Ukiezinaren balioa

2025/06/27

Zumaiak duen ondarea izugarrizkoa da.

Herritik pasiera bat egitea nahikoa da hortaz ohartzeko: portuak argi erakusten du ontzigintzaren munduak Zumaian izan duen garrantzia, hirigune historikoan kokatzen diren monumentuek eta eraikinek herriko istorioak eta historia kontatzen dituzte eta bi hondartzetara gerturatuz gero, txundituta utziko zaitu bertako naturak eta orokorrean inguruak. Guzti hauek Geoparke izatearen arrazoietako batzuk dira!

Ondare guzti hori oroitzapenean geldituko zaizu. Izan ere, gogoan geldituko zaizkizun hamaika paisaiez eta irudiez gain, etxean behin eta berriz ikusi ahalko dituzun argazkiak izango dituzu. Ezin da ukatu herri fotogenikoa garela.  

Badugu, ordea, ikusi eta ukitu ezin den beste ondare mota bat, agian, garrantzitsuenetarikoa. Gure historia, nortasuna eta izaera definitzen duen ondarea: gure ohiturak eta gure hizkuntza. Hizkuntza baino zerbait gehiago da euskara; nortasuna ematen digu, kultura ematen digu, babeslekua ematen digu. 

Euskara munduko hizkuntza zaharrenetakoa den arren, ezer gutxi dakigu berari buruz, misterioz beteta dago. Bere jatorria ere ezezaguna da, baina dakigun apur hori ezagutzeko aukera duzu Zumaian, Euskararen enigma bisita gidatuari esker. Euskararen herria gara, euskaraz bizi gara, eta hori azalduko dizugu ordu eta erdiko bisitaldian. 

Bisita horretan zehar Zumaiako Alde Zaharrera egingo duzu salto sona eta xarma handiko txokoak ikusiz, elkar komunikatzeko musika instrumentu bitxiak erabiltzen genituela deskubrituko duzu, edota euskaldunon betiko ohiturak mantentzen ditugula jakin ahalko duzu; harri-jasotzaileak, arraunlariak, pilota edota aizkolariak, besteak beste. 

Gainera, Kofradian ere izango zara bisitan zehar, bertan kokatzen da garai batean benta-lekuetan arraina enkantean saltzeko erabiltzen ziren makinetatik, Euskal Herrian geratzen den bakarra. Amaitzeko, euskal kulturaren ohitura nagusiena eginez amaituko duzu bisita gidatua: Zumaiako elkarte zaharrenetako batean hamaiketakoa eginez.  

Hori eta gehiago eskaini diezaiokegu bisitariari, gure balio-erantsia delako euskara eta gure nortasuna. Argi ordea: ezingo duzu ukitu. Sentitzen den zerbait baita. Ukitu ezin den arren, gertutik bizi ahalko duzu. Gure ondare ukiezina ezagutu nahi? Zatoz, eta parte har ezazu Euskararen enigma bisita gidatuan. Europako kulturarik zaharrenetarikoa ezagutuko duzu. A zer plana!