Kirola eta natura familia giroan

Uretako kirolak eta herri kirolak plan berean, naturaz gozatuz!

Argazkia: Leire Zearreta

Ezaugarriak:

  • Egun osoko plana
  • Haurrekin eta familian egiteko egokia
  • Kirola egiteko aukera
  • Naturan ibiltzeko aukera
  • Paisaia ederrak


Deskribapena:
Zumaiak aukera ugari ematen ditu naturaz gozatu eta kirola egiteko, bai uretakoak eta bai lehorrekoak. Plan honi esker  inguru naturala (hondartzak, dunak, padura eta artadia) ezagutzeaz gain uretako nahiz lehorreko kirolak eta gainera euskal herri kirolak  (antzinakoak nahiz modernoagoak) egin ahal izango dituzu Zumaiatik atera gabe. Haurrekin egiteko plan aproposa da, gainera! Egunaren zati bat (goiza edo arratsaldea) uretan eta bestea lehorrean egitea proposatzen dugu. Zuk aukeratu ordena. Eta tartean mokadutxo bat jateko aukera izango duzu Zumaiako edozein taberna edo jatetxetan (kasu honetan Santiago hondartza edo Kirol Portu ingurukoak dira hurbilen geratuko zaizkizunak seguruenik).

  • Egunaren zati bat uretako kirol bat egiten igarotzea proposatzen dugu. Aukera asko eskaintzen dituzte Zumaiako zerbitzu turistikoek: surf, bodyboard, SUP, kayak, piragua, etab. Aurrez erreserba egitea biziki gomendatzen dugu.
  • Egunaren beste zatian, berriz, pilotan jolastea izango da ekintza nagusia (pilota Zumaiako Turismo Bulegoan eros daiteke). Horretarako aukera desberdinak daude: herrigunean dauden frontoietako bat aukeratuz (Odieta, Lubaki edo Larretxokoak adibidez) edo Artadi auzoko frontoira joanez (Artadi auzora dijoan errepidea jarraituz, oinez haurrekin joateko primerako arratsalde pasako plana da) bidean "Artadi" izenaren jatorri den artadia ezagutuz. Haurrekin egiteko primerako plana da hau!
  • Eta, haurrekin ez goazelako edo,  oinezko ibilbidea zerbait luzatu nahi badugu, Artaditik igarotzen den"Araindarri" izeneko GR- 286 bidea hartuz Oikia auzora jaitsita ere pilotan jolasteko aukera izango dugu. Zumaiara itzultzeko UK07 autobusa hartzeko aukera dago (www.lurraldebus.eus).

 

Zaindu natura!
Oinezko ibilbidean zehar, hondartzan nahiz txalupan egindako zeharkaldietan ingurugiroa errespetatzeko emandako gomendio guztiak aintzat hartzea eta, ahal izanez gero, beste batzuek eragindako kalteen eragina gutxitzeko ekintzak burutzeko aprobetxatzea proposatzen dugu (adibidez; bidean edo hondartzan zakarrak ez botatzeaz gain, besteek botatako zakarrak jasotzea).