Historia

Portu zaharra

Zumaiako sorrerari buruzko zenbait alderdiren inguruan misterio uneak azaltzen diren arren, ikertzaile guztiak bat datoz honetan: herria monasterio baten inguruan sortu zen. Monasterio hori, Santa Maria izenekoa, Orreagako fraideena zen 1292. urteaz geroztik, urte horretan Antso IV.a Gaztelako erregeak pribilegio baten bidez eman baitzien. Horixe da, behintzat, "Zumaya" izena aipatzen duen dokumenturik zaharrenak dioena.

 

Udaleko eta parrokiako artxiboetan gordetzen diren dokumentuak aztertu ondoren, historialariak ez dira ados jarri, batez ere Santa Maria geografikoki kokatzeko orduan: batzuen ustez, gaur San Pedro parrokia dagoen leku berean zegoen; beste batzuen ustetan, aldiz, Arritokietako ermitan kokatu behar dugu, eta bada, gainera, aspaldi desagertu zen eraikin batekin identifikatzen duenik ere. Baina, dena dela, gauza bat argi dago: monasterio hartako fraideak izan ziren herriaren jaiotzaren testigu zuzenak, harresiz inguratutako herri bat sortu asmoz, Saiatz bailaran sakabanaturik zeudenek Santa Mariako inguruetan biltzea erabaki ondoren, ordura arte etengabe jasandako piraten eta lapurren erasoen aurrean babes bila nonbait. Hurbil, estrategikoki ongi kokatua eta, gainera, itsaso ondoan zegoenez, ez dirudi fundatzaileek zalantza askorik izan zutenik Alfonso XI.ari Zumaia juridikoki herri bihurtzeko behar zuten baimena eskatzeko. Gaztelako errege horrek 1347. urtean sinatu zuen «Villa de Villagrana de Zumaya»ren Fundazio Gutuna. Zergatik «Zumaya»ren izena? Eta zergatik Villagrana? Zumaia toponimoari dagokionez, ikertzaile gehienek «zume» hitzetik datorrela diote, garai hartan Zumaiako parajeak ihi edo antzeko landarez josita omen zeudelako. Eta Villagranari dagokionez, berriz, artadiek ematen zuten «grana» aipatzen dute arrazoitzat zenbait ikertzailek. Sarritan izenari erantsi izan zaion «Noblea» eta «Leiala» adjektiboen erabilerak ere ba omen du bere zergatia: XV. mendearen ondorengo dokumentuen trasladoetan agertzen diren tituluak dira, eta horretarako baimen zehatzik jaso ez bazuten ere, Gipuzkoako edozein herritan hitz hauek erabil zitezkeela erabaki zuten 1523. urtean Batzar Probintzialek, garai hartan herrialde honetan gehiegi erabiltzen ziren «txit noble» eta «txit leial» tituluen ordez.

Historian zehar, sortu zen une beretik ia, aldameneko herriekin zenbait tirabira izan zituen Zumaiak. Debaren aurrean, adibidez, bere lurraren jabegoa defenditu behar izan zuen, harik eta Iruñeko Tribunal Eklesiastikoa hasieran, eta azkenik, 1391. urtean, Erromakoa bera ere zumaiarren alde azaldu ziren arte. Getariarekin ere izan zituen gorabeherak, Zumaiako ibai eta kanalari buruzko jurisdikzio eskubideak zirela-eta. Arazoa 1416. urtean konpondu zen, aipatu puntuetan arrantzatzeko eta nabigatzeko eskubidea Zumaiak nahiz Getariak zutela zioen adostasun idazki bat sinatzean. Saiatz bailaran dagoen Aizarnazabal izan zen, bestalde, Zumaiak Zestoarekin izan zuen auziaren arrazoia; azkenean, emaitzarik gabeko zenbait saiakera egin ondoren, Aizarnazabalek independentzia lortu zuen 1861. urtean.

