14 genero indarkeria kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2021ean
14 kasu horietatik gizarte zerbitzuek 12 emakume artatu dituzte. Horiez gain, aurreko urteetako sei kasuren jarraipena egin da.
Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Berdintasun Sailak honako datuak bildu eta ondorio hauek atera dituzte:
-
Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek 14 genero indarkeria kasuren berri izan dute 2021ean. Iazkoaren bikoitza da kopurua.
-
14 emakume horietatik 12 artatu dituzte gizarte langileek, eta lehenago gertatutako beste 6 kasuren jarraipena ere egin dute.
-
Lau kasutan seme-alabak ere tartean egon dira. Horiek ere indarkeria matxistaren biktima zuzenak dira.
-
15 eta 60 urte bitartekoak dira erasoa jasan duten emakumeak. Indakeria matxistak ez du adin konkreturik, eta edozein emakumeri egin diezaiekete eraso. Askotan adineko emakumeen indarkeria kasuak ezkutuan geratzen dira, eta beharrezkoa da errealitate hori ere mahai gainean jartzea.
-
Erasoa jasan duten emakumeen eta erasoa egin duen gizonaren arteko harremanari dagokionez, zazpi kasutan ezkontidea, bikotea edo bikote ohia izan da erasotzailea; hiru kasutan pertsona ezaguna; eta lautan ezezaguna. Ikus daitekeenez, gehienetan emakumeek gertuko gizonengandik jasaten dituzte erasoak. Edonola ere azpimarratzekoa da aurreko urteko datuekin alderatuta ezezagunek egindako erasoen kopuruak gora egin duela.
-
Indarkeria mota: bik indarkeria fisikoa jasan dute, beste lauk indarkeria fisiko eta psikologikoa, lau emakumek indarkeri psikologikoa eta beste lauk sexu indarkeria.
-
14 emakume horietatik 11k jarri dute salaketa formala. Egindako kontzientziazio lanak eta emakumeen ahalduntze prozesuek egoera hauei aurre egiteko pausuak emateko bidean lagundu dute. Hala ere, egun oraindik eremu judizial eta polizialean hutsuneak daude eta asko dago egiteko.
-
Zumaiako Udalak nabarmendu nahi du gizarte zerbitzuen arreta jasotzeko ez dela beharrezkoa salaketa formala jartzea.
Datuok Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuen bidez jasotakoak dira. Ertzaintzaren datuen arabera, 8 izan dira kasuak, baina ez dute kasu horiek berdinak diren ala ez jakiteko modurik. Horrek adierazten du instituzioen arteko elkarlanean pauso asko daudela emateko.
Indarkeria matxistaren egiturazko izaera
14 kasuren berri izan dute Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetan, baina kasu bakarra asko litzateke. Are gehiago, indakeria matxista kasu gehienak ez dira instituzioetara iristen.
Zumaiako Udalak indarkeria matxistaren egiturazko izaera azpimarratu nahi du. Aipatutako kasuak kasu isolatuak izatetik urrun, emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio dira. Indarkeria matxista izeberg baten antzekoa da: erailketak ikusten ditugu, baina horren oinarria egunerokoan emakumeok bizi dituzten mila eraso ezberdinek osatzen dute.
Azkenik, indarkeria matxistari aurre egitea denon ardura dela nabarmendu nahi du Zumaiako Udalak. Emakumeak ahalduntzeko espazioak sortu eta subjektu aktibo gisa hartuko dituzten esku hartzeak bultzatzeaz gain, gizonek ere ardura hartu eta beren pribilejioen inguruan hausnartu dezaten ezinbestekoa da.
Guzti horregatik, Zumaiako Udalak azaroaren 25aren harira izango diren ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak, baita mugimendu feministak egun horretan bertan egingo duen elkarretaratzera ere.
Albiste erlazionatuak
Feminismoa
- Emakumeon* Etxeak sendo hasiko du ikasturte berria; hamabost jabetze eskola, bederatzi elkargune eta ekitaldi askorekin 2024/09/10
- Gizontasunaren inguruko hausnarketa tailerrak izango dira urritik abendura bitartean 2024/08/29
- Udal adierazpena, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean 2024/06/28
- LGTBIfobiaren aurkako eta sexu askatasunaren aldeko mezua agertu du Hezkidetza Foroak 2024/05/17
Berdintasuna
- 'Hirigintza inklusiboa, denontzako herria eraikitzeko tresna' hitzaldia eskainiko dute bihar arratsaldean Emakumeon* Etxean 2024/10/29
- Zumaiako Udalak Iruñeko erailketa matxista salatzera deitzen ditu herritarrak 2024/10/10
- Prest dago plazerari buruzko ihes-gela 2024/09/26
- Zumaiako Udalak azken erailketa matxista salatzera deitzen ditu herritarrak 2024/09/12