Zumaiako Udalaren adierazpena azaroaren 25a dela-eta

2021/11/25

Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, Zumaiako Udalak hainbat konpromiso hartzen ditu, eta dei egiten die herritar guztiei gaur arratsalderako Mugimendu Feministak egindako mobilizazio deialdian parte hartzera.

2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 101 emakume eta 11 haur erail dituzte Euskal Herrian. Zenbaki onartezin honen atzean izenak eta izanak daude. Erauzitako bizi proiektuak. Bereziki memorian gorde nahi ditugu, 2021ean zehar erail dituzten Erika Tavares, Conchi Gonzalez, Aintzane Pujana, Maria Pilar Berrio Jimenez eta Miarritzeko 75 urteko bizilaguna.

Urte honetan ere bereziki aipatu nahiko genuke, izebergaren punta diren erailketa hauez gain, ohikoak bilakatu direla gizonezkoek taldean egiten dituzten bortxaketei buruzko salaketa publikoak. Hala ere, eraso bakoitzaren aurrean, hauek salatu dituen Mugimendu Feminista saretu bat atera da kalera. Gaurko egunean ere, talde hauen lana eta ezinbestekotasuna azpimarratu behar dugu.

Urte luze hauetako lana izan da Indarkeriari maskara kentzea. Ez da lau zororen kontua. Sistema patriarkal sendo baten ondorioa baizik. Indarkeria matxistei buruz egindako makro-inkestak datu larria mahaigaineratu zuen: bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar.

Istanbulgo Hitzarmena ekarri nahi dugu gogora, urte luzeetan zehar Mugimendu Feministak egindako Indarkeriaren ikuspegi zabalpena bildu zuen lehen tresna loteslea. Hitzez hitz esaten du "emakumearen aurkako indarkeriatzat" ulertu beharko dela giza eskubideen urraketa bat eta emakumeen aurkako diskriminazio modu bat, eta generoan oinarritutako indarkeria-ekintza guztiak izendatuko direla, emakumeentzat kalte edo sufrimendu fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoak dakartzatenak edo eragin ditzaketenak, ekintza horiek egiteko mehatxuak barne, hertsapena edo askatasuna arbitrarioki kentzea bizitza publikoan edo pribatuan.

Azaroaren 25ean, nazioarteko tresna lotesle hau aintzat hartuta, emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela adierazteko eguna da, eta, hori ez ezik, indarkeria sorrarazten duten eragile guztien aurka ere bagaudela esatekoa. Bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudelako.

Indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna da, jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita, hala nola ukitzeak; ahozko lizunkeriak; publizistek eta mass-mediek emakumeen gorputzari ematen dieten erabilerak; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, jendarte-sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea, eremu publikoa (eskolako patioak, jolastokiak, parkeak) askatasunez okupatzeko zailtasunak; edota emakume eta gizonen arteko berdintasuna zuzenean erasotzen dituzten administrazio-erabakiak. Bigarren estadio batean, sexu-erasoak eta eraso fisikoak egongo lirateke, eta, esparrurik bortitzenean, erailketak.

“Normaltasunera” bueltatzen ari garela zabaltzen ari den egun hauetan, Indarkeria Matxista pairatzen duten horientzat, ordea, ospatzeko normaltasunik ez dagoela adierazi beharrean gaude.

Gutariko bakoitzari dagokigu egoera hori aldatzea, eguneroko zereginetan hasiz, gure inguru hurbilenean jardunez. Eta gure kasuan, Zumaiako Udalaren aldetik horretarako beharrezkoak diren baliabide tekniko, ekonomiko eta politikoak aktibatzeko konpromisoa hartu behar dugu, berdintasun-unitateak sustatuz eta haiei laguntza eskainiz, berdintasun-teknikarien egonkortasuna edo kontratazioa bultzatuz, edota emakumeen parte-hartzerako guneak sustatuz hala nola, emakumeen etxeak eta txokoak, ahalduntze-eskolak, jai parekideak eta abar.

Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, Zumaiako Udalak ondokoak gauzatzeko konpromisoa hartzen du:

  1. Zumaiako Udalak ez du murrizketarik egingo 2022ko berdintasun-aurrekontuetan, eta gainera, berdintasun-unitateak egonkortzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen du.
  2. Zumaiako Udala indarkeria matxistan zuzen aritzen diren sail eta profesionalen arteko elkarlanaz eta instituzioen arteko koordinazio egokiaren errefortzuaz arduratuko da, betiere sistematizazioa eta arreta-ibilbidearen hedapen egokiak bermatuz.
  3. Zumaiako Udalak herritarrentzako, eta bereziki emakumeentzako, dauden baliabideen gaineko informazioa eskuratzeko bideak erraztuko ditu.
  4. Zumaiako Udalak indarkeria matxistarekin zerikusia duten baliabide, zerbitzu eta prozedura guztiak, administratiboak nahiz judizialak, publikoak, doakoak eta ez diskriminatzaileak direla bermatu eta bermatzeko dei egiten du.
  5. Zumaiako Udalak herriko mutil eta gizonei zuzendutako lanketa berezituekin jarraitzeko konpromisoa hartzen du, afektibitatea, harreman-ereduak, maskulinitate-ereduak, rol sexistak gainditzeko estrategiak, eta parekidetasuna lantzeko besteren artean; eta horretarako programa zehatzak aktibatzeko konpromisoa ere hartzen du.
  6. Zumaiako Udalaren aldetik borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.
  7. Bat egiten dugu mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta jendarte osoari ere dei egiten diogu mobilizazio horretan parte har dezan.