Zumaia, zementuaren indarrez eraikia
Zementugintzak Zumaian izandako garrantzia berebizikoa da, izan ere, herriko industria-garapenaren abiapuntua izan zen, ekonomia eta egitura soziala aldatuz. Eta, nahiz eta gaur egun jarduera hori desagertuta dagoen, Zumaia modernorako oinarriak ezarri zituen.
1838. urtearen inguruan hasi zen zementugintza Zumaian, lehen gerra karlistaren garaian, Ibañarrietako harria eta Ertxiña mendiko lignitoa lehengai gisa erabiliz. Ospe handia lortu zuen, baita nazioartean ere, bereziki lan hidraulikoetarako zituen ezaugarri bikainengatik. “Cemento Zumaya” bezala ezaguna egin zen. Kantauri itsasoko arrantzontzietan ere zuloak tapatzeko ohikoa zen “Zumaya” erabiltzea, oso azkar gogortzen zelako.
Zumaia eta inguruko zementu lantegien sorreran eta eraikuntzan bi etapa desberdin bereizten dira. Hala, lehendabizikoan zementu fabrikak margak eta lignitoa erretzeko labeak besterik ez ziren, eta horregatik, fabrikak harrobitik ahalik eta gertuen eraikitzea erabaki zuten, Ibañarrieta-Agote inguruan. Hiru enpresa ziren garai horretan: Corta y Compañia.-ren “Santa Cruz”, Agoten; Eusebio Gurruchaga-ren “Nuestra Señora de los Dolores”, Arroa Behean, eta Olaizola y Compañía-ren “Oiquina” (Conde Villafrancaren fabrika), Oikian.
Garai horretan sortu ziren benetako zementu fabrika modernoak: labeak eta ehotzeko errotak toki berean biltzen dituen lantokia. Urrats hori egiten lehena Eusebio Gurruchaga izan zen, Arroa Behean “Nuestra Señora de los Dolores” fabrika eraiki zuenean, 1858an.
Bigarren etapan, berriz, eta Gurruchaga enpresak izandako arrakasta ikusirik, eredu berdina jarraitu zuten enpresak ugaritu ziren XIX. mendearen azken aldera. Handia izan zen Urola beheko zementu naturalak lortu zuen prestigioa, Gipuzkoako probintzian egiten zen zementu natural guztia barnebildu zuen “Zumaya” deitura sortuz, eta kalitate handiaren sinonimo bilakatuz.
Gorakada guztien ondoren, ordea, beherakadak izaten omen dira eta zementugintzan ere gertatu zen. 1907. urtean hasi zen krisialdia, urte hartan bi enpresa itxi zituzten eta 36ko gerra arteko urteak zailak izan ziren: enpresa askok itxi behar izan zituzten ateak.
Espainiako gerra amaituta, Zumaia inguruko zementu fabriken berrantolaketa hasi zen, eta urte onak izan baziren ere, uneko berpiztea besterik ez zen izan, “Portland” erako zementuaren (edo porlanaren) konpetentzia gaindiezina zelako. 70eko hamarkadan fabrikatzaile handientzat bakarrik zegoen tokia: Bedua 1972an itxi zuten eta 1975ean Rezolak “Alberdi” xurgatu zuen. Baina, 1999an zementu fabriken behin betiko desagerpena iritsi zen, Rezolak Arroako fabrika itxi zuenean.
“Cementos Zumaya”, beraz, Zumaiako industriaren ikur nagusietako bat izan zen, eta XX. mendeko zati handi batean herriko ekonomia eta gizartearen ardatz garrantzitsuenetakoa izan zen. Izan ere, lan aukerak sortu zituen eta herriko bizitza soziala eta garapen ekonomikoa indartu zituen, Zumaiaren modernizazioan eragin handia izanik. Fabriken jarduerak, ordea, ingurumenaren eta paisaiaren gaineko ondorioa ere izan zuen, eta gaur egun haren aztarnak —eraikin zaharrak, instalazioak edo herritarren oroitzapen kolektiboan utzitako arrastoa– herriaren ondare industrialaren parte dira. “Cemento Zumaya”ren historia, beraz, Zumaiaren iragan industrialaren eta identitatearen lekuko da, eta etorkizunari begira ere hausnarketarako iturri baliotsua. Horregatik, Zumaiako Interpretazio Zentroa berriak mota honetako industria jarduerak eta bestelakoak ere bilduko ditu laster. Proiektua abian dago, eta 2026. urtean zabaltzea aurreikusten da Turismo Bulego berriaren egoitza berean.
turismoa@zumaia.eus
Bulegoa





