiako poligonoak sortu zirenean ur eta argi zerbitzuak jarri ziren bezalaxe, Zumaiako Udalak ezinbestekotzat jo zuen bertako enpresen lehiakortasuna bermatzeko internet zerbitzu egokia jartzea.

Horiek horrela, 2015ean aipatu poligonoetan zuntz optikoa hedatzeko eskaera egin zion Spri taldeari, Jaurlaritzako enpresa garapenerako agentziari, alegia. Bide horretan hainbat bilera egin ostean, proiektua aurrera eramateko diru-laguntzak martxan jarri zituen Eusko Jaurlaritzak eta horrenbestez, zuntz optikoaren hedapen lanei heldu zion, noski, Foru Aldundiarekin eta Udalarekin elkarlanean.

Gaur goizean herriko poligonoetako enpresekin Alondegian egindako bileran proiektuaren nondik-norakoak azaldu zaizkie guztiei. Bertan izan dira Mankomunitateko zuzendaria, Euskaltel, Spri eta Foru Aldundiko ordezkariak eta Zumaiako alkatea .

Bileran aipatutakoari jarraiki, Euskaltel enpresa izango da zuntz optikoa hedatzearen arduraduna eta ildo horretan zerbitzua noizko egongo den prest izan da enpresariei interes gehien piztu dien gaia. Euskalteleko arduradunek adierazi dutenaren arabera, 2018ko urtarrilean jada martxan izatea espero dute.

Halaber, Joxe Mari Korta eta Oikiaz haratago badira herrian poligono gehiago gaur egun oraindik zuntz optikoa jasotzen ez dutenak, hala nola GKN, Estazioko poligonoa eta Santiagokoa. Ildo horretan, 2018ko maiatzean zuntz optikoa bertan ere martxan izango dela jakinarazi da gaurko bileran. Proiektuak helburu du herriko poligono eta enpresa guztiak zuntz optikoak eskaintzen dituen abantailez baliatzea zerbitzuak aurrera eraman eta haien lehiakortasuna bermatzeko.