Oinak lehorrean, burua uretan

2023/06/23

Zumaia mendiaren berdez eta itsasoaren urdinaz inguratuta dago. Behin Zumaian, Kantauri itsasoaren eta Urola ibaiaren edertasunaz eta natur ondareaz maiteminduko zara. Oinak lehorrean, baina burua uretan izango duzu.

Ilara hauetan zaila izango litzaiguke Flyscharen balio eta garrantzia guztia agertzea. Gure herria bisitatzera etortzen bazara, kosta aberatsa ezagutuko duzu, baina jakin ezazu, altxor horrez gain, beste aukera ugari eskaintzen dituela Zumaiak. Esate baterako, Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgune ikusgarria -Biotopo Babestua izendatua- eta Urola itsasadarreko Batasuneko Garrantzizko Lekua.

 

Izan ere, zerbait erakusteko badugu Zumaian, natur ondarea da. Eta horretarako, Algorri izeneko naturaren interpretazio zentroa eskaintzen dizu, eta beste hamaika aukera, besteak beste, “Kirola eta natura familia giroan” eta “Santiago hondartza eta Urolako itsasadarra” planak, naturaz, uraz eta familiaz gozatzeko aukera bikainak dira biak, eta Santiago hondartza eta Urolako itsasadarra gertutik ezagutu ahal izango dituzu gainera.

 

Marearteko zabalgunea bisita gidatua ere ondare naturala ezagutzeko beste aukera da. Marea baxuarekin bakarrik egin daitekeen bisita honetan, Flysch-ak osatutako itsaslabarren oinean azaleratzen eta bizi diren espezie barietate handia ezagutuko duzu.

 

Zerbait desberdina nahi baduzu, ordea, Bedua deskubritzea duzu onena. Paisaia bukolikora iristean, landare eta animalia komunitate bitxiak dituen ekosistema berezi batera iritsiko zara, naturak eztanda egin baitu bertan. Denboran atzerako bidaia egin duzula sentituko duzu. Izan ere, garai batean Zumaiako familia eta gazte askoren plana Beduara txangoa egitea izaten zen igande arratsaldeetan: arraunean eginez ibaian gora joan, eta Beduako gunean merienda egin eta arratsaldea igarotzen zuten, antzinako ontziolaren arrastoak lekuko zituztela, eta oraindik zutik jarraitzen dutenak.

 

Txoko paregabe hori ezagutzeko eta arbasoen plana bizitzeko modurik onena, eta, aldi berean, bereziena, uretatik da. Txalupa, taula, kayak... ugariak dira aukera. Gainera, natur ondare hura ezagutzeko hainbat jarduera proposatzen dituzte bertako enpresek ibaian eta inguruetan.

 

Gogoratu, ordea, natura ondarea dela, eta Zumaian oso serio hartzen dugu hori. Errespeta eta zaindu ezazu, zure ondorengoek gure arbasoen esperientziak bizi ditzaten.

 

Ez izan presarik, eta gozatu Zumaiako ondareaz eta paisaiaz!