Erakusketa:'Naturari begiradak', Ainara Garcia

Noiz
Non
Oxford aretoa

“Naturari Begiradak” erakusketan naturarekin eta erretratuekin lotutako 50 argazki inguru daude erakusgai Oxford aretoan. Ainara Garcia egilea, geologoa eta argazkilaria, izatez hernaniarra da, baina Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan dabil lanean ingurumen hezitzaile bezala azken hamar urteotan. Zumaiarekiko lotura nabaria da Ainararen argazkietan, izan ere erakusketako argazki gehienak Zumaiako natur guneetan ateratakoak dira.

Oxford aretoan, apirilak 12 - maiatzak 1

Egunero zabalik, 18:00 - 20:00

Irekiera, apirilak 12 18:00

Argazkilaritza duela 20 urte ikasi zuen Ainarak Hernanin. Une horretan oraindik ez ziren argazki kamera digitalak erabiltzen, eta aitaren analogikoarekin ikasi zuen argazkiak ateratzen. Etxean ere argazkiak errebelatzeko laborategi bat prestatu zuen. Ondoren kamera digitalen iraultza iritsi zen eta argazkilaritza alde batera utzi zuen 2009ra arte. Ondoren, kamera digitala erosi eta erakusketan ikus daitezkeen argazki gehienak atera ditu 2012-2019 urteen artean.

“Naturari begiradak" erakusketan naturako argazkiak aurkitzen dira gehienbat; baina horrez gain Ainararen azken lan batzuk ere ikus daitezke: naturan egindako erretratuak. Duela 3 urte semearen etorrerak bere bizitzan eragin nabaria izan zuen, baita argazkilaritzaren ikuspuntutik ere. Ordutik begiratzeko modua aldatu da eta orain argazkilaritzako bi elementuak uztartzen ditu gehienbat: natura eta erretratuak. Haurrak naturarekin duten konexio magiko hori harrapatzea du gustukoen. Horrela, azken urteotan erretratuak egiten dabil gehienbat: haurrekin, familiekin, haurdunaldiekin…

Orain arte hainbat argazki erakusketa kolektibotan parte hartu badu ere, hauxe da bere bakarkako lehen erakusketa. Erakusketako argazkiei jarraipena emateko asmoz, urtaroen arabera sailkatu ditu Ainarak bere argazkiak, negutik hasita, udaberrian naturaren esnatzeari jarraituz eta udazkeneraino, ziklo osoa egin arte. Urtaroen bidaia honetan, koloreen degradazioak ikus daitezke; neguan kolore hotzeko argazkiak ikusten dira, udaberrian kolore biziak antzeman daitezke; ondoren udako kolore beroak nagusitzen dira eta udazkeneko kolore biziak antzeman daitezke erakusketaren amaieran.