Itsasoaren bi aurpegiak Zumaian: Itzurun eta Santiago
Zumaia itsasoari eta naturari estuki lotutako herria da, eta hori ederki islatzen dute bertako bi hondartzek: Itzurun eta Santiago. Biak oso ezberdinak dira elkarren artean, baina horixe da, hain zuzen ere, euren xarma handienetakoa. Udan bainurako leku apartak izateaz gain, urte osoan zehar paseoan ibiltzeko eta paisaiaz gozatzeko toki ezin hobeak dira.
Itzurun hondartza da, ziurrenik, Zumaia nazioartean ezagutarazi duen txokoa. Bere labar ikusgarriek eta itsasbeheran bistan geratzen den harraldeak milaka urteko historiaren arrastoak erakusten dituzte, munduan parekorik ez duen paisaia geologikoa osatuz. Itsasbeheran, haitzen geruzek sortzen duten mosaiko naturala agerian geratzen da, eta bisitari askok aukera aprobetxatzen dute Euskal Kostaldeko Geoparkearen altxor hau gertutik ezagutzeko. Gainera, surflarientzat ere erreferentziazko lekua da, olatu erakargarriak baititu urte osoan. Horrek guztiak eta gehiagok osatzen dute Itzurun hondartza, Paisaia babestua (lehen biotopo babestua) eta munduko azaleramendu geologiko garrantzitsuenetakoa.
Bestalde, Santiago hondartzak giro lasaiagoa eta familiarra eskaintzen du. Urola ibaiaren bokalean kokatuta dagoenez, hareatza zabala eta ur bareagoak ditu, haur txikiekin edo atseden bila dabiltzanek bereziki estimatzen dituztenak. Naturarekin lotura estua duen espazioa da, paduraren eta ibaiaren inguruneak biodibertsitate handia gordetzen baitu. Atzealdean landaredia bitxiz osatutako duna sistema babestua ezagutu ahal izango duzu, panelen bidez interpretatutako ibilbideari esker. Hondartzaren ondoan paseatzeko bide atseginak ere badaude, oinez edo bizikletaz ingurua ezagutzeko aproposak. Lasaia eta familiarra izanagatik, zaindu beharreko babesgunea ere bada Santiago hondartza eta bere ingurua.
Bi hondartza hauen beste berezitasunetako biak lotzen dituen txalupa zerbitzua da. Udako sasoian martxan egoten den zerbitzuak herrigunea eta Santiago hondartza modu eroso eta azkarrean lotzen ditu. Minutu gutxitan ibaiaren alde batetik bestera igarotzeko aukera ematen du, eta, aldi berean, Urolaren bokalea beste ikuspegi batetik ezagutzeko esperientzia atsegina eskaintzen du. Umeentzat zein helduentzat, bidaia labur baina berezia izaten da.
Hala ere, Santiagora joateko aukera ez da soilik ibaipasara mugatzen. Oinez ere ibilaldi ederra egin daiteke herritik abiatu eta ibaiaren inguruko paisaiaz gozatzen den bitartean. Paseoak aukera ematen du Zumaia beste erritmo batean ezagutzeko: itsasoaren usaina, hegaztien soinua eta naturaren lasaitasuna bidelagun hartuta.
Azken finean, Itzurun eta Santiago ez dira bi hondartza soil; Zumaia ulertzeko bi modu dira. Bata ikusgarria eta basatia, bestea lasaia eta familiarra. Eta bien artean, paseo batek eta txalupak lotzen duten esperientzia berezi bat.
turismoa@zumaia.eus
Bulegoa





