Violeta Bandres: “Ontzigintza munduan, historikoki Zumaia nagusi izan da mendeetan zehar”
Bisitarien eta ikasleen gidaria da Violeta Bandres. Urola Kosta eskualdean, Geoparkean eta batez ere Zumaian, egiten ditu bisita gidatuak Bandresek, eta, beraz, Zumaiak historian zehar itsas ondarean izan duen garrantziaren eta erreferentzialtasunaren jakitun norbait baldin bada, bera da.
Zumaiara iristea besterik ez dago Zumaiak itsasoarekin duen loturaz ohartzeko.
Zumaiaren kokapena izugarri ona da, Urolako itsasadarrean, eta horrek dena esan nahi du. Errepidetik iristean ikusten den lehenbiziko gauza Balentziaga ontziola da, nahiz eta gaur egun etorkizun beltza izan dezakeen. Baina, batik bat, bizirik mantendu den azkena da.
Zer berezitasun izan ditu Euskal Herriak?
Herrialde txikia da gurea, menditsua gainera. Gaur egun euskal kostaldeko herrietara iristea erraza da, errepideak garatuta ditugulako eta garraio publikoa nahiz pribatua ditugulako. Baina gauza berria da hori, azken 100 edo 150 urteetakoa. Gure paisaia hain polita, historian zehar muga bat izan da ordea, eta aukera bakarretako bat itsasoa izan dugu gure bizitzaren garapenerako. Negozioak itsasoarekin lotuta zeuden. Eta itsasoa izan da beraz, gure bizimodu nagusia.
Horren adierazle nagusia da ontzigintza industria garrantzitsua izan dela herrian; bere garaian, ontzigintza kai garrantzitsuenetarikoa izan zen.
Bai, eta horren inguruko aipamen ugari daude historian zehar. Hemen, Zumaian, bereziki, urrezko garaiak XV. eta XVI. mendeetan izan genituen. Urola ibaiaren ertzetan hamaika ontziola genituen. Nahiz eta gaur egungo ikuspuntutik ontziola horiek xumeak izango liratekeen -izan ere batzuk egurrezko egiturak zituzten-, Europa mailan teknologia aurreratuena eta garatuena zuten ontziolak Euskal Herrikoak ziren. Eta Zumaia zen gune garrantzitsuetako bat. Kokapen berezia zuen, itsasadarrean, itsasotik babestuta, bertako lehengaiak hurbil, eta, gainera, kalitatezkoak: bertako haritza, pagoa, bertako burdina… Produktu ugari atera dira hemendik, itsasontziak, txalupak… Ontzigintza munduan, historikoki, Zumaia nagusi izan da mendeetan zehar.
Kalitatezko lehengai eta produktu on horien eragina Elkanok egin zuen mundu biran nabaritu zen, ezta?
Askoz gehiago esango nuke: bost itsasontzi atera ziren mundu bira hartan, eta bost itsasontzi horietatik hiru hemengo ontzioletan egindakoak ziren. Horrelako “makro-espedizio” batean hiru ontzi bertakoak izateak asko esan nahi du. Indietako lasterketa deritzon garaian, non europarrak espedizioetan hasten diren, %80a euskal itsasontziak ziren. Ikerketek oso argi erakusten dute. Beraz, garbi ikusten da ontziolek gure artean izan duten garrantzia.
Elkanoren mundu biraz askoz datu gehiago ezagutzea badago Zumaian egin daitezkeen bisita gidatuetan. Baina, bestelako bitxikeria ugari ere ezkutatzen ditu Zumaiak, adibidez, San Pedro parrokian Gibraltarko batailaren edota Mendaro marinelaren berri izan dezakegu.
Ontziolez gain, marinelek izan zuten garrantzia uzten du horrek agerian. Marinelen margoez gain, Europatik ekarritako triptikoak ere baditugu, adibidez Sasiola eta Elorriaga familek erosi zituzten XVI. mendearen hasierako flandriar triptikoak, San Pedro elizaren albo-kaperetan ahozabal utziko gaituzten artelan ederrak. Zer esan nahi du horrek? Hemengo ontzioletan egiten ziren itsasontzi horiekin espedizioak egiten ziren, baina beste ontzi asko merkataritzarako erabiltzen ziren, eta gu ginen Mediterraneoko, Gaztelako eta Atlantikoko ekonomien arteko zubia, eta iparraldeko Europarekin harreman estua genuen. Leku horietatik ekartzen zizkiguten artelanak, eta adierazgarriena Gibraltarko bataila erakusten duen Mendaro marinelaren ohorez egindako artelana da. Azken finean, arrantzaleak, ontziolako langileak, merkatariak edo armadakoak izan gara, eta horiek guztiak lotzen dituena, itsasoa da.
Itsasoarekin baino gehiago, lotura geologiarekin duten arren, ezin ditugu alde batera utzi Itzurun hondartza, Flyscha eta, orokorrean, Geoparkea.
Dudarik gabe gainera. Gaur egun, XXI. mendean, Euskal Kostaldeko Geoparkea erreferentziazkoa da mundu mailan. Ondare geologiko garrantzitsuenetakoa dugu; erreferente bat da ikerkuntzan, paisaia aldetik… Flysch-ak osatzen duen paisaia horretan, Lurraren historia irakurri dezakegu: Lurraren iragana ezagutu, gaur egungo egoera hobeto ulertzeko, edota etorkizunean proiektatzeko. Nondik gatozen eta nora goazen jakiteak berebiziko garrantzia du, eta geologiak eta Flyschak hori ematen digute.
Herri txikia baina ondare handikoa da Zumaia.
Izugarrizko ondarea du Zumaiak; ondare arlotik, naturala, kulturala… denetarik du, eta hori guztia ezagutzeko bisita gidatu aukera zabala eta anitza du gainera.