Geoparkea, kostaldearen eta barrualdearen oreka perfektua
Ba al zenekien Geoparkearen beste txoko ezezagun batzuk deskubritzen lagunduko dizun 54 kilometroko ibilbide bat dagoela? Eta hiru etapetan banatzen den ibilbidea oinez egin dezakezula?
Unescoren Munduko Geoparkea ingurune paregabea da, eta eskaintzen duen guztia bisitatzeko modukoa dela esatea, motz geratzea da. Izan ere, mendien, bailaren, itsaslabarren eta herrien artean hedatzen diren bidezidorretatik igaroko zara ibilbidea zeharkatzen duten hiru etapak osatuz gero. Ibilbide zirkular horretan zehar, flysch ospetsua ikusteaz gain, ezkutuko altxorrak diren beste gune magiko batzuk ezagutzeko aukera izango duzu.
Ezagunak dira, adibidez Mutrikun, Gipuzkoan ondoen kontserbatzen den hirigune historikoetako bat, galtzada-harrizko kale estuak, XV, XVI eta XVII. mendeetako dorre eta jauregiak, Gipuzkoako antzinakoenetakoa den portu zaharra edota Nautilus Mutrikuko Ikasgune Geologikoa.
Deban, berriz, euskal gotikoaren altxorra den Santa Maria parrokia-eliza, hondartza eta flysch beltz ezaguna nabarmentzen dira. Era berean, HAB-Historiaurreko Bailara aire libreko museo ikusgarriaz goza dezakezu. Ibilbide interpretatu horrek, Debako hondartzatik haraneko kobazuloetara eramango zaitu, bost eremu eta bost paisaia ezberdinetan zehar.
Zumaiako kostako paisaia ikusgarria gutxi ez balitz, Algorri Naturaren Zentrora joanda, ondare geologiko eta natural guztia sakon ezagutzeko aukera izango duzu oso modu didaktiko eta arinean. Gainera, aukera zabala aurkituko duzu gastronomian eta aisialdirako ekintzetan.
Hala ere, Geoparkeko Birak eskaintzen duen ikuspuntu bereziena, barrualdearena da: Olatz eta Lastur bailarak zain dituzu. Izan ere, Euskal Kostaldeko Geoparkea, kostaldearen eta barrualdearen oreka perfektua da. Hala, Geoparkeko Bira egitean, Olatz ezkutuko ibarra ere zeharkatuko duzu. Haran itxi bat da Olatzekoa eta kostaldetik bertaratzen direnentzat, erabateko sorpresa. Jatorri karstikoko sakonune handi bat da, zirkulu formakoa, harrizko piramidez inguratua. Hemen, badirudi eten egiten dela denbora. Berde bizi-biziak dira larreak, baserri tradizional ikusgarriak ageri dira han-hemenka, eta paisaia, azken batean, gure baserri-munduaren postal bat da.
Bestetik, Lasturreko haran ezkutua ere ezagutu dezakezu; Geoparkaren barrualdean dagoen sakan luzanga eta sakon bat. Haran itxi bat da, eta bertako urak desagertu egiten dira lurpean, dolina deritzen inbutu moduko formazio handietan zehar. Bertan aurkituko duzu Geoparkeko gailurrik garaiena, haranaren ikuspegi ikusgarriak izango dituzu.
Ezagutu Unescoren Munduko Geoparkea inoiz ahaztuko ez dituzun inguruneetatik oinez ibiliz. Bidezidorretatik ez bazara galdu nahi, ibilbideko mapa eta track-ak jaitsi ditzakezu, eta QR kodeek trazatutako ibilbidea jarraitu, bidean zehar jarritako seinaleztapen bertikalaren plaketan aurkituko duzuna. Gainera, etapa guztien hasiera-bukaeratan garraio publikoa duzu, baita zerbitzu azpiegitura ugaria ere.