Olagarroa eta Zumaia, elkar lagunduz
Aspaldi, Zumaia gosete garaia igarotzen ari zenean, herriko etxe gehienetako otorduetan olagarroa zen aukeretako bat
Izan ere, Kantauriko marearteko zabalgunerik handiena dugu, eta bertan harrapatzen ziren olagarroak, “hamarrak” edo karramarroak, “ostarrenak” edo itsastrikuak, lapak, “maulioak” edo karrakelak, etab. Luxuzko habitat bat da Zumaia olagarroarentzat eta zumaiarrentzako preziatuak diren beste animalia batzuentzat, eta hala, harreman estua sortu da bien artean.
Harreman berezi horren hainbat eredu dugu. Adibidez, beste inon ezagutzen ez den plater berdingabea prestatzen dugu Zumaian olagarroarekin: olarro-zopa. Horretarako, olagarroa ondo lehortu behar da. Lehortzea da arrainak eta zefalopodoak iraunarazteko sistemarik zaharrenetako bat. Animalia horien ehun eta zeluletatik ura kenduta ez dira usteltzen, eta aldi jakin batean jateko aukera ematen du.
Gaur egun, ez da oso ohikoa zopa hori jatea, nahiz eta herriko taberna eta jatetxe gutxi batzuek eskaintzen duten. Baina, urtean bitan jateko aukera izaten da Zumaian; bata, San Telmo festen baitan, eta bestea, Olarro Egunean. Olarro Eguna 2004. urtean sortu zen, eta ordutik, iraileko egutegiko data zehatza du festak; hileko hirugarren larunbata. Iaztik, ordea, ez da olarro-zoparik dastatzeko aukerarik eskaini festan, “gure kostan nahikoa olagarroa ez dagoelako”.
Horrela, azken hilabeteetan jasangarritasunari lotutako zalantza bat sortu da herrian: jasangarria da olagarroa sustatzea gure kostan desagertzen ari denean? Gonzalo Torre Geoparkeko ingurumen koordinatzaileak azaldu duenez, olagarroaren falta orokorra da: “Hainbat lekutan ari da gertatzen, Galizan, besteak beste. Zergatia jakitea, ordea, zaila da, horren inguruko daturik edota ikerketarik ez delako egin. Galizian, adibidez, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak (CSIC) agertu duenez, olagarroak kortisolik eta kortikosteronarik ez du, eta, beraz, ez dira gai beren organismoa gehiegizko ur gezara egokitzeko. Gurean, ordea, nik dakidanik behintzat, ez da ikerketarik egin eta zaila da jakitea zergatik gutxitu den, eta beraz, neurriak ezin dira zehaztu”.
Zumaiako kostaldea Paisaia Naturala (lehen Biotopoa) izanik, gainera, araututa dago olagarroaren arrantza. Hala, bi erreserba gunetan debekatuta dago arrantzatzea, eta gainontzeko eremuetan, berriz, eguneko bat eta 750 gramo baino handiagoko olagarroak bakarrik arrantzatu daitezke. “Zaindu egiten da gure lurraldean, neurtua dago. Baina eraginak ezin ditugu jakin, daturik gabe”.
Irailaren 20an izango da aurtengo Olarro Eguna. Olagarroa, gastronomia eta itsas munduaren festaren baitan, olagarro-broxetak, olagarro-paella eta olagarroa patatekin dastatzeko aukera izango da, festa giroan. Olagarroak garai zailetatik atera du Zumaia, orain, unea iritsi da Zumaiak olagarroaren alde egiteko, eta, agian, festaren inguruko hausnarketa egiteko.
turismoa@zumaia.eus
Bulegoa





