Bigarren Errepublikako azken udal korporazio demokratikoa omenduko du Udalak

2026/09/04

Irailaren 20an izango da oroimen ekitaldia, udaletxeko pleno aretoan, eta herritar guztientzat irekia izango da. Tropa frankistak Zumaiara sartu zirenetik 90 urtera, Bigarren Errepublikako udal korporazioa omenduko du Udalak.

Zumaiako Udalak 1931n eratutako udalbatza eta 1936ko altxamendu militarraren ondorioz kargutik kendu zituzten udal ordezkariak omenduko ditu irailaren 20an, tropa frankistak Zumaian sartu zirenetik 90 urtera. Ekitaldia 12:00etan izango da, udaletxeko pleno aretoan, eta herritar guztientzat irekia izango da.

Omenaldia alderdi guztiek adostua da, eta haren bidez, garai hartako udal ordezkarien memoria aitortu nahi da. 1936ko uztaileko altxamendu militarraren ondorioz, Zumaiako Udalaren jarduna eten egin zen, eta, tropa frankistak herrian sartu ondoren, ordura arteko udalbatza kargutik kendu zuten. 

Ekitaldian, Victoriano Arrate Loiola alkatearen eta 1931n harekin batera izendatutako hamar zinegotzien memoria gogoratuko da: Victoriano Arrate Loiola, Juan Arratibel Larrañaga, Benigno Arrieta Larrañaga, Leon Esnal Alberdi, Martin Elorriaga Gomez, Gabriel Betondo Ostetxe, Zacarias Arrizabalaga Urdanpilleta, Sotero Azpeitia Orbegozo, Eduardo Zubia Egaña, Alejandro Lartigue Larrañaga eta Manuel Urruzuno Arrizabalagarena, hain zuzen. Haien izenak jasoko dituen oroigarri bat ere aurkeztuko da, eta aurrerantzean Zumaiako Udaleko pleno aretoan izango da ikusgai.

Gonbita senideei

Zumaiako Udalak, bereziki, garai hartako udal ordezkarien senideak gonbidatu nahi ditu ekitaldira. Bertaratzeko asmoa duten senideei aurrez jakinarazteko eskatu nahi zaie, ekitaldirako lekua gordetzeko, komunikazioa@zumaia.eus helbidera idatzita. 

Era berean, deialdia irekia da herritar guztientzat, eta Udalak zumaiarrak gonbidatu ditu oroimen historikoa berreskuratzeko eta garai hartako udal ordezkariei aitortza egiteko ekitaldian parte hartzera.