Zumaian duzu Lurraren historia irakurtzeko aukera
Zumaian denbora geologikoa ikusi egiten da
Gure Lurraren historiaren zati bat orrialdez orrialde irakurri dezakegu, eta hori ez da nolanahiko kontua. Horregatik azken mendean mundu guztitik ikertzaileak etorri dira erantzun bila, eta bai aurkitu ere! Hori dela eta, 2022 urtean Geologia Zientziaren Nazioarteko Elkarteak (International Union of Geological Sciences – IUGS) munduan dagoen 100 altxor geologikoen artean izendatu zuen.
Euskal Kostaldeko UNESCOren Geoparkea Zumaia, Deba eta Mutrikuko udalerriek osatzen dute eta Kantauri itsasoaren eta euskal mendien artean dago kokatua. 2010az geroztik, Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kide da eta 2015etik UNESCOren errekonozimendua ere badu.
Geoparkeko itsaslabarretako haitz-geruzek osatutako formazio ikusgarriak Flysch du izena. Mutrikutik Zumaiarako tarte horretan, geruzaz geruza, orrialdez orrialde entziklopedia baten antzera, Lurraren historiaren 60 milioi urte baino gehiago irakur daitezke.
Geruza horiek guztiak sedimentuez eta itsas fosilez osaturik daude. Sortu ziren momentuan bezala bata bestearen gainean jarriko bagenitu 5.000 metro baino gehiago dauzkate. Hori da liburu puska!
Orrialde asko izateaz gain, gure liburuko orrialdeak edo geruzak oso ondo irakurri daitezke. Are gehiago, ez zaio orrialde bakar bat ere falta. Zaharrenetik (duela 110 milioi urte, Mutrikun) berrienera (orain dela 50 bat milioi urte Zumaian), geruza guztiak ditugu sortu ziren bezala, bere lekuan kokatuta.
Izan ere, Zumaiako arroketan irudikatuta dauden urteetan, 70 eta 50 milioi urte bitartean, Lurraren historian oso garrantzitsuak izan ziren pasarteak gertatu ziren. Adibidez, duela 66 milioi urte dinosauroak eta Lurrean bizi ziren bizidunen %70 desagertu egin ziren. Suntsipen masibo hori, meteorito baten ondorioz izan zena, oso ondo idatzita dago Zumaiako arroketan. Zehazki, Algorrin.
Bestetik, duela 56 milioi urte izan zen beroaldi klimatiko bortitz baten froga nagusiak ere Zumaian aurki daitezke. Lurraren historian egon den beroaldi klimatikorik garrantzitsuenetarikoa izan zen hura eta negutegi efektuaren ondorioz izan zen ere. Zumaia da pasarte horren berri izateko leku erreferenteetakoa eta hoberenetarikoa. Izan ere, Itzurun hondartzaren sarreran kokatzen den guneak eskaintzen duen informazioa oso baliagarria da hurrengo hamarkadetan etor daitekeen aldaketa klimatikoa ulertzeko.
Azkenik, Golden spike edo Urrezko iltzeak ditugu. Zer diren ba al dakizu? Muga-estratotipoak definitzen dituzte, eta Zumaian bi iltze ditugu. Zumaiako Paleozenoko barne mugak mundu mailako erreferentzia bilakatu eta estratotipo izendatu ziren 2008an. Bi mugak urrezko iltze batekin markatuta daude: Daniar / Selandiar muga, duela 60,5 milioi urte izan zen itsas-maila jaitsiera baten arrastoa; eta Selandiar / Thanetiar muga, duela 58,7 milioi urte Lurraren eremu magnetikoak izan zuen alderanztearen lekukoa.
Liburu harrigarri honen berri izateko modu onena, Geoparkean eskaintzen dugun Irteera geologikoa izeneko bisita gidatua egitea da.
Zatoz inoizko irakurketa interesgarrienera!