Hirigune historikoa

 

Zumaia bisitatzeko denbora gehiegi ez baduzu ere dena ikus dezakezu. Nahikoa duzu mapa turistiko hau hartu eta bertan azaltzen diren interesguneak bisitatzea. Herri txikia denez ez duzu denbora gehiegi beharko, eta zeure kabuz ezagutu ahal izango duzu.

Panel ugari dituzu azalpenekin eta alde zaharra ezagutzeko, berriz, eraikin historiko bakoitzak informazio laburra du sarrera nagusiaren ondoan jarritako paneltxoan.

Beheko azalpen hauek ere lagungarri izango dituzu
.

 

San Pedro eliza

 

Ziurrenik, 1347an Zumaiako hiribildua sortu ondoren eraiki zen, nahiz eta, antza, Santa Maria Monasterioarekin lotura baduen, horri buruzko lehen aipamenak XIII. mendekoak dira.

Gotorleku soil baten itxura du kanpoko aldetik, eta baliteke piraten garaietan funtzio hori bete izana. Habearte bakarreko eliza da, eta bertan Juan de Antxietak XVI. mendearen amaieran egindako erretaula erromanista zoragarria ikus daiteke.

Aipagarriak dira, halaber, alboetan dituen kaperak. XVI. mendean Ingalaterra, Flandes eta Bretainiarekin itsas merkataritzan jardun zuten merkatari-familia boteretsuenak ziren.

Hemen aurkituko duzu bertan dauden artelanei buruzko informazio gehiago.

Eraikina hobeto ezagutzeko, ikusi bisita gidatua hemen.

 

San Jose Komentua

1609an sortu zuen komentua Francisca Labayenek, bere dorretxean bertan.

Dirudienez, Santa Teresaren erreformei jarraitu zien Euskal Herriko Karmeldarren lehen komentuetako bat izan zen.

Eraikina erreformak proposatutako soiltasunaren erakusgarri da. XX. mendearen hasieran aurrealdean erantsitako elementuek soilik ematen diote monumentu ukitua.

Eraikina hobeto ezagutzeko, ikusi bisita gidatua hemen.

Zumaia jauregi-dorrea

 

 

Zumaiako alde zaharraren erdigunean dago, parrokiatik oso gertu.

Garai batean, Zumaia-Ganboa familia boteretsuaren etxea izan zen. Familia Gipuzkoako Ahaide Nagusien 24 etxeetako bat zen eta herriko aberatsenetako bat.

XV.mendean eraiki zutenetik aldaketa handiak izan dituen arren, oraindik garai hartako zenbait elementu ikus daitezke bertan: antzinako sarrera izan zeneko arku zorrotza, leiho gingilduna eta eraikinaren azpiko aldean dauden hareharri landuak.

 

 

 

Olazabal Jauregi-etxea

 

Juan Olazabalek eraiki zuen. Olazabal Felipe IV.aren idazkaria eta Inkisizioaren Kontseilu Goreneko kontulari nagusia izan zen.

XVII. mendeko eraikin eder honen elementu deigarriena hareharri landuz eraikitako etxearen aurrealdea da. Hor du sarrera, eta solairu nagusian, burdina forjatuzko bi balkoi ditu. Erdiko balkoiaren alde banatan, olazabaltarren leinuko bi armarri eder daude, kareharrizkoak biak. Aurrealdearen erremate gisa, teilatu-hegal zabala du, garaiko gustuen arabera apaindua.

 

Ubillos jauregia

 

Ubillos familiarena izan zen. XVI. mendea baino lehen, jauregia dorre bat besterik ez zen, gaur egungo aurrealdearen ezkerrekoa.

XVI. mendean, jatorrizko dorreari gorputz nagusia erantsi zioten; patio karratu bat, Errenazimentuko gustuen araberakoa; eskuineko dorrea; sarrera zabala, eta balkoiak. Berrikuntza horiekin guztiekin, garai batean izan zuen defentsarako eraikin militarraren itxura galdu zuen jauregiak.

Gaur egun, Zumaiako Musika Eskola dago bertan.

 

 

 

Foronda jauregia

XX. mendearen hasieran eraiki zen Forondako Markesaren udako bizitoki izango zena.

Juan Jose Gurrutxagak, Eibarko udal-arkitektoak, diseinatu zuen. Estilo eklektikoak erdi aroko gazteluen itxura ematen dio jauregiari. Eraikin hau XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran nobleziak eta burgesia berriak gogoko zuen estiloaren adibide garbia da.

