Aita Mari zine aretoa beste 30 urtez erabiltzeko hitzarmena sinatu dute Zumaiako Udalak eta San Pedro Parrokiak

2021/09/09

Hilean 1.800 euroko errenta ordainduko dio Udalak Parrokiari, eta beharrezkotzat jotzen dituen obrak egin ahal izango ditu eraikinean.

Zumaiako Udalak 1991an akordatu zuen Aita Mari aretoaren erabilpena, Zumaiako Familia Gurasoen Elkarte Katolikoarekin. Eraikina Udalari laga zion, elkarteak zeukan arazo ekonomikoa konpontzearen truke. 30 urteko iraupena zuen kontratuak, eta behin agortuta, urtero luzatu zitekeen, bi alderdien adostasunez. 2020an, Zumaiako Familia Gurasoen Elkarte Katolikoak (aurreko titularrak), Zumaiako San Pedro Parrokiari doako lagapena eman zion, “Zumaiako ongintza- eta gizarte-helburuetarako erabiltzeko”. Hala, egun, 2020tik, San Pedro Parrokiarena da Aita Mari aretoaren jabetza.

Kontratuaren muga-eguna 2021eko maiatzean iritsi zen, eta tarte honetan bi aldeek hitzarmen berriaren oinarriak zehaztu dituzte: Parrokiak prezioa jarri dio erabilera-lagapenari, bere beharrei aurre egiteko; eta Zumaiako Udalak, berriz, aprobetxamendu-epea beste 30 urtez luzatzea lortu du, bertan egingo dituen inbertsioak amortizatzeko.

Horrenbestez, Udalak, hilean 1.800 euroko errenta ordainduko dio Parrokiari, eta trukean, Udalak beste 30 urtez erabili ahal izango du Aita Mari aretoa. Udalak era guztietako gastuak eta konponketak bere gain hartzeko betebeharra izango du, eta eraikinari emango dion erabilerarako beharrezkotzat jotzen dituen obrak egin ahal izango ditu.

30 urtekoa da kontratuaren iraupena, hau da, 2051ean amaituko litzake. Edonola ere, Udalak, adierazitako epea amaitu baino lehen, bere jabetzako beste higiezin bat egokitzen badu zinema areto moduan, kalte ordainik gabe suntsituko da kontratua.