Usadio zaharretik, kirol modernora

2022/05/13

Erro sakoneko ohiturak dituen herria da Euskal Herria. Tradizioek eta ohiturek pisu handia dute gure artean, eta, horregatik, betiko ohiturak mantentzen jarraitzen dugu. Hori bai, ukitu bereziarekin. Beharbada hori da, hain zuzen ere, meriturik handiena; betiko ohiturak gaurkotzen joan gara, eta joko edo zeregin zaharrak geure ezaugarrietara egokitzen joan garela, kirol moderno bihurtu arte.

 

Hala, adibidez, munduaren historian zehar zibilizazio askok pilota-joko desberdinak egin dituzten arren, gaur egun, euskal pilota da hortik eratorritako kirol bakarrenetakoa. Are gehiago, gaur egun pilotariak atletak dira; eta Joko Olinpikoetan parte hartu dute, Bartzelonan egin zirenekoan erakustaldi moduan jarri zuten, adibidez.

 

XII. eta XVIII. mendeen artean euskal baleazaleak balearen ehizara joaten ziren txalupetan. Marinel ausart haien bideari jarraituz, txalupa horiek traineruak dira egun, eta euskal kirol berezienetakoa izatera iritsi diren estropadak Kantauri kostalde osoan zehar ikus daitezke.

 

Usadio zahar diren eta kirol berri bilakatu diren horietako eredu asko Zumaian bertan ikusi eta ezagutu ditzakezu. Pilotari dagokionez, San Telmo egunean egiten den pilota jaialdia eta uztaila eta abuztua bitartean antolatzen den Dinastia Etxabe txapelketa dituzu. Etxabe Dinastia Zumaiako Artadi auzoan sortu zen, eta eman dituen pilotariak omentzeko aukera bikaina izaten da hilabete hori.

 

Pilotatik eratorritako zesta-puntak ere badu bere tartea Zumaian. Espezialitaterik hedatuena da ziurrenik munduan eta ikusgarriena ere bai. Izan ere, pilota ziztu bizian doa; batzuetan 300 kilometro orduko abiadura harrapatuz. Ez galdu zibilizazioaren joko zaharrenetakoak mantentzen jarraitzen duen emozioa!

 

Estropadak

Antzinako baleazaleek Zumaian ere badituzte oinordeak, eta Urola ibaian zehar nahiz Kantauri itsaso zabalean ikusteko aukera dituzu. Santelmoetako azken egunean, adibidez, trainerillen estropadak egiten dituzte; ekainean, berriz, beteranoen arraun estropadak, eta San Pedro festen baitan, Zumaiako Ikurriña estropada jokatzen dute.

 

Harrigarria eta ikaragarria egingo zaizu gizonezkoak nahiz emakumezkoak itsasoko uraren gainetik txalupa nola eramaten duten ikustea, indar fisikoa baliatuz. Ikuskizuna bermatuta izango duzu!

 

Arrauna, ordea, talde kirola izanik, egungo garaietara egokitzen joan da, eta piragua da, agian, Zumaian gehien ikus daitekeen ontzia. Modu honetan, gaztetxoenen estropadak egiten dira San Telmo festen baitan; uztailean, aldiz, Urolako Igoera-Jaitsiera jokatzen da, eta, data finkorik ez badu ere, Zumaia-Sakoneta-Zumaia piragua probak agertoki onena du: Euskal Kostaldeko Geoparkearen itsaslabarrak eta Flysch-a.

 

Kirolaz eta ohituraz gozatu nahi baduzu, Zumaia da zure helmuga!