Nolanahi ere, auzirik luzeena eta ekonomikoki garestiena Orreagako monasterioko fraideekin izandakoa gertatu zen; izan ere, Fundazio Gutuna lortu baino lehen fundatzaileen eta Orreagako abadearen artean sinatutako akordioaren baldintzak, denboraren poderioz, iluntzen joan ziren, eta horrek kontraesanak eta gaizki-ulertuak sortu zituen. Akordio haren arabera, elizak bere ondasunen jabetzari eta zenbait eskubideri eutsiko zien, baina herriak ondasun horien gozamenerako eskubidea eskuratu zuen, errenta baten truke. Prozesu luze baten ondoren, azkenean, 1641. urtean konpromiso bat sinatu zuten, eta, horren bidez, Zumaiak bere gain hartu zuen parrokiaren patronatua, baina indemnizazio handi baten truke. Akordioaren prezioa handiegia izan zen, garai hartako udal kontuek argi islatzen dutenez, baina zenbait ikertzaileren ustetan, akordio horretara iritsi izana garai hartan Felipe IV.aren idazkaria zen Juan de Olazabal zumaiarrari eskertu behar zaio, hark egin baitzituen bitartekari lanak prozesu luze hartan. Bera izan zen, hain zuzen ere, Zumaiako lehen eskola sortu zuena 1652. urtean. XVI. mendean 136 etxe zeuden Zumaian; horietako 70 harresi barruan zeuden sei kaletan zehar, eta gainerako 66ak, berriz, kanpoaldeko hiru auzoetan sakabanaturik. Guztira, 108 abizen zeuden erregistratuta, hauetariko 53 «jauntxo» kalifikazioarekin. Gaur egun ez dago etxe handi eta dorreen parean bakarrik eteten zen harresi haren arrastorik. Herriko sarrerak, atari nagusia adierazten zuen gurutzea zeramana barne, XVIII. mendean desegin zituzten, «libreago gera dadin». Itsasokoa zen herrira sartzeko bide natural bakarra, eta dirudienez, baita arriskutsuena ere, herrira sartzeko biderik errazena baitzen.

Arrantza kaianXVI. mendetik aurrera, gauzak asko aldatu ziren; auskalo zenbat aldiz urtu zen parrokiako kanpaien metala. Aspaldi erretiratu zuten, bestalde, kanpai nagusi zaharra; kanpai hark, 1578. urteaz geroztik, sei kanpai kolpez iragartzen zituen, alkatearen aginduz, erregimentuko bilkurak: alkatearen helburua herritarrei bilkuretan parte hartzera deitzea zen. Bestalde, mendeak igaro dira alkatea parrokiaren atarian bertan hautatzeari utzi ziotenetik. Alkatea aukeratzeko batzarrak ekainaren 24ko Meza Nagusiaren ondoren egiten ziren hasieran, eta, 1614. urteaz geroztik, abenduaren 27an «San Joan eta San Pedro egunak hurbil daudenez, gauzak behar bezala prestatzeko astirik ez dagoelako». Gutxienez etxe bat zutenek zuten botoa emateko eskubidea, eta garai hartan txapelak eta zilarrezko pitxerrak erabiltzen ziren hautestontzi gisa. Erloju zaharra — 1845. urtean aldatu zen— eta elizako organoa hondatu samarrak zeuden ordurako, eta 1585. eta 1616. urteetan konpondu egin behar izan zituzten erabilgarri jarrai zezaten. Gaur egun ez dira, garai hartan bezala, bi zuhaitz ebakitzen Batzar Nagusiak herrian ospatzen diren bakoitzean, «probintziako idazkariari egurra eta ikatza eskaini ahal izateko». Baina bada, halaber, urte haietan Batzar Nagusiek onartu eta oraindik ere aldatu ez den erabaki bat: 1620. urteko abenduaren 27an, Arritokietako Ama Birjina Zumaiako zaindari izendatu zuten; Gipuzkoako patroi Loiolako San Inazio izendatu zuten egun berean, hain justu.

