Hiru udal ordenantzaren aldaketak onartu dituzte urriko osoko bilkuran

2026/10/30

Lokalak etxebizitza izatera aldatzeko ordenantza, aparkaleku sistemaren ordenantza eta udal etxebizitza tasatuak arautzen dituena eguneratu dituzte. Araudia eguneratzeko, etxebizitza eskuratzeko aukerak zabaltzeko eta aparkaleku sistema egokitzeko helburuarekin proposatu ditu aldaketak Udal Gobernuak.

Udal Gobernuak hiru ordenantzaren aldaketak proposatu ditu urriko osoko bilkuran: hirugarren sektorera bideratutako lokalak etxebizitza izatera aldatzeko ordenantza, udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen ordenantza eta aparkaleku sistemarena. Aldaketen helburua da araudia eguneratzea, etxebizitza eskuratzeko aukerak zabaltzea eta udalerriko aparkaleku- eta zirkulazio-sistema egokitzea.

Argi Yeregi Hirigintza zinegotziak azaldu zituen osoko bilkuran aldaketa nagusiak. Lokalak etxebizitza izatera aldatzeko ordenantza udal talde guztien babesarekin onartu zen: proposatutako aldaketa nagusien artean da lokalak etxebizitza bihurtzeko prezio-indizea 1,5etik 1era jaistea, babes sozialeko etxebizitzen prezio-indizea aplikatzeko. Alokairuari dagokionean, % 2,5a aplikatuko da. Neurriaren bidez, lokalak etxebizitza bihurtzeko aukera espekulazio-helburuetarako erabiltzea saihestu nahi da. Era berean, Udalak erosle bat proposatzeko aukera izango du, beti ere, ordenantzak aurreikusitako baldintzetan.

Etxebizitza tasatuen ordenantza, eskatzaile gehiagori aukera emateko

Etxebizitza tasatuen ordenantzaren aldaketa nagusia diru-sarreren mugak egokitzea izan da, herritar gehiagok etxebizitza tasatuak eskuratzeko aukera izan dezaten.  Gutxieneko diru-sarreren muga 30.000 eurotik 15.000 eurora jaitsi da, eta gehieneko muga 59.568 eurora egokitu da.

Bestalde, esleipen-prozeduraren inguruko xehetasun batzuk kendu dira ordenantzatik, ondorengo oinarrietan zehaztea praktikoagoa dela iritzita. Halaber, etxebizitza tasatuak Udalaren eskatzaileen zerrendaren arabera esleitzeko aukera ireki da. 

Ordenantzak EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoak jaso zituen osoko bilkuran, eta EAJ abstenitu egin zen. Jeltzaleen desadostasun nagusia erroldatze-baldintzari buruzkoa izan zen. Izan ere, gutxienez bost urtez jarraian Zumaian erroldatuta egotea edo hogei urteko epean, etenekin bada ere, gutxienez hamar urtez erroldatuta egon izana proposatu zuten. Udal Gobernuak, aldiz, bi urtez jarraian edo hamar urteko epean, etenekin bada ere, bost urtez erroldatuta egotea proposatu du. Gobernuaren arabera, baldintza horiek betetzeak adierazten du eskatzaileak Zumaian bizi proiektua garatzeko asmoa duela.

TAOren ordenantza eguneratua, datorren urtetik indarrean

TAOren ordenantzak oposizioaren abstentzioarekin egin du aurrera. Datorren urtetik aurrera aplikatuko da aparkaleku sistemaren laugarren aldaketa jasotzen duen ordenantza.

Yeregik azaldu zuenez, TAOren hiru epealdiak bitara murriztuko dira. Udako epealdia ekainetik irailaren amaierara arte luzatuko da, eta gainerako hilabeteetan neguko araudia aplikatuko da. Neguko epealdian ere, TAO sistema indarrean egongo da asteburuetan.

Aparkalekuei dagokienez, Txomin Agirren dauden 35 aparkalekuak eta Amaia plaza ondoko hamabost plazak TAO sistemaren barruan mantenduko dira; gainerako aparkalekuak bertako bizilagunentzat gordeko dituzte. Beraz, aparkaleku gehiago izango dira bertakoentzat: aurrez aipaturikoez gain, Arranplan 42, Txomin Agirre kaian (zinemaren parean) 25 eta Axular ibiltokian 56.

Ordenantzak, halaber, zirkulazioa mugatzeko sistemak ezartzeko aukera aurreikusten du Paolbidean eta Larretxon, Alde Zaharrean eta Ardantzabiden. Horrez gain, kongestio uneetan Udaltzaingoak Zubitxikian zirkulazioa mugatzeko aukera izango du, orain arte hartzen ziren neurriak oinarri juridiko batekin babesteko.

Azkenik, Mugikortasun Planean jasotakoari jarraituz, oinezkoen lehentasunezko gunea Erribera kaletik Alde Zahar osora zabaltzea aurreikusi da. Eremu horretan, besteak beste, 10 kilometro orduko abiadura-muga ezarriko da.

Jeltzaleek proposatutako neurrietako bat ere jasoko du ordenantza eguneratuak: Alde Zaharreko autopilaketak ekiditeko, GKN pareko aparkalekuak errotazio ertainekoak izatea, eta Axular bertakoentzat gordetzea. Udal Gobernuak begi onez ikusi zuen osoko bilkuran, eta behar den alegazioa aurkeztu ondoren sartuko du aldaketa ordenantzan. 

Udal kudeaketarekin lotutako gaiak eta hiru mozio

Zenbait kreditu aldaketaz gain, bi mozio onartu zituzten aho batez urriko ohiko udalbatzarrean. 

> Udal adierazpena, Azaroaren 25a dela-eta
> Zumaia ere esnatu adierazpena

Albiste erlazionatuak