Obra zibila amaituta, Komentua kultur topagune bihurtzeko lanketari berrekin diote Udalak eta elkarteek
Eraikina egokitu eta beharrezko ekipamenduarekin janzteaz gain, bertan jardungo duten herriko kultur eragileekin lanketa prozesu parte-hartzailea abiatu du Udalak, Kultur Topagunearen kudeaketa eredua definitzeko. Helburua da 2025/2026 ikasturterako espazio berri hau herriko kultur elkarte eta sarearen bilgune eta erreferente bihurtzea; auditorioa, ahal dela, 2025eko udaran zehar zabalduko dute.
Zumaiako Udalak Komentuaren obra zibila amaitu berri du irailarekin batera. Horrela, eraikina egituraz eraberrituta eta baldintza teknikoak beteta, hurrengo faseei ekiteko prest dago. Lan horien artean daude beharrezko mobiliarioa ezartzea, lorategiaren berrikuntza egitea eta aterpetxea hornitu eta eta martxan jartzea, baina baita Kultur Topagune berriko kudeaktea eredua zehaztea ere. Bestelako proiektuak ere baditu eskuartean Udalak: Komentuan bizi izan ziren mojen bizitzari buruzko interpretazio gunea eta lorategiko kantina, besteak beste.
> Ikusi argazki galeria albistearen amaieran
Asmoa da Komentua 2025/2026 ikasturterako guztiz martxan egotea, Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak bertan jarduerak hastea, eta Kultur Topagunea herriko elkarte zein sortzaileentzako erreferente eta sinergia-gune bilakatzea. Komentuaren leku ezagunena dena —kapera zena, zumaiarrek gehien ezagutzen duten espazioa— auditorio bihurtuko da, Zumaiarentzat oholtza berri garrantzitsu bat. Zutik 200 pertsonako aforoa izango du eta 120 lagunekoa eserita, eta arte eszenikoak eta bestelako ekitaldiak hartzeko egokituko da aretoa.
Zumaiako Udalak, 2022an obra abiatu zenetik, 6'18 milioi euroko inbertsioa egin du guztira fase honetan; horietatik 2'78 milioi euro Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak kudeatutako PIREP dirulaguntzetatik lortu ditu, eraikinaren ondare kulturalaren balioa babestearekin batera energia efizientzia maila ahalik eta altuena duen eraikina sortzegatik, eta, 241.935 euro Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailetik, Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko dirulaguntzen barruan.
Elkarteekin elkarlanean: kultur munduaren topagunea sortzen
2022ko azaroan abiatu ziren Komentua eraberritzeko lanak, eta, hasieratik, espazio horren izaera berria definitzea izan da Udalaren erronka nagusia. Kultur Topagunea herriko kulturgileak, sortzaileak eta elkarteak biltzeko eta elkar saretzeko gune bihurtu nahi dute, betiere kultur eskaintza aberastu eta herriko ondarearen parte izango den espazio bizi eta dinamikoa sortuz.
Obra zibilaren amaierarekin batera, erronka potolo bati helduko diote orain: Komentua erabiliko duten herriko kultur eragile eta elkarteekin lanketa prozesuari berriro ekitea. Prozesu horretan, Kultur Topagunearen kudeaketa eta espazioaren erabilera ereduaz hausnartuko dute elkarrekin, eta eragileek hasiera-hasieratik definituko dute bertan egingo den jarduera. Udalaren ustez, lanketa horren bidez lortu nahi da Kultur Topaguneak guztion beharrei erantzutea eta komunitatea saretzeko espazio ireki eta dinamiko bat sortzea.
Ez dira zerotik hasiko, ordea. Komentuaren proiektua diseinatzerako garaian dagoeneko partehartu zuten eragile horietako ordezkariek, eraikinak bete behar zituen beharrak zein kudeaketa ereduaren inguruan. Orduan Hiritik At kooperatiba izan zuten bidelagun. Orain, Kultur Topagunearen ateak zabaltzeko urtebete baino gutxiago falta den honetan, xehetasunetara joko dute; Zumaiako Udalak Elhuyar fundazioaren bidelaguntza izango du prozesu guzti horretan.
