Lurra eta itsasoa, Zumaiako plateretan

2022/06/16

Zumaiara iritsitakoan, nekez egin dezakezu ihes gastronomiatik. Izan ere, Zumaiako sukaldaritza herriak eskaintzen dituen produktu hoberenen erakusgarri bikaina da. Erabilitako lehengaiaren kalitateagatik — batez ere arraina eta itsaskia, baina baita haragi onak eta baratzeko produktu bikainak ere —, bertako sukaldariek produktu horiek kozinatzeko duten esku onagatik, eta errezeta eta plater harrigarrien aukera zabalagatik, gero eta errekonozimendu handiagoa dugu.

Itsaskiak eskaintzen dituzten jatetxeak, soilik pintxoak dituzten tabernak, edota parrilla oinarri duten betiko erretegiak. Berdin du zein den zure aukera, oroitzapen ezabaezina utziko dizu ahosabaian.

Zumaia mendilerroz inguratuta dago, lur emankorrekin, haragi eta esne bikaina ematen duen ganaduarekin eta baratzeko produktu onekin. Bestetik, Kantauri itsasoak bustitzen du kosta, itsaski eta arrain zaporetsuen bizitokia bihurtuz. Eta hor dago, arraina lurrak eskaintzen duenarekin nahastean, hain zuzen ere, Zumaiaren zaporea. Itsasoaren kresala eta gatza, lurreko zaporearekin batzen denean.

Itsasoko produktuen artean errege-erregina zein den garbi dago: olagarroa. Zumaiako herriak gosetea bizi izan zuen garaian, irtenbidea harraldean (gaur egun Biotopo babestua den marearteko zabalgunean) arrantzatutako itsaskiak izan ziren. Hortik dator Zumaiaren eta olagarroaren arteko lotura estua.

Behar batetik hasi bazen ere, gaur egun, Zumaiako jaki kutuna da, eta egun berezi bat ere eskaintzen diogu. Jakia prestatzeko hamaika errezeta daude, baina, olagarro zopa da bertakoena. Utzi tentakuluek harrapa zaitzaten!

Gastronomia pribilegiatua dugu, hein handi batean, inguru natural baliotsu bati esker. Zumaiako lurrek produktu ugari ematen dute, denak onak. Gastronomia aberatsa eta askotarikoa eta bertako produktu freskoak herriko edozein merkatu eta supermerkatutan aurki ditzakezu. Izan ere, Zumaiak lurraldeko produktu gastronomikoen aniztasuna eskaintzen du, kalitate-berme guztiekin. Produktu guzti horien artetik, bat nabarmentzekotan, tomatea esan beharko genuke. Bertako eta inguruko lurrek izango dute zerbait berezia, horren entsalada autoktonoak eta gozoak prestatzeko...

Jakin badakigu dena probatzea eta dastatzea zaila izango zaizula, baina, saiatu zaitez denbora hartzen eta pintxo batez, bazkariaz edo afariaz gozatzen. Beti ere, bertako edari bikainez lagunduta. Zumaiaren zaporea betirako izango duzu!