Emakume bakoitzaren behar eta egoeretara egokitutako erantzunak, indarkeria matxistaren askotariko formen aurrean

2025/11/05

Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren bezperetan Zumaiako Udalak eta Emakumeon* Etxeak kanpaina bateratua jarri dute abian. Helburua da indarkeria matxistak forma asko dituela ikusaraztea eta emakumeei gogoraraztea euren neurrira egokitutako baliabideak eta laguntza profesionala eskura dituztela Zumaian bertan.

P1280657.JPGAzaroaren 25erako aukeratutako aurtengo leloa argia da: “Indarkeria matxistak forma asko ditu”. Mezu horren bidez gogorarazi nahi dute indarkeria ez dela soilik fisikoa edo sexuala: indarkeria psikologikoa eta ekonomikoa ere maiz gertatzen dira, eta ondorio sakonak uzten dituzte emakumeengan eta haien seme-alabengan. Halaber, azpimarratu dute Zumaiako emakume orok behar duten horretarako Emakumeon* Etxeko ateak zabal-zabalik dituela. 

Helburua da indarkeria matxistak forma asko dituela ikusaraztea, eta emakumeei gogoraraztea euren neurrira egokitutako baliabideak eta laguntza profesionala eskura dituztela Zumaian bertan. Urtero bezala, azaroa osoan zehar hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak izango dira.

Kanpaina herriko kaleetan ikusiko da kartel, loneta eta pegatinen bidez, eta etxe guztietara bidaliko dute Emakumeon* Etxean eskaintzen diren zerbitzu eta baliabideen inguruko eskuorri informatiboa.

Harremanetarako eta larrialdietarako telefonoak

  • Emakumeon* Etxea (Zumaia): 📞 633 432 762 — aurrez hitzordua hartuta (telefonoz edo Whatsappez idatzita)

  • Eusko Jaurlaritzaren arreta-zerbitzua: 📞 900 840 111 — 24 ordu, 365 egun; doakoa eta anonimoa

  • 112 Larrialdiak

Emakume bakoitzaren erritmoa eta beharrak errespetatuz

Indarkeria matxistak forma asko ditu, eta, erroa berdina baldin bada ere, guztiz desberdina da egoera bakoitza. Horiek horrela, emakume bakoitzaren egoerak, denborak eta beharrak errespetatzea funtsezkoa da Udalarentzat eta Emakumeon* Etxearentzat. Horiek horrela, halako indarkeriak bizi dituzten emakumeentzat Emakumeon* Etxea erreferentziazko leku eta ate bihurtzen jarraitu nahi dute.

"Emakumeon* Etxea espazio segurua da: entzun, elkar lagundu eta lagunduta sentitzeko lekua", nabarmen du Maite Egaña berdintasun zinegotziak. Zumaiako emakume guztientzat "erreferentziazko gunea" izan dadin nahi dugu, eta "norbaitek indarkeria matxista jasaten ari dela uste badu, ateak zabal-zabalik" daudela gogorarazi. Gogorarazi du Emakumeon* Etxeak bi lan-ildo nagusi dituela: ahalduntzea da lehenengoa, eta indarkeria matxistaren prebentzioa bigarrena. Ekimen honekin eta esakintzen duten baliabide sortarekin bi helburuoi erantzuten diete.

Helburua ez da soilik indarkeria matxistaren ondorioei aurre egitea, baizik eta emakume bakoitzaren bidea eta erritmoa errespetatuz laguntza eskaintzea, baita ahalduntze indibidual zein kolektiboei bide ematea ere. 

Eskura dauden zerbitzu eta baliabideak

Emakumeon* Etxean emakumeek hainbat zerbitzu dituzte eskura:

  • Arreta eta informazioa, lehen harreratik orientazioa eta baliabide erabilgarrien inguruko azalpenak jasotzeko.
  • Bidelaguntza, banakako edo taldeko prozesuetan laguntza pertsonalizatua jasotzeko.

  • Aholkularitza juridikoa, banaketa, zaintza edo bestelako prozesuetan orientazioa eta babes juridikoa eskaintzen duena.

  • Arreta psikologikoa, egoera pertsonalak eta emozionalak modu seguruan eta gizatiarrean lantzeko.

  • Ahalduntze prozesuak, emakumeen autonomia eta bizitza-proiektuak indartzeko.

  • Beste zerbitzuetara bideratzea, beharrezkoa denean laguntza osagarria jasotzeko udal gizarte zerbitzuetara edo foru mailako baliabideetara.

Aratz Zearreta Emakumeon* Etxeko dinamizatzaileak gogoratu duenez, zerbitzu guztiak doakoak eta konfidentzialak dira, eta profesionalek emakume bakoitzaren denborari eta beharrari erantzuten diote. Berriro gogorarazi dute salaketa formala jarri ez duten emakumeek ere jaso dezaketela laguntza eta orientazioa, eta hori funtsezkoa dela konfiantza eta arreta soziala sendotzeko.

