Udazkena bero dator Aita Mari antzokira
Dagoeneko prest dago udazkeneko arte eszenikoen eskaintza: urritik abendura bitartean dantza emanaldi bat eta sei antzezlan –hiru helduei zuzendutakoak, eta beste hiru haur eta familientzat– ikusi ahal izango dira Aita Mari antzokian.
Zumaiako Udalak dagoeneko iragarri du Aita Mari antzokian udazken honetan izango ditugun emanaldien zerrenda. Guztira zazpi obra izango ditugu herrian: dantza emanaldi bat eta sei antzezlan –hiru helduei zuzendutakoak, eta beste hiru haur eta familientzat–.
Ohi bezala, sarrerak turismo bulegoan edo sarrerakzumaia.eus webgunean erosi ahal izango dira aurrez (emanaldiaren aurreko asteko asteazkenetik aurrera), eta, Aita Mari antzokiko leihatilan egunean bertan.
Helduentzako antzerkia:
Askotariko gaiak jorratzen dituzten, eta estilo desberdinetako obrak iritsiko dira udazkenean Aita Marira:
- URRIAK 18, OSTIRALA | Mundu guztietan onena (Gheada konpainia). Antzokiko iluntasunean, emakume bat dabil. Ibiltzen den bitartean, bere bizitzaren balantze bat egiten du, pixkanaka bere buruaren eta, hedaduraz, bere garaiaren autoerretratu bat osatuko duen narrazio bat. Mundu guztietan onena bete gabeko itxaropen eta promesei buruzko barne-bakarrizketa da, belaunaldi baten bizipenen bidez zatikatutako erretratua, erabat eraldatu zuten oroitzapen eta esperientzien kontakizun pertsonal eta intimoa. Obra honetan hiru hizkuntza erabiltzen dira: euskara, gaztelania eta ingelesa (azpitituluekin).
- AZAROAK 8, OSTIRALA | MIÑAN (Artedrama konpainia). Ibrahima Balde Ginean jaio zen; baina, egun batean, amaren deiak etxea uztera behartu zuen, anaia txikiaren bila Europara joateko. Basamortua zeharkatu zuen, eta polizia, bahitzaile, mugalari eta abarrekin gurutzatu zen zeharkaldian. Afrikatik Europarako ibilbidean minak, egarriak eta goseak sorturiko sufrimendua ezagutu zuen. Miñan (anaiatxoa) Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da, Amets Arzallusek lehen pertsonan kontatua eta Artedramak antzerkira egokitua. Sambou Diaby aktore zumaiarra ikusiko dugu oholtza gainean, besteak beste.
- ABENDUAK 13, OSTIRALA | Almazenean (Txalo produkzioak). Erretreta hartzeko dagoen arduraduna (Iker Galartza) eta bere lanpostuan ordezkatuko duenak (Zuhaitz Gurrutxaga), ezinbestean, bost egunez lantokia partekatuko dute, itxuraz deus gertatzen ez den almazen huts batean. Bi langileen arteko harremana estutzen joango da eta amankomunean daukaten zera horrek lotuko ditu betirako: galtzaileen kontzientzia. David Desola idazle kataluniarrak atondu duen komedia zorrotz eta garratz honek lan munduan pairatzen den esplotazioaz eta kapitalismoaz hausnarketa egiten du. Antzerki-lan honek Hermanos Machado Saria jaso zuen.
Haur eta familia antzerkia:
Zumaiako txikienenek hiru antzezlan ikusteko aukera izango dute, haien irudimena suspertu eta entretenitzeko:
- URRIAK 27, IGANDEA | Atearen bestaldean (Hika teatroa). NESKA aurrera doa bidean, bere atearekin, izan zen bizitza eraikitzen duten oroitzapenez betetako ate-etxearekin. Berriro bizi nahiko lukeen bizitza, oraintxe bertan balitz bezala. Mendiak eta hiriak ibiltzen ditu, ibaiak eta basamortuak zeharkatu, itsasoaren barrenean galdu. Gaur, ordea, zain dago atearen bestaldean. Egun berezia du. Bere urtebetetze eguna. Atea jo dute?
- AZAROAK 24, IGANDEA | Zimurren artean kontukantari (Kontukantari konpainia). Ma oso lanpetuta dago azken aldian, eta amonaren etxean utzi du haurra. Nanuk, adi-adi entzungo ditu amonak zimurren artean ezkutatzen dituen istorioak, baina Kanutok zaunka etengo du jarduna: etxea miatzen ari zela, aitonaren txapela zaharra aurkitu du. Jakinduriaz betetako txapela. Kontzertu erako antzezlana da honakoa.
- ABENDUAK 30, ASTELEHENA | Azken festa (Tomaxen abenturak). 2024a Tomax eta Muxiren azken urtea izango da. Agur esateko, emanaldi berezia prestatu dute. Azken ikuskizun honetan, euren ibilaldiaren unerik barregarrienak eta ederrenak bildu dituzte.
Dantza:
Dantza emanaldi bat ere ikusi ahal izango dugu urriaren 25ean (ostirala): By ó Bu. Ez egotera hurbiltzea ikuskizuna, Yarleku-El punto gunea konpainiak sortutakoa. Mugimenduaren, trapezioaren eta hitzaren bidez, izaki beraren bi aldeen arteko elkarrizketa planteatzen duen ikuskizuna da. Elkarrizketa hau bere burua izan litekeen espazio batean kokatzen da, orekaz eta gogoetaz betea. Bere existentziari eta existitzeari uztearen aukerari buruzko elkarrizketa. "Zirkuko distopia, klabe surrealistan".
Albiste erlazionatuak
Kultura
- Jon Maiaren ikuskizuna udaberrira atzeratuko dute, eguraldiaren iragarpena dela eta 2024/09/19
- Itzurun hondartza antzoki bihurtuko du Jon Maiak irailaren 21ean, 'Kantu berri bat gara. Harri eta herri' ikuskizunarekin 2024/09/11
- Irailaren 9an zabalduko dute Forondako ikastaroetan izena emateko epea 2024/08/26
Zumaia bizitzeko da
- 'Zumaian euskararekin zer?' prozesuaren barruan partaidetza saioei ekingo diete urrian 2024/10/03
- Etiketa berdearen balioak soinean, 650 korrikalari eta boluntario mordoa ariko dira 15. Flysch Trail lasterketan 2024/10/01
- Merkataritza lokalak ekintzaile berrien bitartez berreskuratzeko dirulaguntza eskatzeko epea zabalik, urriak 11 arte 2024/09/27
- Prest dago plazerari buruzko ihes-gela 2024/09/26