Beobideren trazuei segika
Zumaiak eman du artistarik mendez mende, eta horietako bat izan zen Julio Beobide (Zumaia, 1981).
Artearekin lotura estua zuen familia batean jaio zen lau anaietan gazteena –anaia zaharretako bat zen Jose Maria Beobide konpositorea eta organista–, eta eskulturaren arloan egin zuen bidea. Hain zuzen ere, artistak erlijioari lotutako eskultura errealistak egin zituen.
Artearen munduan murgiltzen hasi zen gaztetan, marrazketaren trazuei segika, eta eskulturarekin lehen kontaktua Barakaldon (Bizkaia) izan zuen, 13 urterekin, salestarren eskolan ikasten ari zela. Tailugintzan hasi zen, zehazki han, Asorey artistaren laguntzarekin.
Zumaiara itzuli zenean, Ignacio Zuloaga artista ezagunaren lagun egin zen Beobide, eta diotenez, artearen inguruko tertulia hainbat izan ohi zituzten, nahiz eta ez zuten pentsaera bera. Maiz elkartu ohi ziren; Beobideren familiakoek diotenez, artistak batelean gurutzatzen zuen ibaia Zuloagarengana bisitan joateko.
Beobidek Kresala etxea eraiki zuen Paolaren azpian –sasoi batean Talaipe jatetxea izan zen eraikinaren alboan–, gaur egun Julio Beobide izena duen paseoan, eta hain zuzen, etxe hura bilakatu zuen bere lantoki, baita sormenari bide eman zion leku ere. Izan ere, etxe hartan egin zituen hainbat obra, ibaiaren ondoan eta itsasotik gertu.
Gaur egun Beobideren museoa dago kokatuta Kresala etxean. Han ikusgai daude artista zumaiarraren hainbat lan, baita haren sormen prozesuak irudikatzea ahalbidetzen duten zenbait zirriborro ere.
Beobideren lana bisitatu eta ezagutu nahi baduzu, aurrez hitzordua eskatuta egin dezakezu, 659 26 87 98 telefono zenbakira deituz. Izan ere, bisitatu gabe utzi ezin dezakezun museoa da Beobiderena. Kresala etxean kokatutako museoa bisitatzea ez da soilik artista baten lana ikustea; euskal artearen zati bat bertatik bertara bizitzea da. Bildumaren gertutasunak eta espazioaren izaera intimoak aukera ematen dute piezak lasaitasunez behatzeko eta sortzailearen unibertsoan murgiltzeko. Gainera, Zumaiako giro bereziak —itsasoa, ondarea eta kultura uztartzen dituenak— esperientzia osatu eta aberasgarria eskaintzen du. Arteaz eta tokiko historiaren xarmagatik interesa duen ororentzat, ezinbesteko geldialdia da.
turismoa@zumaia.eus
Bulegoa