Ontziolak Itsasargi pasealekuanUrteak eta mendeak igaro ahala, zumaiarren bizimodua, ohiturak, eginbeharrak, herriaren egitura, udal ordenantzak, eta abar aldatuz joan dira. Aldaketa horien haritik, herrian garai bakoitzean nagusitu izan diren jarduera ekonomikoen errepaso txikia egingo dugu, parametro ekonomikoak funtsezkoak baitira herrien historia eta bilakaera ulertzeko. Nekazaritza zen diru iturri nagusia Zumaia sortu zenean. Hala ere, ugari ziren arrantzan eta itsas nabigazioan lan egiten zutenak; izan ere, ibaia oso oparoa zen urte haietan, eta aingirak, amuarrainak, itsaskiak, izokinak eta beste hainbat arrain mota aise arrantzatzen ziren. Gainera, asko ziren arrantza eta nekazari lanak tartekatzen zituztenak; eta, gogoratu behar dugu, aldi berean, asko zirela zementugintzan jarduten zutenak, inguruko lurretan zeuden materialak aprobetxatuz. Bestalde, 1391. urteko sententzia batek XIV. mende amaieran ibaian itsasontziak egiten zirela adierazten digu, zuhaitzak moztea baimentzen baitzuen, ontziolei egurrez hornitzeko. Jarduera horien guztien bilakaeran, noski, eragin handia izan zuen herriko portuak. Badago, bestalde, Santiago hondartza eta herria komunikatzen zuen itsasontzi txikiaren etekinak XVI. mendean Zumaiak zituen diru iturririk inportanteenen artean aipatzen dituen ikertzailerik ere. Ondorengo bi mendeak —XVII.a eta XVIII.a— ez ziren oso emankorrak izan. Nekazaritzak herriko jarduerarik nagusiena izaten jarraitu zuen Zumaian, nahiz eta zenbait elikagairen ekoizpena —garia, artoa eta baba, kasu— defizitarioa izan. Egoera larria zela dirudi, 1766. urtean herri guztia miatu baitzuten etxez etxe jendeak behar baino ale gehiago gordetzen ote zituen egiaztatzeko. Itsas nahiz lur garraioan egiten zuten lan beste zenbaitzuk, eta, dirudienez, arrantzak gora egin zuen garai hartan; 1610. urtea baino lehenago sortua baitzen jada San Telmoko Marinelen Kofradia: hala adierazten digu Pablo V.a Aita Sainduak igorritako bula batek, zeinaren bidez «pribilegio izpiritual eta induljentzia bereziak» eskaintzen zizkien kofradia horretako kideei. Krisiaren eta egoera ekonomikoaren eraginez, XVI. mendean hasitako emigrazio mugimendua areagotu egin zen urte horietan — 1616an Zumaiak, Aizarnazabal barne, 935 biztanle besterik ez zituen—. Bi mende pasa ziren, gainera, kanpora jotzeko joera hori aldatzen hasi zen arte.

Santillana kaiaEgoerari buelta ematen hasi zirenerako, XVIII. mendea aurreratuta zegoen. Krisialdia gainditzen lagundu zuen faktore nagusienetako bat nekazaritza izan zen: itsas padurak lehortu egin ziren, eta, ondorioz, ordura arte antzuak ziren lurretatik uztak jasotzen hasi ziren. Baina ez zen hori izan gorakadaren eragile bakarra; XIX. mendean, zementugintza herriko ekonomiaren eragile nagusi bihurtu zen, eta, bide batez, portuaren mugimendua aberastu zuen. Gainera, komunikabideak hobetu egin ziren: 1882-1885 bitartean Zumaia eta Getaria arteko errepidea egin zen (ordurako, Getaria lotuta zegoen Donostiarekin); 1900. urtean Deba eta Zarautz lotu zituen trenbidea egin zen, eta 1926. urtean Urolako trena (gaur egun, geldirik) jarri zen martxan. Komunikazio sarearen zabalpenak, beraz, izan zuen eraginik herriaren garapenean, baina, Beduari dagokionez, kalteak besterik ez zituen eragin, Urolako zubiak ibai gorako bidea oztopatu baitzien itsasontziei, eta horrek hilzorian utzi baitzuen Beduako portua. XX. mendearen hasieran, zementugintzaren ordura arteko loraldia ahultzen hasi zen —esaterako, 1915. urtean fabrika bakarra zegoen, eta zortzi urte lehenago, aldiz, bost—, eta ontzigintzak, berriz, goraka egin zuen; baita, geroxeago, motorgintzak (Zumaian muntatu zen Espainian egindako lehenengo diesel motorra) ere. Industria jarduerek Zumaian izan zuten gorakadak populazioaren hazkundea eragin zuen, immigrazioak bultzatuta batik bat.

Ondoko datu hauek migrazio mugimenduen berri zehatza ematen digute: 1965. urtean, Zumaiak 5.889 biztanle zituen, ia-ia 65 urte lehenago baino 3.500 gehiago; eta 1950. urtean, herrian bizi zirenen %68 zen jaiotzez zumaiarra (%21 Gipuzkoako beste herrietakoak ziren, eta %11, berriz, Estatuko beste probintzia batzuetatik etorriak). Azken zenbateko hori handituz joan zen hurrengo hamarkadan. Beraz, Zumaiako ekonomiaren eragileak erabat aldatu dira urteak eta mendeak aurrera joan ahala: 1950. urtean, herriko langileen %56k industrian egiten zuen lan, eta nekazaritzan, aldiz, %7k besterik ez. Urte batzuk geroago, krisiaren eraginak iritsi ziren Zumaiara, eta, ondorioz, ordura arte punta-puntakoak izan ziren zenbait enpresa itxi, eta langileak kaleratu ziren. Gaur egun, portzentaje horiek aldatuz doaz, krisiaren gorabeherei jarraituz.