Bada festa Zumaian!

2025/04/18

Herri bat ezagutzeko modurik onena beste ohituren bidez da. Eta zer hobe Zumaiako festak baino, herria ezagutzeko? Nortasuna, folklorea, euskara, gastronomia… ezaugarri guzti horiez osatuta daude urtean zehar Zumaiak ospatzen dituen festak.

Herri festazalea gara, ez dugu ukatuko… Ospatzen ditugun jai ugarien hitzorduak ikusi besterik ez dago hori baieztatzeko. Egutegiko jai nagusiak santelmoak eta sanpedroak dira, baina ez dira bakarrak. Ez horixe! Gure txoko eta bazterretako jaiek ere festa eta jai giro paregabea eskaintzen dute, festa nagusien ondoan zer ospatua badela erakutsiz. Oikia, Artadi, Narrondo...  auzo txiki horietan ere izaten da zer ospatua eta zer ikusia. Denak ezagutu nahi?

Lasai, ez ditugu denak banan-banan azalduko, jakitun baikara zure denbora preziatua dela. Baina, Zumaian garrantzitsuenak eta berezienak direnak azalduko dizkizugu, merezi dutelakoan gaude eta.

Zumaiarren bihotzean eta gogoan festa bat agertzen da nagusiki: santelmoak. Marinelen patroiak jantzi urdinez eta kresal usainez janzten ditu herritarrak eta kaleak. Urtearen egutegian data zehatzik ez badu ere, zumaiarrek hutsik ez dute egiten festa hauetan. Urtero, Pazko Asteko asteburuan hasten dira; asteburu batekin nahikoa ez, eta festak errepikatzen ditugu hurrengoan... Galdu ezin diren hainbat ekitaldi daude bi aste horietan, hala nola Kofradiako erromeriak, danborradak, estropadak, olarru zopa lehiaketa eta Itzurun hondartzako zaldi lasterketak.

Ekainean, berriz, sanpedroak ospatzen ditugu, herriko festa nagusiak. Uda hasierako jai hauek beti izan duten handitasunari eutsi diote, eta ekainaren 29an dute beren egun handia. Honako hauek dira jai hauetako ekitaldi nagusiak: erraldoi eta buruhandiak, dultzaineroen kalejira, Musika Bandaren ekitaldia, herri kirolak eta su artifizialak. Hamaika ekitaldi, uda hasierako eguraldi bikainaz gozatzeko. A zer plana!

Hurrengo hilabetean, uztailean, Narrondo auzoaren txanda da. Gidarien zaindaria den San Kristobali eskainitako jaiak ospatzen dituzte hilaren erdialdean, eta auzoko nahiz inguruko herritako biztanleak bertan biltzen dira.

Abuztuan han-hemenka ditugu festak. Udako jaiak hilabete osoan zehar ospatzen ditugu, eta Gala Gaua, Euskal Jai Eguna, Kuadrilla eguna, estropadak… dira ekitaldirik nabarmenenak. Abuztuaren 24an, San Bartolome eguna, Oikian egin ohi dugu hitzordua. Auzo berezi honek xarmadun festak antolatzen ditu: baserritar giroko erromeria jatorrak dira jai horien ezaugarri nagusia eta, gainera, bi urtetik behin antzinako oilasko bilketaren festa egiten dute. Ez ezazu galdu!

Irailean, berriz, Olarro Eguna eta Artadiko San Migel jaiak dira protagonista nagusiak. Zumaiako harraldeak ematen duen olagarro paregabeak bere festa izaten du hirugarren larunbatean. Festaz eta ekitaldiz betetako eguna izaten da Olarro Eguna, eta estropadak, herri bazkaria, musika, jolasak, lehiaketak, eta nola ez, jatekoa antolatzen dira. 750 kilo pasa olagarro erabiltzen dira egun berezian prestatzen diren pintxoetarako eta bazkarirako.

Artadin, aldiz, San Migel eguna ospatzen da irailaren 29an. Bertako pilota partidak, bertso saioak, herri kirolak eta oro har sortzen den giro goxoa ahaztezinak izango zaizkizu.

Festa horiek guztiek, eta zerrendatu gabe utzi ditugunek, badute zerbait amankomunean: musika. Zumaia herri musikaria da, izan ere, herrian ez dago ekitaldirik edo festarik musika doinuek girotu gabe. Kantatzen ez zuenak zorionik ez du.. dio euskal kanta ezagun batek. Eta esaldi horri kasu eginez gero, Zumaiak badu zoriona.