Munduari bira, dantza bidez
Bizi handiko herria da Zumaia. Herriko merkataritzaren eskaintza zabala, ostalaritzaren erakargarritasuna, eta zumaiarren alaitasuna eta ekintzailetza batuz gero, Zumaia herri aktiboa dugu. Pasiera egitera, zerbait hartzera edota familiarekin egotera irteten bazara, zerbait izango duzu egiteko eta gozatzeko.
Maiatzean zehar dantza bidez bidaiatzeko aukera duzu: Polinesia, Andaluzia, Euskal Herria, hiriburu handiak... munduari bira emango diogu, dantza bidez. Izan ere, Astindu dantza elkarteak hilabete osorako egitaraua antolatu du Zumaia Dantzan ekimenean, eta dantza desberdinak ikusteko aukera eskainiko dute.
Koronabirusak hankaz gora jarri du egunerokotasuna. Turismoarentzat une zailak dira, inoiz baino muga gehiago ditugulako bidaiatzeko. Osasuna da lehentasuna, ordea, eta neurriak zorrotz bete behar ditugu. Arauak errespetatzea, eta elkar zaintzea egokitzen zaigu. Une hobeak iritsiko dira, espero baino lehen, gainera.
Ezin dugunean zerbait egin, horrekin amesten dugu. Etengabe gertatzen da, eta arlo desberdinetan. Are gehiago, bidaiatzearekin. Zenbat alditan esan duzu hurrengo bidaia hara egingo dut? Zenbat egunpasa edo bidaia antolatu dituzu lagunekin edo familiarekin? Helmuga ugari esango zenituen, eta Granada, Paris edo Polinesia zure aukeren barruan aurkituko dira ziurrenik. Leku horiek maiatzean ezagutzeko aukera izango da Zumaian! Herritik irten gabe gainera.