Erakusketa:'Borrados y desapariciones'

Noiz
Non
Oxford aretoa

More information about this event…

Txaro Arrazolaren erakusketa multimedia: marrazketa, pintura, argazkia, instalazioa eta bideoa. Erakusketak amatasun modu batzuk aztertu nahi ditu, tartean amatasun eza, edo alokatutako sabela edo “haurduntza subrogatua”deitutakoa; eta alderdi bitxi eta konplexu hau ere bai: emakume izanik kontzienteki erabakitzea ama ez izatea.

Oxford aretoa, apirilak 27- maiatzak 13

Irekiera apirilak 27, 19:00

Egunero 18:00-20:00 ordutegian.

Igande eta jaiegunetan 12:30-14:00 + 18:00-20:00

EZABATZEAK ETA DESAGERTZEAK erakusketa proiektua

Erakusketak amatasun modu batzuk aztertu nahi ditu, tartean amatasun eza, edo alokatutako sabela edo “haurduntza subrogatua”deitutakoa; eta alderdi bitxi eta konplexu hau ere bai: emakume izanik kontzienteki erabakitzea ama ez izatea. Azken hori da gehien hunkitzen nauena, horixe bizi izan dudalako. Emakume garen aldetik gure jomuga bakarra ama izatea bada, zer eta nor naiz ni seme-alabarik ez badut? Euskaraz emakumea (eman+umea: “haurrak ematen dituena”) hitzaren esanahiak kontu hori berresten du. Erabilitako bitartekoak hauek dira: marrazketa, pintura, argazkia, bideoa eta instalazioa.

Beraz, obra hauek amatasunaren inguruko gogoetak dira, besteak beste. Alokatutako sabelen edo haurduntza subrogatuaren gaiaren ingurukoak ere bai, negozio horren oinarrian baliabiderik gabeko emakumeen gorputzak ustiatzea dagoelako, bitartekari aritzen diren enpresak aberasteko, harremanetan jarrita bikote eskatzaileak eta premia larrian haurrak emateko prest dauden emakumeak, gorputzez eta buruz osasuna arriskuan jartzen dutenak diru nahikoa duten bikotearen edo “intentziozko guraso” deitutakoen nahia asebetetzeko: haien karga genetikoa betikotzea. Esanak esan, obra hauen atzean badaude motibazio eta tolesdura ikusezinak, nire psikearen hondo-hondotik jariatutakoak; horregatik, obren esanahia askoz zabalagoa da hitzez adieraz daitekeena baino.  

Feminismoak, atari kontzeptu den aldetik, diziplina artistikoaren eta haren diskurtso epistemologikoaren kontzeptua modu atzeraezinean eraldatzea dakar. Atari edo atalase kontzeptuala da, lengoaia artistikoen bilakaera beste era batera pentsatzera eramaten gaituena, artearen historiaren ikuskera eraldatu batera eta munduaren ikuskera berri batera ere bai. Erakusketa honek planteatzen duena da amatasunaren ikuskerari beste esangura bat ematea, eta xedetzat du naturaren aitzakiapean emakumeak alteritate posiziora zokoratzen duen nagusitasun sinbolikoa desaktibatzea.

_____Txaro Arrazola_______________________________________________________________________

Gasteiztarra naiz. Arte Ederretan lizentziatu nintzen EHUn (1983-1988). Ikusmen Arteen Masterra (MFA) egin nuen SUNY Purchase College AEBko unibertsitatean(1996-1998). EHUko Pintura Sailean irakasle nabil 1999tik. Nire obraren
zatirik handienak bi gai ditu oinarrian: munduko aberastasunaren banaketa desorekatua eta emakumeok munduan betetzen dugun lekua. Lanerako 3 ildo izaten ditut:

1. GIZARTE PAISAIAK. Beti kezkatu izan nau munduko aberastasuna zein era desorekatuan banatuta dagoen. Serie hau tamaina handiko margoek osatzen dute; kromatismo soilekoak dira eta planetako herri deprimituak irudikatzen dituzte. Beste gai batzuk ere hartzen ditu serieak; esaterako, gosea eta mundu mailako terrorismoa.

2. AUZI FEMINISTA. Ildo honen barruan daude etxeko lanekin zerikusia duten lanak, mendez mende emakumeek egin dituztenak; adibidez: jostea, garbitzea, irutea, jatorduak prestatzea, arropak zabaltzea, etab. Erlazio hori ezartzeko materialak edo tematika bera erabili ditut. Ildo hau askoz esperimentalagoa izan da niretzat, askoz askatasun handigoa izan dudalako bi dimentsioetatik harago lurralde berriak esploratzeko, eta aukera izan dudalako esperimentuak egiteko bideoarekin, eskulturarekin, instalazioarekin, etab. Zumaian ikus daitekeen erakusketan ildo nagusia hauxe da.

3.TALDE SORKUNTZA. Aurreko lan ildoarekin zerikusia du honek. Izan ere, lankidetza eta egile asko izatea modu bat da ideia eztabaidagarri hau aldatzeko: artista jeinua iruditeria kolektiboaren arabera gizonezkoa dela. Lankidetzan egindako artea da nire doktore tesiaren gaia. Horrekin lotuta, 2011n Plataforma A eratu nuen beste pertsona batzuekin, artista eta arloko beste emakume langile batzuek osatzen duten kolektiboa, helburutzat duena ordezkaritza sisteman justizia pixka bat txertatzea. Eremu publikoan ekintzak egiten ditugu artearen esparruan dagoen berdintasun ezaz kontzientzia pizteko eta arintzeko; horren adibide, euskal museotan erakusketak egiten dituzten artista emakumeen kopurua oso txikia da Arte Ederrak ikasten diren emakumeekin alderatuta: unibertsitatean ikasleen % 70 emakumeak dira eta % 30 besterik ez gizonak.