90 neurriko Gobernu Plana, legealdi berrirako mapa
"Bi oinarri sendo, eta egiteko bestelako modu baten gainean" eraiki dute Gobernu Plana. Herritarrekin hartzen duten konpromisoaren erakusle dela ere azaldu dute, eta bizitzekoda.zumaia.eus webgunean egingo dute neurri eta proiektu horiek guztien jarraipena.
Iñaki Ostolaza Esnal Zumaiako alkateak eta Argi Yeregi Egaña hirigintzako zinegotzi eta alkateordeak eman zituzten azalpenak joan den asteazkenean, Alondegiko Oxford aretoan. "Bizitzeko moduko Zumaia" eraikitzen jarraitu nahi dute, eta, horretarako, 90 neurri eta proiektu zehatzek osatzen duten zerrenda prestatu dute.
> bizitzekoda.zumaia.eus
Askotariko ekimen eta proiektuak bildu dituzte Gobernu Planean. Batzuk epe luzekoak edo erronka estrategikoei erantzuten dietenak dira: etxebizitza politikak, mugikortasun ereduan aldaketa, zaintzaren gaiari lotutako erronkak, edota energia trantsizioa aipatu zituen Ostolazak. Epe motz edo ertainean, aldiz, hurrengo ekimenak jarriko dituzte martxan: Komentuko Kultur Topagunea, Beheko plaza inguruko estalpe berria eta Erkiberen lorategia plazarekin lotzea, Mariantongo haur parke estali berria, edota kiroldegiko berritze lanen hasierako pausoak, besteak beste. Ikusi neurri guztiak hemen.
"Erronka handiak ditugu eskuartean, eta hurrengo urteetan asko aldatuko dugu Zumaia", azaldu zuen Yeregik. Baina herritarra protagonista den hirigintza eredua sustatuko dutela azpimarratu zuen. "Eta zer esan nahi du horrek? Bada, alde batetik, proiektu handi horiek guztien arteko kale eta bideak zainduko ditugula, bizitza horietan gertatzen delako; eta, bestetik, herritarren eguneroko bizitzak hobetzeko neurriak hartuko ditugula, oztopo arkitektonikoak ezabatuz edota haur parkeetan aldaketa txikiak eginez, adibidez".
> bizitzekoda.zumaia.eus
Zumaia bizia eta bizigarria
Gobernu Plana norabide orokor baten baitan kokatu dutela zuten Argi Yeregi Egaña hirigintzako zinegotziak. Joan den legealdian zehaztutako Zumaia bizitzeko da leloaren barruan dauden gidalerroei eutsiko diete aurrerantzean ere. Haren esanetan, "oinarri horiek aldatuz doaz pixkanaka, guztiok ere ikasten ari garelako, lehen ikusten ez genituen gauzak ikusten hasten garelako". Irakurri hemen azalpenak modu xehean.
Hori horrela, bi oinarri edo helburu orokorri erantzuten diete proiektu guztiek, eta "bestelako egiteko modu batean" jarraituko dute lanean legealdi berrian ere. Batetik, "bizitzeko moduko Zumaia nahi dugu, bizigarria, bizitza duinak posible egingo dituena. Eta horretarako ezinbestekoa da neurri eta politika sozialak oinarrian jartzea: etxebizitza politika irauliz, tokiko ekonomia indartuz, ingurumena babesteko neurriak hartuz, edota zaintzaren gaiari helduz". Horretaz gain, ordea, Zumaia bizia eta hezitzailea eraikitzen jarraitu nahi dute, euskaraz biziko dena: "garapen pertsonal eta kolektiboa sustatuko duen herria nahi dugu, hezkuntza, kultur eta kirol jardueren bidez pertsonak eta komunitateak hazten jarraitu dezaten".
Yeregiren arabera bi lerro horiek izango dira hurrengo urteetako lanaren bi zutabe nagusiak. Gainera, guzti hori “herritarrekin batera, gertutik, parte hartzeari garrantzia emanez eta feminismoa moduko politika transbertsalak aplikatuz" egingo dute. Guztien ahotsak kontutan hartuko dituztela nabarmendu zuen, "behar denean ahots horietara gu geu gerturatuz". Izan ere, "haurren, adinekoek, desgaitasunak dituztenek, emakumeek... eta bestelako bazterreko ahotsak beharrezkoak dira guztiontzako moduko Zumaia egiteko".
Ateak zabalik
Ostolazaren arabera, ateak "zabal-zabalik" izango dituzte. "Literalki diot, alkate bulegoko ateak parez pare zabalik izaten baititugu; udaletxera datorren orok du alkatearekin hitzordua hartzeko aukera, eta guzti-guztiak hartzen ditugu", zehaztu zuen. Hori horrela, herritarrek kezka, ideiak eta proposamenak funtsezkoak direla nabarmendu zuen. Orain arte bezala zumaiar guztiekin, auzokideekin eta elkarteekin batera jarraitu nahi dute lanean.
Zentzu berean, gobernantza eredu berrietan sakontzen jarraituko dutela zehaztu zuen: "Emakumeon* Etxean martxan jarri den eredua oso baliagarria da, eta bertako irakaspenak erabiliko ditugu sortuko ditugun beste proiektuetan ere".
Lanerako mapa eta herritarrekiko konpromisoa
Ostolazaren esanetan, bi dira Gobernu Planaren funtzioak. Batetik, iparra ez galtzeko tresna da, "mapa moduko bat". Haren esanetan, "eguneroko martxan aurreikusi gabeko lan mordoa iristen da, egoerak bultzatuta edota herritarren eskaerak tarteko. Plan honek aukera ematen digu norabidea ez galtzeko, eta gure helburuei begira lanean jarraitzeko".
Bestetik, Gobernu Plana zumaiarrekin hartzen duten konpromisoa dela azaldu du. Ostolazaren arabera “kontratu moduko bat” da, eta garrantzitsutzat jo du herritarrek proiektuak ezagutu ez ezik, hauen gaineko betetze-mailaren kontrola izatea ere. Bete asmo dituzten neurrien zerrenda bizitzekoda.zumaia.eus webgunean jaso dute.
> bizitzekoda.zumaia.eus
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Zumaiako euskararen historia soziala jasotzen duen ikus-entzunezkoa aurkeztu dute Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak 2024/11/29
- Jostailu erakusketa egingo dute asteburu honetan Ludotekan 2024/11/27
- Zumaiena ikastetxearen ondoko pasabidea seguruagoa bihurtzeko eskuhartzea egin du Udalak 2024/11/27