2027rako ordenantza fiskalak onartu ditu udalbatzak
Udal Gobernuaren proposamenak %2,5eko igoera orokorra jasotzen du, prezioen igoeraren azpitik, herritarrei eskatzen zaien ahalegina ahalik eta neurritsuena izan dadin, udal zerbitzuen kalitatea eta finantza-oreka bermatuz. PSE-EEren babesarekin onartu dituzte 2027rako ordenantza fiskalak.
Zumaiako Udalbatzak 2027ko ordenantza fiskalak onartu ditu. EH Bilduren udal gobernuak aurkeztutako proposamenak PSE-EEren aldeko botoa jaso zuen iraileko ohiko udalbatzarrean, atzo, eta EAJ abstenitu egin zen. Datorren urtean, oro har, %2,5eko eguneraketa aplikatuko da udal zerga eta tasetan, azken urteetako prezioen igoeraren azpitik.
Proposamenaren atzean, azken urteotan Udalaren egoera ekonomikoa hobetzeko eta udal baliabideen erabileran efizientzia handiagoa lortzeko egindako lana dago. Unai Larrañaga Ogasun zinegotziaren arabera, neurri eta doikuntza horiei esker, udal kontuen egoera hobetu egin da, eta horrek aukera eman du datorren urterako eguneraketa mugatua planteatzeko, zerbitzu publikoen kostuek gora egiten jarraitzen duten arren.
Ildo horretan, proposamenak azken urteetan Udalak jarraitutako politika fiskalaren koherentziari eusten dio, udalaren finantza-oreka eta zerbitzu publikoen kalitatea uztartuz. "Uste dugu Udalak kostu horren zati bat bere gain har dezakeela, zerbitzuen kalitatearen eta herritarrei eskatzen diegun ahaleginaren arteko oreka mantenduz", adierazi zuen Larrañagak.
Aldaketa gutxi, egokitzapen zehatzak
Iazko ordenantzekin alderatuta, 2027ko proposamenak aldaketa gutxi jasotzen ditu. Tasa batzuetan ohiko eguneraketak egingo dira, zerbitzuen kostuen bilakaerara egokitzeko.
Era berean, udal zerbitzuek proposatutako hainbat aldaketa tekniko txertatu dira, batez ere ordainketa-epe eta -moduei lotutakoak. Helburua herritarren kudeaketak eta administrazio-tramiteak erraztea da.
Mugikortasunaren arloan, berriz, TAO sistemaren araudi berrira egokitzeko aparkaleku gune batzuen inguruko aldaketak jasotzen dira. Izan ere, Udal Gobernuak urriko osoko bilkurara eramango du aparkaleku sistemaren ordenantza berriaren proposamena.
Berrikuntzak hobarietan
Ordenantza berriek OHZren hobari sisteman ere aldaketa bat jasotzen dute. Foru araudi berriak familia monoparentalak eta familia-burua etxeko indarkeriaren edo genero-indarkeriaren biktima duten familiak familia ugariekin parekatzeko aukera ematen du hobariak aplikatzeko garaian.
Zumaiako Udalak aukera hori baliatuko du, eta neurri hori indarrean jarriko du. Larrañagaren hitzetan, "koherentzia eta justizia fiskaleko neurri bat da", eta Zumaiak "azken hobari hau indarrean jartzen aitzindari" izan nahi du. Neurri hori aplikatzea lortu du, eta horretarako Ogasun eta Berdintasun sailen arteko elkarlanean protokolo bat garatu du, hobaria eskuratzeko beharrezko informazioa datu pertsonalen babeserako berme guztiak errespetatuz kudeatu ahal izateko.
2027rako ordenantza fiskalek azken urteetan Udalak defendatutako norabideari eusten diote: udal kontu orekatuak eta efizientzia handiagoa, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuz eta herritarrei eskatzen zaien ahalegina ahalik eta neurritsuena izanda.



