2010erako ordenantza fiskalak bere horretan mantenduko ditu Udalak
Atzoko udalbatzarrean onartu zen ordenantza fiskalak izozteko udal gobernuak egindako proposamena.
Datorren urterako ordenantza fiskalak bere horretan mantenduko ditu Udalak. Atzoko udalbatzarrean onartu zen ordenantza fiskalak mantentzea, eta beraz, ez da igoerarik izango Udaleko zerga eta tasetan. Joseba Azpiazu ogasun zinegotziak azaldu duenez, "bizi dugun krisi ekonomiko honetan, ez dugu uste bidezkoa denik karga guztia herritarrengan uztea". Beraz, bere horretan mantenduko dira 2010erako ordenantza fiskalak.
Hobariak eta penalizazioa
Ogasun zinegotziak azaldu zuenez, bere horretan mantenduko dira hobariak. Hala, %50eko hobaria izango dute Ondasun higiezinen gaineko zergan, Bizigune programan apuntatu dauden herritarrek. Famili ugariek ere abantailak izango dituzte zerga horretan: hiru seme-alabako familiei %50ean murriztuko zaie ondasun higiezinen gaineko zerga; lau seme-alabakoei %70ean; eta bost seme-alaba edo gehiagoko familiek %90eko hobaria izango dute.
Horiez gain, Babes Ofizialeko Etxebizitzetan bizi direnek ere abantailak dituzte eta baita elbarrituek ere.
Hobariez gain, aurten penalizazio bat gehitu zaie ordenantza fiskalei. Hala, etxebizitza hutsen jabeek ondasun higiezinen gaineko zergaren %50a ordaindu beharko dute. Etxebizitza hutsa definitzeko lau puntu hartu ditu kontuan udal gobernuak, ezaugarri horiek betetzen ez dituena izango da etxebizitza hutsa:
- Etxebizitza ohikoa izatea.
- Alokairuan dagoen etxebizitza izatea.
- Etxebideren Bizigune programan erregistratutako etxebizitza izatea.
- Familia edo inguruko kideren baten erabilera lagapena dagoenean.
Penalizazio horrek oposizioko zenbait alderdiren kritikak jaso zituen atzoko plenoan.
Informazio gehiago
2009 urteari begira onartutako ordenantza fiskalak hemen kontsultatu ditzakezu, eta hobariei buruzko informazio zehatzagoa jakiteko, berriz, klikatu hemen.



