“Balio handiko lekua da Flysch-a, eta ondarea izanik, zaindu eta babestu egin behar dugu”

2022/12/07

Asier Hilario, Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa

Geologia Zientzien Nazioarteko Elkarteak (IUGS) ondare geologikoko lehen 100 lekuak aurkeztu zituen urrian Zumaian egindako kongresuan. Ehun leku horien artean dago Zumaia eta Deba arteko Flysch-a.

- IUGSren 60. urteurrenaren harira, Zumaian egin da biltzarra, eta bertan aurkeztu dira IUGSren ondare geologikoaren lehen 100 lekuak. 130 zientzialari eta nazioarteko erakunde nagusietako ordezkari bildu ditu. Zer moduz joan da? Zein da balorazioa?

Ezin hobeto joan da guztia. Urtebete generaman proiektu zabal honetan lanean, munduko ia 400 adituk hartu dute parte eta, amaierako ekitaldia izan da Zumaian egindakoa, ondare geologikoaren lehen 100 lekuen iragarpen ofiziala. Gainera, aukera izan dugu ekitaldia Euskal Kostaldeko Geoparkean egiteko.  Zientziaren munduan, geokontserbazioaren arloan, ikusgarritasun handia edo handiena lortu da.

 

- Flysch-ak 100 leku horietan sartzeaz gain, Zumaian egin da biltzarra. Horrek badu bere garrantzia, ezta?

Hasieratik planteatu genuen ekitaldi garrantzitsu hau Zumaian egitea, harrera oso ona izan zuen denen aldetik, eta horrela hasi ginen lanean. Zergatik Zumaian? Zumaia 100 leku horietako bat da, eta zientzia eta geologia munduan bere izen propioa du, Geoparkea existitu aurretik. Gainera, lokalizazio aldetik, tamaina aldetik eta nazioarteko ikuspegitik hartuta, abantaila asko zituela ikusi genuen, eta guretzako, eta Geoparkearentzat, oso aukera polita iruditu zitzaigun.

 

- Izendatu dira IUGSren ondare geologikoaren lehen 100 lekuak. Baina, zer da ondare geologikoa? Zer behar du leku batek izendapen hori jasotzeko?

Ondare geologikoak, hitzak berak esaten duen bezala, geologiak sortu duen elementu bat da, hau da, Lurraren prozesuak sortuta eta natura geologikoa duena eta gizarteak balio bat ematen diona. Hori da ondarea, eta ondare hori geologikoa, kulturala, historikoa, edota arkitektonikoa izan daiteke. Gizarteak balioa eman diezaioke elementu bati arrazoi desberdinengatik, izan daiteke duen interes zientifikoagatik, baina izan daiteke ere duen hezkuntza interesagatik, edo turismoa jorratzeko duen ahalmenagatik. Kasu honetan, eta kontuan hartuta nork ematen duen aitortza, hau da, IUGS, interes zientifikoa bakarrik hartzen da aintzakotzat. Horretarako egin genuen lehenbiziko gauza 23 pertsonako lantaldea osatzea izan zen duela urtebete, eta bertan zehaztu ziren zer den IUGSko ondare geologikoaren definizioa eta zer betebehar zituen horrela izendatzeko. Hala, definizioak esaten duena zera da; leku horiek, non elementu geologikoak dauden eta nazioarteko interesa dutenak, erreferentziazkoak izan behar dute, eta geologia zientziaren eraikuntzan ekarpen nagusiak egin dituzten lekuak dira. Gure zientzia osatzeko ezinbesteko lekuak dira lehen zerrenda horretan sartu ditugun lokalizazioak.

 

- Flysch-a zerrenda horretan sartu da, baina, herritarrek eta bisitariek Zumaiako kostaldeak duen garrantziaz eta esanahiaz jabetzen direla uste al duzu?

Flysch-a aspalditik da ezaguna mundu mailan, duela 100 urte inguruko argitalpenak badira. Zientzia mailan beti izan da erreferentzia. Nire ustez, azken urteetan egin den lanaren ondorioz, ia 20 urte badira lanean hasi ginela elementu geologiko honek duen balioa ezagutzera emateko, gero eta pertsona gehiago, bai herritarrak bai bisitariak, dira jakitun leku honek duen interesaz. Azkenean, balio handiko lekua da Flysch-a, eta ondarea izanik, zaindu eta babestu egin behar dugu. Zorionez, eta egindako lanari esker, gero eta zabalduago dago mezua eta kontzientzia.

 

- Flyscha ikusteko modurik egokiena zein dela esango zenuke. Asteburu pasa edo oporretara etortzen diren bisitarientzat proposamenik?

Oso atsegina da Zumaia eta Deba arteko ibilbidea. Ibilbide horretan behatoki desberdinak aurkituko dituzte, ondo eraikitakoak eta informazioa eskaintzen duten panel informatiboekin. Azkenean, Lurraren gabe, Geoparketik eskaintzen ditugun irteerak dira aukera onenak, txalupan izan daiteke adibidez. Flysch-a eta kostaldea oso ikusgarria da, edozeini ematen dio atentzioa, baina guk erakutsi nahi duguna hortik haratago doa, atzean duen mezua nahi dugu azaldu. Dagoen informazio guztia helarazi nahi dugu, eta bisitari horiek etxera itzultzean, oso leku interesgarria ezagutu dutela pentsatzea nahi dugu, eta ez geratzea bakarrik oso leku polita denarekin. Hori guztia kontuan hartuta, Geoparkearen bisita eskaintza da egokiena, horretarako, webgunean (www.geoparkea.eus) sartu eta bakoitzari ondoen etortzen zaion bisitan izena ematea besterik ez da egin behar.