Zumaiako Pazko Astea: jaiak, ondarea eta esperientzia ahaztezinak
Udaberriaren arnasa itsasoarekin bat egiten duen garai honetan, Zumaia kolorez, doinuez eta bizitzaz betetzen da Pazko Astean.
Hala, Aste Santuari alternatiba bila bazabiltza, aukera paregabea duzu Pazko Astean Zumaia ezagutzeko. Garai honetan, herriak giro berezia hartzen du, azken urteetan desagertzen ari diren marinelen patroiaren omenezko San Telmo jaien lehen asteburuari esker: musika, ekitaldi kulturalak, itsas tradizioa eta kale giroa uztartzen dira, bisitariari esperientzia bizia eta gertukoa eskainiz.
Prozesioa, umeen zein helduen danborradak, kontzertuak, bertso jaialdia, euskal dantzen ikuskizuna, herri bazkaria, herri kirolen ikuskizunak, olagarro lehiaketa, musika eta euskal giro ezin hobeak dira santelmoetako osagai nagusiak. Beti ere, kresal usainak lagunduta. Udaberriko egunekin batera, Zumaiako San Telmo festetara gerturatzea plan ezin hobea bihurtzen da oporraldiari amaiera borobila emateko.
Baina Zumaia ez da jaiak bakarrik. Urte osoan zehar bezala, Pazko Astean ere aukera zabala dago herriko ondare aberatsa ezagutzeko. Kostalde ikusgarriak eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen altxor geologikoek bisitaria harritzen dute; azaleramendu geologiko ospetsua mundu mailako erreferente dira, eta orain, gainera, Geoparkeko bisita birtual berriari esker, etorri aurretik ere lehen hurbilketa bat egin daiteke.
Itsasoarekin duen lotura estuak ere bere arrastoa utzi du Zumaian: portua, arrantzaren tradizioa eta itsas ondareak herriaren nortasuna osatzen dute. Horrez gain, industria ondareak eta ondare ukiezinak —ohiturak, hizkuntza eta jaiak— bisitariari tokiko bizimodua gertutik ezagutzeko aukera ematen diote. Arteak ere badu bere lekua, bai barrualdean bai kalean, artea kalean bezalako ekimenekin.
Zumaian zer egin pentsatzen ari bazara, aukerak askotarikoak dira:
- Bisita gidatuak, herriko txokoak sakonago ezagutzeko
- Museoak eta eraikin bisitagarriak, historia eta kultura gertutik bizitzeko
- Planak familia, lagun edo bikotekidearekin gozatzeko naturaz, aisiaz
- Oinezko ibilbideak, natura eta paisaia paregabeak deskubritzeko
- Tokiko enpresek eskaintzen dituzten jarduerak, esperientzia aktiboagoak nahi dituztenentzat
- Erosketak, bertako produktuak eta artisautza ezagutzeko
Ez izan zalantzarik; Pazko Astea une ezin hobea da Zumaia ezagutzeko: jai giroa, natura ikusgarria eta euskal kultura aberatsa uztartzen dituen helmuga da. Zatoz eta bizi ezazu bertatik bertara!
turismoa@zumaia.eus
Bulegoa





