Dokumentala:'Urola ibaia'

Noiz
Non
Oxford aretoa

Urola ibaia dokumentalaren emanaldia egingo da urtarrilaren 2an, asteazkena, 19:00etan Alondegia Kultur Etxean. Egileek beren borondatez eginiko dokumental honen helburua da, Urola ibaiaren egoera ikusaraztea eta herritarrak ingurumenaren zaintzaren garrantziaz kontzientziatzea.

Dokumentalaren egilea Javier Arenas da, eta dokumentalaren hasierako aurkezpena Luis Juaristik egin du. Egileek dokumental hau egiteko erabakia hartu zuten Urola ibaiaren egoera ikusarazteko eta baita herritarrak ingurumenaren zaintzaren garrantziaz kontzientziatzeko. Dokumentala Unesco Etxeak Geoparkearekin elkarlanean antolatu duen 'Gure mundua eraldatzeko 17 helburu' erakusketaren baitan emango da. Erakusketa hau abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik Oxford aretoan.

Urte batean zehar filmatutako dokumentala da, 2017ko erdi aldetik 2018ko erdi aldera, nahiz eta lanean iragan mendeko hainbat irudi ere erabili diren. Guztiz Urola ibaiarengan oinarrituta egon arren, oso baliagarria izan daiteke Euskal Herriko gainontzeko ibaien egoera ulertzen errazteko. EITBko grabazio-teknikari ohi Jabier Arenasek sortu du, eta dokumentalean, Urola ibaiaren historiaren kontakizuna egiten da, euskaraz eta Loiola Irratian esatari jardun duen Karmelo Otaegiren ahotsetan.

Kontakizuna Urolak erakusten dituen ezaugarrietatik hasten da: ibaiaren sorlekua, duen luzera, zeharkatzen dituen parajeak, ibilbidean zehar jasotzen dituen ibaiadarrak, sorrarazi dituen leizeak… Lan mota ugariren sortzaile eta eragile izan dela ere erakusten du, baita ibaiak, iragan mendean industrializazioaren eta honek sortutako isurketen ondorioz jasan duen kutsadura. Segidan ibaiaren egungo egoera deskribatzen da, nola hondakinen ubideratzeari eta depuratzaileen eraikuntzari esker errekuperazio bideari ekin zaion. Flora eta, bereziki fauna gainbegiratzen dira. Horiei eskaintzen zaie dokumentalaren tarterik zabalena, bertan bizi diren animaliak eta beraien ohiturak begiratuz. Geroago, gizakion zabarkeriarengatik eta sentsibilitate ezarengatik ibaia jasaten ari den ondorioen azalpena egiten du dokumentalak eta amaiera, geure erantzukizunari, bizitzaren sorleku den ibaia garbi eusteko dugun betekizunari dei egiten dion Sebastian Lizasoren bertso batek ematen dio.