Zumaiako Udalak 1931-1936ko udalbatzako kideak omendu ditu
Ekitaldian, orduko udal ordezkarien senide eta oinordekoek parte hartu zuten, eta 1931ko udalbatza osatzen zuten hamaika kideen izenak jasotzen dituen oroigarria jarri zen udalbatza aretoan. Gaur dira 90 urte tropa frankistak Zumaian sartu zirela.
Zumaiako Udalak 1931n eratutako udalbatza errepublikanoaren alkate eta zinegotziak omendu zituen atzo, haien memoria berreskuratu eta herriaren izenean aitortza egiteko. Ekitaldian, orduko udal ordezkarien senide eta oinordekoek, udal ordezkariek eta herritarrek parte hartu zuten.
Ekitaldia 1936ko irailaren 21ean tropa frankistak Zumaian sartu zireneko 90. urteurrenaren bezperan egin da. Klezmer Quartet klarinete laukoteak ekitaldia ireki ondoren eman zituen azalpenak Iñaki Ostolaza alkateak: 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpearen ondoren Gerra Zibila hasi zen, eta tropa frankistek Gipuzkoan aurrera egin ahala, ordura arte indarrean zeuden erakunde demokratikoak desegin zituzten. Zumaian, 1931tik udal gobernuan zegoen udalbatza kargutik kendu zuten, eta alkatea eta zinegotziak beren karguetatik atera zituzten.
1931ko udal hauteskundeen ondoren eratutako udalbatzak Victoriano Arrate Loiola zuen alkate, eta harekin batera aritu ziren Juan Arratibel Larrañaga, Benigno Arrieta Larrañaga, Leon Esnal Alberdi, Martin Elorriaga Gomez, Gabriel Betondo Ostetxe, Zacarias Arrizabalaga Urdanpilleta, Sotero Azpeitia Orbegozo, Eduardo Zubia Egaña, Alejandro Lartigue Larrañaga eta Manuel Urruzuno Agirrezabalaga.
Udaletxeko koadroaren historia
Omenaldian egindako hitzartzean garai hartako koadro baten historia ere aipatu zuen alkateak. 1931n, udalbatza aretoan zintzilikatzeko margolan bat egitea erabaki zuten, eta eztabaida sortu zen bertan zer irudikatu behar zen. Azkenean, Gernikako Arbola eta Bizkaiko Batzar Nagusiak agertzen zituen irudia egitea erabaki zuen Victoriano Arrate orduko alkateak, eta Errepublika irudikatzen duen emakume bat ere bai, Zumaiako armarria duela.
Koadroak, ordea, historia luzea izan du. 1936an tropa frankistak Zumaian sartu zirenean desagertu egin zen, eta diktadurak iraun zuen bitartean Francoren erretratua egon zen lehengo udaletxeko pleno aretoan. Urte batzuk geroago, erretratua kentzera joan zirenean, haren azpian beste koadro bat zegoela ohartu ziren: 1931n egindakoa, hain zuzen ere.
Atzoko ekitaldian, koadroa berriro pleno aretoan zintzilikatu zen. Garai hartako udalbatza eta Zumaiako historiaren zati baten lekuko izan zen margolana udalbatza aretoan izango da aurrerantzean.
Senide eta oinordekoen aitortza
Ekitaldian gogora ekarri zuen Ostolasak, halaber, 1934an udalbatza kargutik kendu zutela, eta 1936an, Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi ondoren, aurreko udal ordezkariek beren karguak berreskuratu zituztela. Juan Arratibel eta Benigno Arrieta, ordea, ordurako Zumaiatik kanpo zeuden eta ez ziren Udalera itzuli. Gainerakoek 1936ko irailaren 21era arte jarraitu zuten karguan.
Omenaldiaren barruan, udalbatza hartako kide bakoitzaren inguruko dokumentazioa eman zitzaien haien senideei. Aranzadi arduratu da txosten horiek osatzeaz. Ondoren, 1931ko udalbatza osatzen zuten hamaika kideen izenak jasotzen dituen oroigarria zintzilikatu zuten pleno aretoan udal taldeetako bozeramaileek, gaur egungo zein etorkizuneko udal ordezkariek eta herritarrek duela 90 urteko udal ordezkarien izenak eta historia ezagutzeko helburuarekin.
Ekitaldiaren amaieran, Zumaiako Udalak eskerrak eman zizkien bereziki orduko udal ordezkarien senide eta oinordekoei, ekitaldian familiaren memoria herriarekin partekatzeagatik. 1931-1936ko udalbatzako kideen izenak eta memoria, aurrerantzean ere, Zumaiako Udalaren parte izango dira.



