Olagarroari gorazarre

2021/09/06

Zumaiak duen berezitasunik nabarmenena geologikoa da: harraldea. Eta olagarroari zuloz jositako ezkutalekuak gustatzen zaizkionez, babesteko, ingurune aproposa aurkitu du gure harraldean.

Gainera, Zumaiako herriak gosetea bizi izan zuen garaian, irtenbidea harraldean arrantzatutako itsaskiak izan ziren, gaur egun Deba-Zumaia Biotopo babestua den marearteko zabalgunean, hain zuzen (Geoparkeako marearteko zabalgunea inguruetako bakarra da). Horregatik, Zumaiaren eta olagarroaren arteko lotura estua da, eta herriko ikurretako bat bihurtu da olagarroa. Hala, egun berezia eskaintzen zaio, irailean (eta bisita gidatu interesgarri bat urte osoan).

Festaz eta ekitaldiz betetako eguna izaten da Olarro Eguna, eta estropadak, herri bazkaria, musika, jolasak, lehiaketak, eta nola ez, jatekoa antolatzen dira. 750 kilo pasa olagarro erabiltzen dira egun berezian prestatzen diren pintxoetarako eta bazkarirako. Horietatik 650 olagarro kilo egosi pintxoetarako erabiltzen dira, eta gainontzeko 100 kilo olagarro gordin herri bazkarirako.

Jaki preziatua prestatzeko dauden hamaika errezeten artean, olagarro zopa da berezienetakoa. Olarro Egunean dastatzeko aukera izango duzu, baina etxean ere presta dezakezu errezeta hau jarraituz gero. Ea Zumaiako zaporea ematea lortzen duzun!

  • Olagarro lehorra txikitu eta ur asko duen ontzian sartu bezperan. Iragazi ondoren, gorde alde batetik bezperako ura (zopa egiteko erabiliko da) eta bestetik, olagarroa.
  • Ebaki ogia xerra meheetan, eta gorde ezazu.
  • Moztu baratxuria, tipula eta porrua dado txikietan eta salteatu 4-5 minutuz su baxuan kazola batean olio zorrotada batekin.
  • Barazkiak gorrituta daudenean, gehitu olagarroa ondo xukatuta eta egosi barazkiekin batera 25-30 minutuz su suabean.
  • Gehitu ardoa eta pattarra, piperrautsa, tomate saltsa eta ogia. Bota aurrez gordetako ura eta egosi su eztian ordubetez. Gatza bota eta perrexil xehatu pixka bat gehitu. Zerbitzatzeko prest duzu.

Utzi tentakuluek harrapa zaitzaten!

 

Olagarroa sukaldatzeko beste errezeta batzuk