Musika Jaialdia:'Meeting point', Ertza

ZUZENDARIA: Asier Zabaleta

KOREOGRAFIA: Asier Zabaleta, dantzarien laguntzaz

DANTZARIAK: Thiago Luiz Almeida, Caio Henrique de Souza

MUSIKA: Bosques de mi Mente

Iraupena: 15'

Bi gazte. Herrialde beretik datoz, baina elkarren artean urrun dauden bi hiritatik. Eta nolako lotura duten jabetzeko, 8.000 kilometroko “putzua” zeharkatu behar izan dute, urte batzuk pasatzen utzi, planetaren beste puntan topatu, elkar ezagutu. Eta konturatu dira nola askotan, bizitzako labirintoa osatzen duten bideak gurutzatu egiten diren, eta hortik aurrera, pertsona berriak bilakatzen garen. Nola baden toki bat, dantzarekiko pasioaren menpe bizi dena. Eta toki horretan, break dancea eta hip hopa bezalako lengoaiak kiribiltzen badira, eta ondoren dantza garaikidetik datorren beste norbaiten begiradarekin nahastu, zera berri bat sortzen da. Definiezina den zera berri bat, baina biak (…edo hobe esanda hirurak) definitzen dituena.

ERTZA

Ertza 2004. urtean sortu zen Asier Zabaleta (Ezkio, Gipuzkoa 1.972) dantzari eta koreografoaren zuzendaritzapean, artearen diziplina anitzak dantza garaikidearekin nahastu eta askotariko sorkuntzak sustatzeko helburuarekin.
Ertzak bere ikuskizunekin, gizaki eta gizartearen kontraesanen inguruan galderak plazaratu nahi ditu, eta ikusle berriak bilatu, espazio publikoetan nahiz aretoetan. Bide horretan, hainbat formakuntza eta sentsibilizazio proiektu ere jarri ditu martxan. Herrialde ugaritan erakutsi ditu Ertzak bere lanak: Txina, Filipinak, Brasil, Peru, Costa Rica, El Salvador, Mexico, Israel, Errusia, Lituania, Luxemburgo, Suitza eta beste asko.