Turismoa Zumaian: bainuetatik eskaintza osora
Turismoa ez da fenomeno berria Zumaian; XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran hasi zen. Izan ere, Loiolako Santutegia eta Zestoako bainuetxea probintziako helmuga turistiko bihurtu ziren, eta bi puntu horietara etortzen ziren bisitariak hain hurbil zegoen kostaldera etortzen hasi ziren. Hala, itsas bainuak fama hartzen hasi ziren.
Horrez gain, estatu desberdinetako agintari eta aristokratez betetzen hasi ziren ipar kostaldeko hainbat hiri (Miarritze, Donostia, Zarautz, eta abar), eta modako helmuga bihurtu ziren. Zumaia ere horietako puntu bat bihurtu zen, Itzurun eta Santiago hondartzei esker. Ondorioz, garai haietarako modernoak ziren zerbitzuz hornitu zituen udalak bi hondartzak; Itzurunen, adibidez, bainu beroen eta toldo nahiz kabinen zerbitzuak jarri zituen.
Beraz, Zumaiaren sustapen turistikoari ekin zion udalak: gida turistikoetan agertzeko diru kopuru bat gastatzea erabaki zuen, azpiegiturak sortu zituen (lorategiak adibidez), eta aisialdirako ekitaldi eta egitarau erakargarriak antolatzen hasi zen.
Hala ere, turismoari dagokionez, proiektu garrantzitsuena “Gran Hotel Amaya” ostatuaren eraikuntza izan zen. 1922. urtean eraikitzen hasi ziren luxuzko hotel honek ez zuen bide erraza izan; amaitzear zegoela eraikuntza eten behar izan zuten, eta jarraian, Espainiako Gerra Zibila eta Bigarren Mundu Gerra etorri ziren. Azkenik, 1943ko udan zabaldu zuten hotela, eta gaur egun luxuzkotzat joko liratekeen zerbitzuak izatera iritsi zen: igerilekua, zinema, tenisean jolasteko pista, garajea... Eraikina 1970eko hamarkadan eraitsi bazen ere, oraindik bizirik jarraitzen du zumaiar askoren oroitzapenean.
Diktadura garaian, egoera politikoak okerrera egin zuenean, turismoa desagertzen joan zen Zumaian, Euskal Herri osoan bezala. Udako turismoak ere helmuga turistikoen ezaugarriak aldatu zituen, eta estatuko nahiz nazioarteko turismoa Mediterraneorantz bideratu zen. Euri asko egin du ordutik. Euri tanta bakoitzeko turismoa indarra hartzen joan da, gaur egungo egoerara iritsi arte, eta orain ezagutzen dugun turismoa izan arte.
Zumaia flyscha da, gastronomia da, paisaia da, bizi kalitatea da, euskara, artea, kultura, itsasoa eta industria ondarea da. Eta horietatik guztietatik zerbait ezagutzeko aukera izango duzu Zumaian.
Deskubritzen hasteko prest?