1.200 erosketa bono jaulkiko dituzte Udalak eta Gertu elkarteak, herriko saltokiak indartzeko
30 euroren truke 40 euroko balioa duten erosketa txartelak erosi ahal izango dituzte herritarrek azaroaren 16tik aurrera. Kanpainara atxikitu nahi duten establezimenduek azaroaren 11ko eguerdiko 12:00ak arte edukiko dute horretarako aukera.
Orain arte egindako ErrotaHerria kanpainen balorazioa positiboa positiboa izanik, eta herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiei beste bultzada bat emateko, udazkeneko bono kanpaina berria abiatu dute Udalak eta Gertu merkatari elkarteak. Zehazki, 30 euroren truke 40 euroko balioa duten erosketa txartelak jaulkiko dituzte. Herritarrek azaroaren 16tik aurrera erosi ahal izango dituzte bonoak, turismo bulegoan.
ErrotaHerriaren aurreko kanpainetan parte hartu dutenek ez dute berriro izena eman beharko, eta lehen aldiz kanpainara atxikitu nahi duten merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiek azaroaren 11ko 12:00ak arteko epea izango dute izena emateko. Horretarako, eskaera orria bete eta zumaiaelkartea@gmail.com helbidera bidali edo turismo bulegora eraman beharko dute. Establezimendu bakoitzak 5.000 eurora arteko salmentak egin ahal izango dituzte kanpainaren baitan, eta Gertu elkartekoak ez direnek ere parte hartu ahal izango dute bono sisteman.
OINARRIAK
IZEN-EMATE ORRIA
>> Epea: azaroak 11 (12:00)
>> Info+: zumaiagertuelkartea.eus
30 euro ordainduta, 40 euroko bonoa
Kanpainaren prestaketa lanak amaituta, herritarrek azaroaren 16tik aurrera erosi ahal izango dituzte erosketa txartelak, agortu arte. Turismo bulegoan egongo dira salgai: bonoen prezioa 30 eurokoa izango da, eta 40 euroko balioa duen txartela eskuratuko dute herritarrek, Zumaian bertan erabiltzeko. Txartel bakoitzak 10 euroko lau zati edukiko ditu, banaka edo batera erabiltzeko.
Herritar bakoitzak bi bono eskuratu ahal izango du, eta hori egiaztatzeko, bonoa erostean NANa edo identifikazio txartel bana erakutsi beharko da bono bakoitzeko.
Bonoak 2022ko azaroaren 16tik 2023ko urtarrilaren 6ra bitartean erabili ahal izango dituzte, kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan.
Herriko saltokiei bultzada
Pandemiak herriko komertzioetan eragindako kaltea arintzeko ErrotaHerria kanpaina abiatu zuen Udalak 2020ko maiatzean, Gertu merkatari elkartearekin elkarlanean. 150.000 euro bideratu zituen kanpainaren baitako bonoetara, eta herritarrei beharrei erantzuteaz gain, tokiko ehun ekonomikoa indartzea izan zuen helburu. Plan horrekin herriko establezimenduetan 450.000 eurora arteko inpaktu positiboa sortu zela kalkulatzen du Udalak.
Ekimenak harrera oso ona eduki zuela kontutan hartuta, Udalak beste 30.000 euro bideratuko zituen 2021eko ekainean, kanpaina berri bat egiteko; beste kanpaina bat egin zuen joan den maiatzean; eta orain, udazkeneko kanpaina abiatuko du. Aldi bakoitzean, herritarren ekarpenekin batera, bono kanpaina bakoitzak 100.000 euroko eragin ekonomiko zuzena eragiten duela kalkulatzen dute.
Halako neurriekin, Udalaren helburua da herriko ekonomia bultzatzea eta sustatzea, eta, bide horretan, herritarrei bertako merkataritzaren aldeko apustua egiteko eskatu diete bi erakundeek.
Albiste erlazionatuak
ErrotaHerria
- 1.000 erosketa bono jaulkiko dituzte Udalak eta Gertu elkarteak, herriko saltokiak indartzeko 2024/10/29
- 1.000 erosketa bono jaulkiko dituzte Udalak eta Gertu elkarteak, udaberriarekin batera herriko saltokiak loratzeko 2024/05/08
- 1.000 erosketa bono jaulkiko dituzte Udalak eta Gertu elkarteak, herriko saltokiak indartzeko 2023/11/13
- Merkatariei zuzenduriko bigarren bilera bat deitu du Udalak, Merkataritza arloko Plangintza Estrategikoa osatzeko 2023/01/10