1936ko gerran hildako Inazio Lopetegi Oliden oikiarra omentzeko ekitaldia izango da larunbat honetan

2023/02/21

12:00etan meza izango da Oikiako elizan, eta, jarraian, 13:00ean oroimen ekitaldia izango da eliz atarian. Jarraian Oikiako hilerrian hilobiratuko dituzte haren gorpuzkiak.

2022ko martxoan 42 gudari eta milizianoren gorpuzkiak aurkitu zituzten Bilboko Begoñako hilerrian. 1936ko gerran demokrazia eta Errepublikaren alde borroka eginda hil ziren, eta zortzi hamarkada luzez desagertuta egon dira horiek guztiak. Aurkitutako gorpuetako bat Inazio Lopetegi Oliden oikiarrarena zen ―aurkitutako 46 gorpuetatik oraingoz lau baino ezin izan dituzte identifikatu―.

Lopetegi 1937an hil zuten Artxandako batailan, Bilbon. Horren jakitun ziren gudariaren familiartekoak, baina hortik aurrera ez zuten bestelako informaziorik, ez zekiten non egon zitekeen haren gorpua. Oikiako Iparragirre baserrian jaioa zen, 1913ko apirilaren 6an. Zortzi anai-arreba ziren etxean (hiru mutil eta bost neska), zaharrenetan bigarrena bera.

Beharrezko tramite eta egiaztapenak egin ondotik, otsailaren hasieran, sei gudari eta miliziano horien gorpuzkiak familiartekoei itzuli zizkien, Gogora Institutuak antolatutako ekitaldian. Hori horrela, 85 urte eta gero, Oikiako hilerrian hilobiratuko dute Inazio, larunbat honetan bertan.

Hilobiratu aurretik, 12:00etan, meza eskainiko diote Oikiako elizan. Jarraian, omenaldia izango da eliz atarian. Familiartekoek eta Zumaiako Udalak herritar oro gonbidatu nahi du oroimen ekitaldian parte hartzera.