2025eko datuak: 25 kasu berri Zumaian

2025ean, Zumaiako Gizarte Zerbitzuetan eta Emakumeon* Etxean 25 indarkeria matxista kasu berri artatu dira; horiez gain, aurreko urteetatik datozen hainbat kasuri ere jarraipena egiten ari zaie. Kasu horietatik 14tan seme-alabak daude tartean —eta haiek ere biktima zuzenak dira—, eta emakume baten kasuan indarkeria bikarioaren adierazleak hauteman dira. Indarkeria guztietan gertuko pertsonen eskutik (bikote, bikote ohi, senar edo familiako kide) etorri da, eta emakumeen adin-tartea oso zabala da (0 urtetik 65era), bizitzako etapa guztietan gertatzen dela erakutsiz.

Indarkeria psikologikoa da kasu guztietan presente dagoen forma, baina bestelako indarkeria kasuak ere egon dira. 5 emakumek indarkeria fisikoa, 4 emakumek ekonomikoa eta 4 emakumek sexu-indarkeria pairatu dute; horietako batek haurtzaroan ere jasan zuen. Indarkeria ekonomikoa askotan banaketa edo seme-alaben kustodia prozesuekin lotuta dago, eta egoera horietan emakumeek laguntza juridikoa eta soziala jasotzen dute.

25 kasuetatik 8tan jarri da salaketa formala, eta Udalak nabarmendu du salaketarik jarri ez duten emakumeei ere laguntza eta orientazioa eskaintzen zaiela; horrek erakusten du oraindik indarkeria matxistari aurre egiteko sistemak hobetzeko eta horietan duten konfiantza sendotzeko beharra dagoela.

Maite Egaña berdintasun zinegotziak gogorarazi duenez honakoak aurten identifikatutako kasuak dira. Hau da, Emakumeon* Etxeak zein Gizarte Zerbitzuek aurreko urteetatik datozen kasuak lantzen eta emakumeei arreta ematen jarraitzen du.

Azaroa, indarkeria matxistaren aurkako hilabetea

A25-KARTELOROKORRA (1).jpgAzaroa osoan zehar ekitaldi mordoa izango dira Zumaian: hitzaldiak eta formazio saioak, zein aisialdi ekintzak. Azaroren 25ean bertan, ohikoa denez, protesta ekitaldia egingo du Zumaiko Mugimendu Feministak. Udalak eta Emakumeon* Etxeak ere bat egingo dute deialdiarekin, eta herritarrei dei egiten diete parte hartzera.

Azaroak 13, osteguna

18:30 “El relato de las mujeres: una revolución” hitzaldia, Cristina Fallarásen eskutik, Emakumeon* Etxean. 2017an #MeToo mugimendua abiatu zenetik, emakumeek iraultza baketsu bezain erradikala egin dute. Beraien bizitzak eta hitzak erabiliz, milioika emakumek orain arte indarkeria matxistatzat (eta bereziki sexu indarkeriatzat) jotzen genuena irauli zuten. 2018an Cristina Fallarasek #Cuentalo traola jarri zuen martxan. Harrezkero, testigantzat biltzen dihartu, eta kontakizun komun hau osatzen ari diren milioika emakumeri ahotsa ematen.

Azaroak 18, asteartea

Batxilergoko ikasleekin indarkeria digitala lantzeko tailerra Emakumeon* Etxean.

Azaroak 19, asteazkena

18:30 “Aquí se hace lucha” film laburra eta solasaldia, El salvadorreko Tokiko Garapenerako kolektibo feminista (CFDL) eta Euskal Fondoaren eskutik, Emakumeon* Etxean.

Azaroak 20, osteguna

11:30 antzerkia, DBH3 eta 4 hartuta, bi eskolatakoak, Aita Marin. Bakarrizketa: “Ez dakizu nola tratatu?”. Alara konpania.

18:30 “Después del patriarcado” laburmetraia, Malen Etxea elkarteak antolatuta, Emakumeon* etxean.

Azaroak 25, asteartea

Herri eskolako DBH1eko ikasleek: “Harriaren mintzoa” antzezlana, Aita Mari zineman. Hiru saio: 10:30, 12:30 eta 17:00.

Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna. Mugimendu Feministak antolatuko du manifestazioarekin bat egingo du Udalak. 19:00etan Beheko plazatik hasita.

Azaroak 26, asteazkena

18:30 “Las poderosas” antzerkia, Emakumeon* Etxean. Las Poderosas Teatro Guatemalako konpainia artistiko bat da, eta arte eszenikoak erabiltzen ditu haurrak, gazteak eta emakumeak sentsibilizatzeko, osatzeko, gizartea eraldatzeko eta ahalduntzeko tresna gisa. Aktoreak maien komunitateetako emakumeak dira, xinkak, garifunak eta mestizoak, eta antzerkiak haien bizitzak eraldatu ditu.