Pasiera bat Zumaiako altueratik
Leku berri bat bisitatzerakoan, aurrez Interneten bilatzen dituzu toki horren informazioa eta argazkiak. Informazio praktikoaz gain, argazki eta irudi onenak nondik atera ditzakezun jakin nahi duzu. Aitortu ezazu, berdina egin duzu Zumaiara etorri aurretik! Lasai, argazki ederrenak nondik atera ditzakezun esango dizugu. Hori bai, ekar itzazu kamerako memoria-txartel batzuk, beharko dituzu eta!
Zumaiara iristean, eta, autoz bazatoz, herriko sarreretan doako aparkalekuak dituzu. Berehala iritsiko zara erdigunera, eta, bien bitartean, herriaren ikuspuntu bikainak izango dituzu. Batetik, Zumaiako Turismo Bulegotik gertu aparkatuz gero, Zumaia parez pare izango duzu. Ohikoa eta askotan ikusitako irudia izan arren, San Pedro parrokiaren presentzia nagusiak ez zaitu aspertuko. Berdina gertatuko zaizu kirol portuan aparkatu eta bertatik izango duzun ikuspuntuarekin.
Aparkatu ondoren herrira joatea duzu onena: Kantauri itsasoa zain izango duzu. Itzurun hondartzara iristean, jarri balkoian eta ezkerrera begiratu; Algorriko labarrak kobazuloz zulatuta dituzu (ea elefanteak ikusten dituzun), eta uretan surflariak olatuekin dantzan arituko dira beharbada. Eskuinean, berriz, haitz brankada izango duzu, eta harraldean edo haitzetan herritarrak olagarroaren arrantzan. Horrez gain, urrezko iltzeen bidez adierazten diren denbora mugen estratotipo geologikoek mundu mailako erreferente bihurtzen dute Itzurun.
San Telmo ermita ere begi-bistan izango duzu. Ezagunak dira San Telmo ermita eta bertatik ikus daitezkeen ikuspegiak. Hainbat argazkitan ikusiko zenuen. Orain zure txanda da. Bertara joan zaitezke, eta handik edota Algorri puntatik, Zumaiaren irudi paregabeak izango dituzu.
Altuerara jauzi egiteko ordua da. Herriko kaleetan barrena zabiltzala, bi dorre ikusiko dituzu une oro; Foronda jauregia eta San Pedro parrokia. Foronda kultur etxea da, eta leku pribilegiatuan egotean, Zumaiako bista desberdinak eskaintzen ditu. San Pedro parrokiak, berriz, Zumaiako erdigunea izateaz gain, herria menperatzen du, eta antzina itsasotik iristen ziren erasoen gotorlekua izan zen. Horregatik, Zumaiako 360 graduko bista ikaragarria aurkituko duzu!
Are garaiera altuagoa nahi izanez gero, beste bi puntu ditugu zuretzat: Talaimendi eta Done Jakue bidea Getariako noranzkoan. Oinetako erosoak jantzi, eta hasi ibiltzen. Talaimendi Itzurun hondartza ondoan dago, 82 metroko altuera du, eta baleak ikusteko eta kostaldean gertatutako guztiaz ohartarazteko balio zuen. Kostaz gain, ordea, herriko ikuspuntu desberdin bezain ezezaguna eskaintzen du. Gomendagarria benetan!
Done Jakue bidera iristeko, Narrondo ibaiaren gaineko oinezkoen zubitik abiatu ondoren, itsasadarra inguratu beharko dugu Zuloaga museoaren aldamenean. Bertan ekingo diozu Askizu aldera eramango zaituen aldapari. Igotzen ari zaren heinean, ezkerretara Zumaiaren panoramika bikaina izango duzu, eta eskuinean, berriz, txakolin mahastiak. Zerua ukitzen sentituko zara!