Ontziolen paradisua: Zumaiaren itsas iragan oparoa

2026/05/07

Zumaiara iristen denak, berehala lotzen du herria itsasoarekin. Portua, ontziak, marearen erritmoa… irudi horiek guztiek pisu handia dute iruditeria kolektiboan. Baina Zumaiako itsas historiak badu askotan itzalean geratu den beste alderdi garrantzitsu bat: ontzigintza eta itsas merkataritza.

Izan ere, herria ez zen soilik arrantzaleen portua izan; ontziak eraikitzeko eta itsas trafikoa bultzatzeko gune estrategikoa ere izan zen mende luzez.

Zumaiako itsas ondareaz hitz egiten dugunean, Zumaia herriak itsasoarekin izan duen harreman historiko, ekonomiko, sozial eta kultural guztiari buruz ari gara. Hau da, Zumaiako itsas ondarea ez da gauza bakar bat, baizik eta itsasoak herriaren identitatean utzi duen arrasto osoa: paisaian, ekonomian, kulturan eta eguneroko bizitzan.

Horren adierazle garbia da Zumaia eta bere kasu esanguratsua, izan ere, euskal kostaldean ontziolek garai desberdinetan izan duten garrantziaren testuinguruan kokatuta, XVI. mendean jada 11 ontziola zeuden dokumentatuta, eta XX. mendean 12 izatera iritsi ziren. Datu horiek ez dira kasualitatea: herriak izan zuen gaitasun teknikoa, kokapen geografiko egokia eta itsasoarekin lotutako jarduera ekonomiko sendoa islatzen dute.

Baina zer nolako ontziak eraikitzen ziren hemen? Nortzuk aritzen ziren lan horietan? Eta zer arrasto utzi du jarduera horrek gaur egungo herrian?

Galdera horiei erantzuteko, Beduola elkarteko Inaxio Manterola eta Goiz Eder Iturain kideen eskutik murgildu gara Zumaiako itsas ondarean, iraganeko aztarnak eta gaur egungo begirada uztartuz.

Historikoki, arrantza ez da oso garrantzitsua izan Zumaian, bai, aldiz, ontzigintza eta merkataritza. Urtean 600 bat itsasontzi sartzen ziren portuan. Zein faktorek egin zuten posible jarduera hori?

Inaxio Manterola: Ontzigintzarekin batera, merkantilak ere pisua izan du Zumaian. Kabotajea asko egiten zen lehen, hor merkantziak eta bidaiariak eramaten ziren. Pasaiatik ateratzen ziren, eta Zumaiatik igarotzen ziren, ondoren Bilbo, Santander, Xixon eta Coruña arte. Gurutzaldia zen, baina merkeagoa. Ontzi horietan txatarra eta porlana garraiatzen ziren, izan ere, Arroa, Narrondo eta Zumaia ziren Europan zementu gehien biltzen zuten tokiak. Hori zen faktore garrantzitsuena.

Jarduera guzti horrek portu garrantzitsua bilakatu zuen Zumaiakoa, ezta?

I.M.: Aurrez aipatutako zementu fabrika horiez gain, hemen inguruko mineralak ere garrantzitsuak izan ziren Gainera, hemen, Beduan adibidez, egiten zen hidraulika izeneko porlan berezia. Zementu hori ur azpian jarriz gero, gogortu egiten da, eta beraz, portuak egiteko asko erabiltzen zen.

Goiz Eder Iturain: Ezin dugu ahaztu Urolako Trenak izandako garrantzia. Kargaontziak iristen ziren Zumaiako portura, Asturiasetik ikatza ekartzen zuten, oso garrantzitsua baitzen zementu fabriketan, eta txatarra burdingintzarako. Hori dena trenera sartu, eta Zumarragara eramaten zuten, bidean Azpeitiko Marcial Ucin enpresan geldialdia eginda. Itzuleran, berriz, trena porlanez beteta ekartzen zuten, kargaontziak betetzeko. Horrek guztiak, merkantzia portu oso garrantzitsua izatea bilakatu zuen Zumaiakoa.  

Baina Zumaiako portuak garrantzia erabatekoa izan zuen hori baino lehen ere. Dokumentatuta dago XVI. mendean 11 ontziola zeudela Zumaian. Zer nolako jarduera maila suposatzen du horrek? Eta noiz hasi zen gainbehera?

G.E.I.: Oikiatik hasi, eta Zumaiara bitartean ontziola pila bat zeuden. Tarte txiki batean zeuden denak. Gainera, bazen beste abantaila bat, inguruko basoak haritzak ziren, eta ondo zaintzen ziren. Haritza garaiko egurrik onena zen, eta Urola bailara osoan haritza zen.

Zer egiten du Beduola elkarteak Zumaiako ondare hori ezagutarazteko?

I.M.: Ondare materialaren baitan, txalupak, ontziak… daude. Horietako asko hondoratu edo galdu egin ziren, orokorrean ez baitzen kontutan hartzen horiek gordetzea. Beduola ez da Albaola, baina bere txikitasunean, gelditzen diren egurrezko txalupa txikiak berreskuratzen ditugu. Ondare immaterialen kasuan, aldiz, jakintza dago: aspaldi nola egiten zituzten ontziak, itsasoko korden korapiloak, arrantza teknikak…  Zortez, Zumaian gelditzen dira asko dakiten pertsonak, eta horiengandik ikasten saiatzen gara. Bi arlo horiek, materiala eta immateriala, ez galtzea da helburua.

G.E.I.: Immaterialaren baitan, herritarrek, eta batik bat umeek, urarekin kontaktua berreskuratzea nahiko genuke. Garai batean batelak erabiltzean zuzeneko harremana izaten zen urarekin, gaur egun, beste modu batera egiten da harreman hori, eta polita izango litzateke batelean doazela, ura ukitzen joan izatearen sentsazioa eta esperientzia berreskuratzea.

Non eta nola ikus edo ezagutu daiteke ondare hori?

I.M.: Ez dugu erakusketa zehatz bat, baina berreskuratzen ditugun txalupekin egiten dugu ekitaldi moduko bat: lokala ireki, panelak azaldu, txalupa ureztatu… Denak lotuta errioan zehar dauden arren, gustatuko litzaiguke txalupa denak batera, elkarrekin, edukitzea. Baina tokirik ez dugu horretarako.

G.E.I.: Horrez gain, bi urtean behin saiatzen gara gure lana ezagutzera ematen: erakusketa bat jarri, herritarrei txalupan ibiltzeko aukera eskaini… Beste batelero elkarteek antolatzen dituzten ekitaldi desberdinetan parte hartzen dugu, Batelero Egunean adibidez.

I.M.: Gustura hartuko genuke hemen itxi zen azken ontziola, Beduakoa, egokia baita gure txalupak denak batera erakusteko. Gainera, han dauden instalazioak gure lana egiteko balioko luke, baina pribatua da, eta beraz, zaila. Aldiz, gure lana eta Zumaiako ondarea hobeto erakusteko badugu eskaera bat: Zumaiako portuan pantalana izatea. Horrek aukera emango liguke txalupa eta batel denak erakusteko, bakoitzaren historia eta datuekin. Ikusgarritasuna irabaziko genuke, baina ez dugu borondaterik ikusten Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Pena da, ondarearentzat dirurik ez dute.

G.E.I.: Ondarea zer den eta zer garrantzia duen jakitea ezinbestekoa da, eta oso garrantzitsua dela uste dugu hura zaindu eta ezagutzera ematea, eta horretarako laguntzak behar ditugu.