 

 

 

San Telmo marinelen kofradia

 

Garai bateko marinelen kofradiaren egoitza zen eraikinean, arrainen salmenta egiteko era- biltzen zen makina bitxia dago ikusgai, hain zuzen ere etnografikoki balio handikoa eta Euskal Herrian bakarra dena.

Bisita gidatuen bidez eta aurrez ordua eskatuta ikus daiteke (informazio gehiago hemen).

 

 

 

Arritokietako ermita

Herriaren goiko aldean dago, gain batean. Bertan, Zumaiako zaindaria den Andre Mariaren irudia dago. Irudia XVII. mendeko erretaula batean ikus liteke. Erretaularen azpiko aldean, zalantzarik gabe, XVI. mendekoa den triptiko hispano-flandestarra dago.

Triptiko honen erdian Pietatea agertzen da eta alboetan San Joan Bataiatzailea eta beharbada San Frantzisko. Gaixo kutsakorrentzat sortutako ospitale zaharra ermitaren alboan zegoen garai batean. Bertan egon zen San Frantzisko Borja entzutetsua.

Esan daiteke Zumaiaren ikuspegi ederrenetakoa eskaintzen duela leku honek. Bertatik Arritokietako Andre Mariak zumaiar guztiak zaintzen omen ditu.

 

San Telmo ermita

Hau ere ez da begiraleku txarra! Itzurun hondartzaren gaineko labarren ertzean dago. Ermitari buruzko lehen lekukotza idatzia 1540koa da. Ermitari izena ematen dion santua marinelen zaindaria izaki, ez da harritzekoa XVII. mendetik aurrera ermita hau San Telmo Marinelen Kofradiaren egoitza izatea.

Bere arkitektura herri estilokoa da. Ermitaren barnean rokoko estiloko erretaula nabarmentzen da. Erretaula egurrezkoa da, polikromiarik eta urre-kolorerik gabea. Erretaula Santiagoren eta Santa Klararen irudiek mugatzen dute. Irudi hauek herriak bi santu hauen izeneko ermitak saldu zituenean egin ziren.

 Bisita gidatuen bidez eta aurrez ordua eskatuta ikus daiteke (informazio gehiago hemen).

Z Kultur Gunea eta Santiago ermita

Ignacio Zuloagak sortu zuen kultur gunea (1910- 20), XV. mendeko ermitaren eta Santiago bideko erromesen ostatuaren hondarrak zaharberrituta. Eraikin bat erantsi zion multzoari, estudio-tailer gisa erabili zuena.

2012. urteaz geroztik Z Kultur Guneak erakusketa iraunkorra du: euskal margolariaren obra sorta bat, haren bilduma historikoa (XIII-XX mende bitartekoak) eta nazioarteko artista moderno eta garaikide ezagunen obra esanguratsuak ditu, besteak beste Picasso, Miró eta Tàpies.

Harremanetarako: Tel.: 677 078 445 • www.espaciozuloaga.com  

 

Beobide Museoa

Kresala izeneko etxean dago, Zumaiako eskultoreak bere lantegia izan zuen tokian. Ignacio Zuloagaren laguna izan zen Beobide. 1891n jaiotako eskultore honek bere lanaren zati handi bat erlijiozko eskulturari eta ohitura- errealismoari eskaini zien.

Museoan zenbait zirriborro daude bai eta askotariko materialekin egindako obrak ere, gehienak ordea, egurrezkoak dira. Obra hauen artean, amaitu gabeko Kristo bat ikus liteke. Gainera, Beobidek bere lanetarako erabili zituen lanabesak ere ikusgai daude museoan.

Une honetan aurrez hitzartuta bisita daiteke. Informazio gehiago hemen.

 

"Algorri" Naturaren Interpretazio Zentroa

 

Eraikin modernista hau, 1912an eraiki zuten udal-hiltegi izateko asmoz. Gaur egun “Algorri”  Naturaren Interpretazio Zentroa dago bertan.

Zentro honetan Zumaiako natur ondarea ezagutu liteke, tartean inguru geologikoa: mundu osoan ezagunak diren flysch formazioak, marearteko zabalgunea eta bertako labar ikusgarriak. Modu osagarrian, Euskal Kostaldeko Geoparkearekin elkarlanean, Zentroak gaiarekin lotura duten beste hainbat jarduera eskaintzen ditu turistentzat nahiz ikasleentzat.

Harremanetarako: Tel. 943143100  www.algorri.eus

 

MUSEOAK ETA ERAIKIN BISITAGARRIAK
MUSEOAK ETA ERAIKIN BISITAGARRIAK