Horrela, Kultur Topagunea ez da soilik eraikina bera izango, baizik eta bertako erabiltzaileen, herritarren, sortzaileen eta askotarikoen arteko elkarlanaren emaitza. Ez da Zumaian halako eredu bat martxan jarriko den aldia; lehenago ere asko dira horrela antolatzen diren egitasmoak, eta, Emakumeon* Etxeko kogestio eredua eta esperientzia ere ikaspen bikainak izango dira bide berri honetan.
Musika, Dantza eta Antzerki Eskolak, herriko kultur eragileek, eta bestelako elkarteek espazioan egingo dituzten ekimenak kudeaketa parte-hartzailean oinarrituta garatuko dira, eragile guztien inplikazioa eta konpromisoa bermatuz. Elkarteek eta Udalak elkarrekin erabakiko dute espazioaren eguneroko funtzionamendua, programazioaren antolaketa eta baliabideen banaketa, komunitatea eta kultur sarea indartuz.
Kultur topagunea baino gehiago
Eraikinaren eraberritze lanekin batera, Komentuko lorategiaren eta kanpoko espazioen diseinua ere garatzen ari da Udala. Lan horiek egiteko ere dirulaguntza lortu du Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik; 400.000 eurokoa, zehazki. Asmoa da lorategiak eta bertan egongo den kantina guneak inguruneari bizitasuna ematea, herriko eragile eta herritarren arteko elkargune berri bat sortuz.
Izan ere, Udalaren helburua ez da soilik kultur jardueretarako espazio bat sortzea; Komentua eta honen ingurune osoa Zumaiako Alde Zaharreko herritarrentzako, zumaiar guztientzako zein bisitarientzako gune ireki eta bizi bat garatu nahi du Kultur Topagunearen bueltan. Horiek horrela, Kultur Topagune berria sormen eta kulturaren bilgune izango da, baina baita komunitatearen topagune eta elkarlanerako eta gozatzeko espazio berritzaile bat ere.
Aterpetxea ere egokituko da, bisitari guztientzat zabalik egongo dena, eta horrekin batera, mojen komentu-bizitzari buruzko interpretazio-zentro bat sortzeko lanetan dabil Udala, bertako ondarea eta historia herritarrei gerturatzeko asmoz.
Komentua eraberritzeko proiektuaren zati bat Europar Batasunak finantzatu du, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren funtsen bidez, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) esparruan. Dirulaguntza lortu izanak dakartzan betebeharrak betez, erakundeon ikusgarritasuna eta komunikazioa bermatzen da.
> Ikusi argazki galeria:
Albiste erlazionatuak
Komentua
Kultura
Parte hartzea
- Kulturaren munduan aritzen direnak bilduko dira urriaren 28an, 'Zumaian euskararekin zer?' galderari erantzuteko 2024/10/24
- Santiagoko dunetatik landare inbaditzaileak kentzeko auzolana egingo dute hilaren 29an 2024/10/23
- 'Zumaian euskararekin zer?' prozesuaren barruan partaidetza saioei ekingo diete urrian 2024/10/03
Hirigintza
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Zumaiena ikastetxearen ondoko pasabidea seguruagoa bihurtzeko eskuhartzea egin du Udalak 2024/11/27
- 19,7 milioiko aurrekontu proposamena 2025erako, 'gizarte zerbitzuak, berdintasuna, irisgarritasuna eta inbertsio estrategikoak oinarri' 2024/11/20
- Ardantzabideko igogailua ez da erabilgarri egongo ostegunean eta ostiralean 2024/11/19
Zumaia bizitzeko da
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- 2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea 2024/12/11
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04