1931-1936ko udalbatza: Zumaiako demokraziaren lehen urratsak
Berriki omendu du Zumaiako Udalak 1931-1936ko udalbatza. Garai historiko hark Zumaiako lehen udal demokratikoa ekarri zuen, eta mugarri izan zen herriaren historia politikoan. Dokumentu historikoek, oinordekoen testigantzek eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen ikerketa-lanek ezinbesteko ekarpena egin dute garai hartako historia osatzeko. Ondorengo kontakizuna Javi Buces Aranzadiko ikerlariak osatu du.
1931ko apirilaren 12an udal-hauteskundeak egin ziren Espainian, eta hauteskunde horien ondoren Bigarren Errepublika ezarri zen. Zumaian, apirilaren 15ean eratu zen udal berria, EAJko sei zinegotzik eta bost errepublikanok osatua. Victoriano Arrate Loiola izan zen alkate; Juan Arratibel Larrañaga lehen alkateorde eta Benigno Arrieta Larrañaga bigarren alkateorde izendatu zituzten.
Javi Buces Aranzadiko ikerlariaren hitzetan, udalbatza hura mugarri izan zen Zumaiaren historian: "Zumaiako lehen udal demokratikoa izan zen. Lehen Errepublikan ez baitzen horretarako astirik egon, eta hau izan zen frankismoaren aurreko bakarra".
Garai hartan, beste udalerri batzuetan eskuineko alderdi kontserbadoreek zuten ordezkaritza nagusia. Zumaian, ordea, udalbatza abertzaleek eta errepublikanoek osatu zuten. 1931ko hauteskundeetako emaitza ofizialek ere udaleko 11 eserlekuen banaketa hori jasotzen dute.
Udalbatza berria eratu zen egunean bertan, gainera, Euskal Errepublika aldarrikatzeko eta gainerako lurraldeetan sortuko ziren errepublikekin konfederazio bat osatzeko eskaera onartu zuen Zumaiako Udalak. Juan Arratibel Larrañagak eta Victoriano Arrate Loiolak, hurrenez hurren, alderdi errepublikanoaren eta abertzaleen ordezkari gisa aurkeztu zuten proposamena.

1931ko apirilaren 15eko udal akta liburua.
Udalbatza kargutik kendu zutenekoa
1933an, Espainiako egoera politikoa aldatu egin zen, eskuineko gobernua iritsi baitzen agintera. Bucesek azaltzen duenez, garai hartan aurreko urteetan eskuratutako zenbait askatasun eta eskubide murriztu ziren, eta udal demokratikoetako zinegotziak beren karguetatik kentzen hasi ziren, haien ordez gestora administratiboak ezarriz.
"Ardoaren estatua" delakoaren inguruko auzia erabili zen horretarako. Bucesen arabera, arau horren bidez alkoholaren gaineko zerga arindu zen, eta horrek udalaren diru-sarrera iturri nagusietako bat murriztu zuen. Egoera hori baliatu zuten zinegotzi demokratikoak kargutik kendu eta eskuineko ordezkariek osatutako gestora ezartzeko.
1933tik 1936ra, beraz, ez zen udal-hauteskunderik egin. 1936ko otsailean egindako hauteskunde orokorretan Fronte Popularrak irabazi ondoren, 1931n hautatutako zinegotziek beren karguak berreskuratu zituzten. Horrenbestez, Bucesek azpimarratzen du 1936ko udalbatzako kideak 1931ko hauteskundeetan demokratikoki hautatutako ordezkariak zirela.
Gerra eta udal demokratikoaren amaiera
Udalbatza berriro lanean hasi eta hilabete gutxira, ordea, Gerra Zibila iritsi zen Zumaiara. 1936ko irailaren 21ean tropa frankistak herrian sartu zirenean, ordura arteko udalbatza kargutik kendu zuten eta udalaren jarduera demokratikoa eten egin zen. Zumaiako Udalak aurten egindako omenaldiaren harira azaldu duenez, ordura arte agintean zegoen alkatea eta zinegotziak beren karguetatik atera zituzten.
Ondorengo errepresioak ondorio pertsonal eta ekonomikoak izan zituen udal ordezkarientzat. Javi Bucesek azaldutakoaren arabera, gehienek isun ekonomikoak eta ondasunen enbargoak jasan zituzten. Gutxienez hiru zinegotzi —Victoriano Arrate, Alejandro Lartigue eta Manuel Urruzuno— kartzelan egon ziren, eta lau zinegotzik erbestea bizi izan zuten.
Aranzadik Zumaia 1936-1945 ikerketan jasotako dokumentazioak, esaterako, Victoriano Arrateren kasua ere dokumentatzen du: 1936an Zumaiatik alde egin, eta mugaz bestalde, Miarritzera erbesteratu zen, eta 1943an gerra ondorengo prozesu judizial baten barruan auzipetu zuten.
1936ko irailaren 21ean tropa frankistak Zumaiara iritsi izanak, beraz, 1931ko hauteskundeetatik sortutako udalbatza demokratikoaren ibilbidea eten zuen. Udalbatza hura ez zen beste udal-hauteskunde batzuen bidez ordezkatu, diktadurak ezarritako udal-antolakuntzak baizik.
Hala, 1931ko udalbatza Zumaiako historiako lehen udal demokratikoa eta frankismoaren aurreko azkena izan zen. Bost urteko ibilbidean, Errepublikaren ezarpena, udal-autogobernuaren aldeko aldarrikapenak, 1933ko kargugabetzea, 1936ko itzulera eta, azkenik, Gerra Zibilak eta frankismoaren ezarpenak ekarritako udal demokratikoaren amaiera bizi izan zituen.



