Errepresio frankista jasan zuten zumaiarren inguruko informazio bila ari da Udala
2019an argitaratutako ikerketatik abiatuta, 1936-1945 bitarteko biktima guztiak sailkatuko dira, eta, bestalde, 1945-1959 bitartean errepresio frankistaren biktima izan ziren zumaiarrak identifikatzeko lanari ekingo zaio. Aranzadi fundazioaren eskutik egingo du lana Udalak, eta bi bide zehaztu dituzte informazioa jasotzeko: memoria@aranzadi.eus e-maila etta 943 46 61 42 telefono zenbakia.
2019an argitaratu zuen Zumaiako Udalak Gerra Zibilean eta lehen frankismoan (1936-1945) izandako errepresioari eta giza eskubideen urraketei buruzko ikerketa lana. Gerra Zibila nahiz gerraosteko errepresioa, atzeguardian emakumeen aurka eragindako errepresioa eta kanporaketak, erbestea, fusilamenduak eta desagerpenak, gerra kontseiluak eta epaiketak, ihes egindakoak eta desagertutakoak, errepresio ekonomikoa, garbiketak, atxilotuen esparruak eta errepresio lausoa izan zituzten aztergai lan hartan, eta Aranzadik liburu batean bildu zuen informazio guztia.
Orain, 1936tik 1959ra bitarteko aldi hura areago ikertzen eta orduko memoria historikoa osatzen jarraitu nahi du udalak, fundazio beraren eskutik. 2019an argitaratutako ikerketatik eta argitalpenetik abiatuta, identifikatuta dauden 1936-1945 bitarteko biktima guztiak sailkatuko dira, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lehen frankismoko garairako ezarriak dituzten giza eskubideen urraketa mailaren arabera. Eta, bestalde, 1945-1959 bitartean errepresio frankistaren biktima izan ziren zumaiarrak identifikatzeko lanari ekingo zaio.
Berrikuspen eta ikerketa lan horiek egiteko, herritarren informazioa eta testigantzak beharko ditu udalak.
Errepresio frankista jasan zuten zumaiarretako bat bazara, edo horietako norbaiten berri baduzu, idatzi edo deitu:
> memoria@aranzadi.eus
> 943 46 61 41
Albiste erlazionatuak
Memoria
- Iñaki Beobide Agirrezabalaga, gugan bego 2024/01/16
- Francoren 1936ko altxamendu faxistaren ondorioz hildako zumaiarrak omenduko dituzte abenduaren 16an 2023/12/06
- 'Kontakizunekin jolasean' tailerra egingo dute larunbat honetan Emakumeon* Etxean, Geuretik Sortuak ekimenaren barruan 2023/06/15
- 'Itzalpeko Emakumeak' erakusketa martxoaren 4an irekiko da 2023/02/27