4. Santiago hondarta eta Urolako itsasadarra

Zumaiako pasealeku ugarietako batean zehar Santiago hondartzara oinez joan eta ibaian zehar txalupaz itzultzeko egun erdiko plana.

Argazkia: Luis M. Alkorta

Ezaugarriak:

  • Egun erdiko plana
  • Haurrekin eta familian egiteko egokia
  • Naturan ibiltzeko aukera
  • Paisaiak ederrak
  • Txalupan ibiltzeko aukera
  • Industri ondarea ezagutzeko aukera
  • Itsas ondarea ezagutzeko aukera

Deskribapena:
Goiz edo arratsalde pasa plan polita izan daiteke eta haurrekin egiteko ere oso egokia. Santiago hondartza Itzurun hondartzaren itzalean egon da orain arte baina azkenaldian egin diren irisgarritasun lanak direla eta, leku oso erakargarria bihurtu da. Inguru horretan Santiago Dunak inguru babestua eta bidean padurako bioaniztasuna ezagutzeko aukera ere izango dugu, bertan dauden informazio panelak irakurriz.

Planak bi zati hauek ditu:

  • Santiago hondartzaraino oinez joan bidegorria ere ba den pasealekutik. Bidean Kirol Portua eta Zuloagatarren “Santiago Etxea” tartean dagoen padura ezagutzeko aukera izango dugu, inguru horretako bioaniztasunaren eta bertan geratzen diren txorien berri ematen duen panela irakurriz. Ondoren Santiago hondartzara iritsi eta dunetara jaitsiz ibilbide interpretatu bat egin daiteke. Haraino iritsiz gero, eta eguraldiak laguntzen badigu, hondartzako ur lasaietan bainu eder bat hartzeko aprobetxa daiteke -eta uda delako bertako kantina zabalik badago, bista ederrak ikusiz bertan zerbait hartzeko ere bai-.
  • Itzulera ibai pasa zerbitzua ematen duen txalupan egin daiteke uda bada. Urola ibaiaz gozatzeko aukera emango digu orduerdiro ateratzen den txalupa honek. Negua bada, berriz, beti dago berriro oinez itzultzeko aukera, Zumaiako oinezko ibilbideen mapan berdez markatuta dagoen ibilbidea eginez (eskuratu planoa hemen).
  • Santiago hondartzara joaterakoan nahiz itzuli ondoren Industri Ondarea (eta batzuetan Itsas Ondarea ere) ezagutzeko, herrian zehar dauden panelak irakurtzea gomendatzen dugu, Zumaiako ondare garrantzitsu eta ezezagunenetako bat baita (Turismo Bulegoan nahiz hemen eskuratu daitekeen “mapa turistikoan” markatuta dago kokagunea). Informazio gehiago ZIIZ elkartearen webguean aurkituko duzu.

Zaindu natura!
Oinezko ibilbidean zehar, hondartzan nahiz txalupan egindako zeharkaldietan ingurugiroa errespetatzeko emandako gomendio guztiak aintzat hartzea eta, ahal izanez gero, beste batzuek eragindako kalteen eragina gutxitzeko ekintzak burutzeko aprobetxatzea proposatzen dugu (adibidez; bidean edo hondartzan zakarrak ez botatzeaz gain, besteek botatako zakarrak jasotzea).