Udaberriaren loraldia Geoparkean

2023/04/18

Euria eta kolore ilunak protagonista izan diren udazken eta neguko hilabeteen ondoren, udaberria iritsi da, paisaiak koloretsu bihurtzen diren urtaroa, zuhaitzak kimatzen hasten dira eta loreek beren lore-begiak irekitzen dituzte kolore-espektro zabal bat eskainiz.

Urte sasoi honek baikortasuna eta alaitasuna ekartzen ditu. Horregatik, udaberria izan ohi da urtarorik gogokoenetakoa. Garai paregabea da Zumaia bisitatzeko. Eta gainera, bisita gidatuen eskaintza zabalari esker, zure aisialdia kulturaz, historiaz eta dibertimenduz bete ahal izango duzu.


Udaberriko hilabeteak aproposak dira Zumaia eta inguruak ezagutzeko. Apiriletik ekainera egunak luzeagoak izaten dira eta tenperatura ezin hobea izan daiteke.

 

Hilabete hauetan bisita are erakargarriagoa egiten duten ekitaldi ugari izaten dira gainera: Aste Santua amaitu bezain laster herria marinelez janzten duten San Telmo jaiak, Maiatza Dantzan jaialdia, Geoparkeen Astea, artisautza azoka edo San Joan gauaren ospakizuna.


Geoparkea eta kostaldea


Euskal Kostaldeko Geoparkea Deba, Mutriku eta Zumaia udalerriek osatzen dute eta Kantauri itsasoaren eta euskal mendien artean kokatua dago. Leku honen interes benetakoa erraietan aurkituko dugu; izan ere, geologia da paisaia honetako egiazko protagonista. Kostaldean Flysch-ak eta barrualdean Karst-ak Lurraren historiako pasarte zirraragarrienak bistan uzten dituzte, paisaia bitxiak osatuz.

 

Istorio hori ezagutzeko aukerak asko dira; interesguneetan kokaturiko panelei esker zeure kabuz egin dezakezu ibilbidea edota Geoparkearen bisita gidatuen eskaintza zabala balia dezakezu. Geoparkearen lurralde osoa ezagutzeko aukera duzu, kostaldea nahiz barrualdea, bai itsasontziz, bai oinez; bertako gastronomia eta kultura ezagutzeko txangoak eginaz, familientzako bisita bereziak gozatuz... Turismo eskaintza zabal honek “neurrira egindako” bisita gidatuen aukera ere ematen du, zure behar guztiak asebete nahi badituzu.


Zure eskura daukazun eskaintza honetan bi bisita nabarmentzen dira munduan bakarrak izateagatik: “Marearteko zabalgunea” eta “Euskararen enigma”.


Marearteko zabalgunea


Izaera biologikoa duen bisita gidatu harrigarri hau, marea oso baxuarekin bakarrik egin daiteke. Gidari espezializatu baten eskutik, Flysch-ak osatutako itsaslabarren oinean azaleratzen den plataforma harritsuan, espezie barietate handia ezagutzeaz gain  marearteko zabalgunea bezalako ekosistema konplexu batean bizitzea ahalbidetzen dieten egokitzapen-mekanismoak ulertuko ditugu. Han bizi dira itsas izarrak, olagarroak, itsas pepinoak, itsas erbiak, gure esku dagoen bizitza eta kolore-mundu zabal bat.

 

Zeure kabuz ere joan zaitezke baina ez dizugu inolaz aholkatzen, marearen igoerak ezustean harrapatu eta isolaturik geratu nahi ez baduzu. Oso arriskutsua da inguru horretan mugitzea ondo ezagutzen duen norbaitekin ez bada. Gainera, haitzak besterik ez dituzu ikusiko, bertako faunak duen mimetizatzeko ahalmena ikaragarria baita. Gidari baten laguntza ezinbestekoa izango zaizu inguru hori ondo ezagutzeko.

 

Euskararen enigma


Europako kulturarik zaharrenetako bat ezagutu nahi duzu? Euskara ez dakien norbaitekin bazatoz oinarrizko hitzak euskaraz esaten hasiko da, eta Zumaiako alde zaharreko bisita gidatu honetan euskal kulturaren, hizkuntzaren, mitologiaren, kirolen eta tradizioen alderdi ezezagunak ezagutuko dituzue. Gainera, antzinako arrainaren salmenta aretoa ikusi eta pintxo tipiko bat dastatzeko aukera izango duzu.


Bisita gidatu guztiak Geoparkearen webgunean kontsultatu eta erreserbatu ditzakezu urte guztian zehar. Ez utzi alde batera udaberrian lurralde paregabe hau ezagutzeko aukera; gozamen bikoitza izango da!