Jaiak

Haurren tanborrada, San TelmotanZumaian, Oikian eta Artadin uste baino aldaketa gutxiagorekin ospatzen dira jaiak, aspalditik. Jai ugari ditugu herrian, eta horietako bakoitzak bere ezaugarri eta zapore berezia du.

Santelmoak, marinelen jantzi urdinez jantzita eta kresal usainaz blaiturik, jaiegun famatuenak ditugu. Egutegian saltoka doala argitu behar dizuegu, eta Pazko igandetik zortzi egunetara (beti astelehenean) ospatzen dela. Ahal baduzue, ez galdu herriko bandak «San Telmo Martxa» jotzen duen bitartean San Telmo ermitaraino egiten den prozesioa. Musika hau festetako ikur edo ezaugarria da. San Telmo eguna aipatutako astelehen horretan ospatzen den arren, festak aurreko asteburuan hasten dira, eta hurrengoan errepikatu. Honako hauek dira festa hauetako ekitaldi nagusiak: Kofradiako plazako dantzaldiak, Itzurun hondartzako zaldiak, helduen nahiz haurren danborrada, pilota partiduak, trainerilen estropadak, gazteen kontzertuak karpan, olarru zopa lehiaketa eta bertso saioak.

San Pedroko prozesioaSanpedroak ditugu festa nagusiak, nahiz eta, azken urteetan, herritarrek ez dioten eutsi San Pedro egunean trajea estreinatzeko ohiturari. Uda hasierako jai hauek beti izan duten handitasunari eutsi diote, eta ekainaren 29an dute beren egun handia. Honako hauek dira jai hauetako ekitaldi nagusiak: erraldoi eta buruhandiak, dultzaineroak, Musika Bandaren ekitaldiak, herri kirolak, haur parkea eta su artifizialak.

Oikian San Bartolome ospatzen da abuztuaren 24an. Baserritar giroko erromeri jatorrak dira jai horien ezaugarri nagusia. Halaber, herri kirolak eta bertso saioak ez dira inoiz faltatzen eta, gainera, bi urtetik behin antzinako «Oilasko bilketaren festa» egiten dute.

Aizkolariak ArtadinUdako Festak, lehen Aste Nagusia bezala ezagutzen genituenak, abuztu osoan zehar ospatzen dira orain. Egitaraua honako jarduera hauek osatzen dute: traineru estropadak; Etxabe Dinastiako pilota partiduak; talo, musika eta sagardoz bustitako euskal jaiak; berbena berezia; Koadrila Eguna... Gogoan izan, halaber, abuztuaren lehen hamaika egunetan zehar izaten dela «Nazioarteko Musika Jaialdia/Uda Musikala», eta, bertan, kontzertuak izaten direla egunero; besteak beste, Aita Mari zinema aretoan, Komentuan eta Parrokian.

Artadin, San Migel eguna ospatzen da irailaren 29an. Bertako sokamuturra, bertso saioak, herri kirolak eta oro har sortzen den giro goxoa ahaztezinak izango zaizkizu.

Honenbestez, festen zerrendarekin amaitzeko, honako hauek aipatu behar ditugu: maiatzean Estazioko sanpankrazioak, ekainean Alai auzoko jaiak eta uztailean Narrondoko sankristobalak.

 

Urteko jaien egutegia

 

Urtarrila

  • Errege magoen zamalkada

Otsaila

  • Inauterietako kartel lehiaketa
  • Inauteri jaiak (aldagarria)
  • Literaturako San Telmo Saria

Martxoa

  • "Euskara,bestela ez gara" hitzaldi zikloa

Apirila

  • San Telmo jaiak (Pazko Asteko asteburua)

Maiatza

  • Maiatza Dantzan
  • Geoparkeen Astea

Ekaina

  • Argazki lehiaketa (txuri-beltzean)
  • Alai auzoko jaiak
  • Eskulangintza feria
  • San Juan suak eta Eki jaia
  • San Pedro jaiak (ekainaren 29an)

Uztaila

  • Udako udaleku irekiak
  • Hilabete guztian zehar kaleko jarduerak: musika, dantza, antzerkia, ...
  • Udaleku Musikalak
  • Udako kirol ikastaroak
  • Kale ikuskizunak larunbatero
  • Udako kontzertu zikloa
  • Narrondo auzoko jaiak (San Kristobal, uztailak 10)

Abuztua

  • Uda Musikala (abuztuko lehen hamarkadan)
  • Udako jaiak: Euskal Jaia, estropadak, Gala gaua, koadrila eguna, etab.
  • Oikiako jaiak (San Bartolome, abuztuak 24)

Iraila

  • Zumaiako triatloia
  • Artadiko jaiak (San Migel, irailak 29)
  • Olarro Eguna (hirugarren larunbatean)

Urria

  • Flysch Trail mendi lasterketa

Azaroa-abendua

  • Xixili egunaren aitzakian, Musika Astea
  • Klarinete maratoia
  • Euskararen Astea
  • Gabon Jaiak
  • Bertsolari gazteen ekitaldia
  • San Silvestre lasterketa