Nordic Walking ibilbideak
Bastoiekin oinez egiteko ibilbideak.
Nordic Walking ibilbideen planoa PDFa
Nordic Walking informazio gehiago PDFa
Nordic Walking kirola iparraldeko fondo eskiatzaileek udaberri eta uda garaian entrenatzeko egiten zuten oinezko ariketan du jatorria. Eskiatzaile baten antzera bastoi berezi batzuen laguntzaz eta mugimendu koordinatuak eginez mendian ibilbideak egitean datza. Gorputzeko giharren %90aren egoera hobetzen laguntzeaz gain, gaitasun aerobikoa, oxigenoaren gehienezko kontsumoa eta erresistentzia fisikoa nahiz psikologikoa hobetzen laguntzen du, sistema immunitarioa indartzen du eta zahartze-prozesua moteltzen du. Adin guztietarako egokia da eta azalpen gutxi batzuek nahikoa dira praktikatzen hasteko.
Zumaian 4 ibilbide markatu dira, zailtasun desberdinekoak. Zailtasun-maila bakoitza kolore batekin adierazten da, eski alpinoan bezala: berdea, urdina, gorria eta beltza.
Urola ibilbidea (berdea)
Turismo Bulegotik abiatzen den ibilbide ederra, itsas paseo moduko bat da, Zumaiako portuko Parolmuturretik hasi eta Urola itsasadarrean ibaian gora Basusta ingurura bitartean.
Distantzia: 2.900 m
Basusta ibilbidea (urdina)
Zumaiako Turismo Bulegotik abiatzen den ibilbide interesgarria. Narrondo errekak Urola ibaiarekin bat egiten duen puntutik jarraitzen du bideak. Gero, Puntanoeta ondotik igaro, eta baserri-bideetatik Basusta izeneko ingurura igotzen da. Sega-belardien artetik ipar aldera jarraituko dugu, eta galtzeko arriskurik gabe, trenbide azpiko tuneltxo bat igaro eta abiapuntura eramango gaituen parkera sartuko gara berehala.
Distantzia: 3.890 m
Done Jakue ibilbidea (gorria)
Bide hau Turismo Bulegoan hasi, eta euskal kostaldeko flysch amildegien ondotik igarotzen da. Hasierako zatian Done Jakue bidea hartuko dugu, GR-121 bidearekin bat egiten duena, eta Algorri inguruan ikuspegi interesgarrietara eramango gaitu. Itsasoa atzean utzita, Amezmenditik igaro eta bideak Zumaiako herrigunera eramango gaitu, abiapunturaino.
Distantzia: 4.480 m
Zumaia ibilbidea (horixka)
Ibilbide hau gogorra da, baina igarotzen dituen parajeek eta ikuspegi ederrek konpentsatzen dute. Turismo Bulegotik abiatzen da, eta Puntanoeta, Agote eta Ibañarrieta auzoak igaro eta gero, Oikiara jaisten da. Urola ibaia zeharkatu ondoren, Artadira igo behar da, eta handik Zumaiako herrigunera jaisten da, abiapuntura, trafiko gutxiko errepide batetik.
Distantzia: 11.630 m.